[Uztaritze iraultza garaian XVI] Salaketak
Salaketak –
Michel Duharten “Ustaritz au temps de la revolution” liburuaren itzulpena
Hala ere, Uztaritzeko errepublikar fier batzuentzat Udaletxea epelegia zen eta gogotik petizioak igortzen zizkieten haien eskaerak errezebitzeko oso prest ziren ordezkarieri. Horrela, 1793ko urriaren 3an, euskaraz eta frantsesez erabaki hau publikatua izan zen:
«Uztaritzeko udalerriko herritar on batzuen salaketen araberan, Baionan bizi zen pertsona susmagarri oste bat, hemen etxe finkorik ez izan arren, Uztaritzen jarri da eta printzipio okerrak zabaltzen ditu… Populuaren ordezkariek erabakitzen dute delako herritarrek hemendik alde egin beharko dutela erabaki hunen publikatzetik 24 orenen buruko»[1]
Erabaki horrengatik susmaturiko jendea atxiloketaren mehatxu pean zegoen eta aterbetzen zuena 300 liberako isunaren mehatxu pean. Urriaren 27an, gaur desagertutako Heraitze Simonenea etxeko Jean Gestasek, etxean zeuzkan ez deklaratuak aski fite urrundu ez zituenak, isuna pagatu behar izan zuen eta dirua Udalerriko pobreen artean banatua izan zen.
Ikusi bezala bazen Uztaritzen patriota talde bat zeinaren errola baitzen Iraultzaren martxari eragozpen egiten zion guzia salatzea.
Elkarte[2]
1793ko azaroaren 2an, errepublikar haiek Baionako galtzagabeen elkartekideei iragarri zien beraiek ere Klub bat eraiki nahi zutela Uztaritzen. Nola ez zuten biltokirik, buruan zuten interes gabeko aristokrata baten etxea. Alabainan, honek espainiolak herrian sartuko ziren orduko, haiei esker denak urkaraziko zituztelako mehatxua[3] egin zien. Ezdakigu zuzen nor zitekeen interes gabeko aristokrata hura, beharbada Haitze anaietarik bat, edo, segurkiago, Pierre Harriet.
1793ko abendoan, Coutanceau fraide ohiak, Baionako galtzagabeen Elkartearen lekendakariak, 36 kideko Elkarte Herrikoia sortu zuen Uztaritzen bertan zegoen egonaldi horretan, Monestierri idazi zioen :
«suntsitu zituela 18 mendeetan zehar xarlatanak eta hipokritak debaldetan asentatzen entseiatu ziren zentzugabekeria guziak»
Ondikotz Coutanceauk amesten zuen. Hasteko, 1794ko apirilean, Ezohiko Komisioak kondenatuko zuen gilotinatua izaitera eta gehiago dena berak bildu uste izan zituenhautazko errepublikar horiek fanatikotzat agertuko ziren haiek ere. 1794ko uztailaren 2ko Pineten eta Cavaignacen erabakian dugu froga :
«…nola ezin argiago den arribista bihurriek eta Marat sur Niveko[4]Elkarte herrikoiaren kudeatzaile pesta bat antolatuz Prairialaren 21erako, alegia, Decadiren biharamunerako egutegian, superstizioan markatutako erregimen zaharreko Pesta Berri azpiz ospaarazi nahi izan diotela populuari …agintzen dute[5]… »
Hobendun fanatikoak presondegira botaiak izan ziren.
Pinet aspaldi danik konbentzitua zegoen ez zuela Herri honetan herritarrik aurkituko bere xedeetan lagunduko zuenik. Hau da 1794ko urtarrilaren 25eko erabakian adierazi zuena :
«Pays Basque deitutako herri honetan, hain guti dira patriotak nun ezinezkoa den Udaletxe iraultzalariak sortzea… ez baldin dugu behintzat haien kopurua tipitzen hainbat Udalerri elgarretaratuz…Uztaritzeko distriktak bakezko jujerik ez dauka, funtzio ohoragarri hau zeukana Salhako Pierre Harrietek Espainara ihes egin duelako eta, bere gaistaginkeriak eta izen gabeko trahizioak frogatu dutelako ez zela bere herrikideen fidantziaren duin …»
Konkluzioa emaiteko, Pinetek erabaki zuen Jatsuko, Larresoroko eta Uztaritzeko Udalerriak elgarretaratuko zirela Uztaritzeko Udalerriaren izenpean, Jean Marithurryauzapez berriarekin eta Jean Martin Munduteguy Bakezko juje berriarekin[6].
1794ko martxoaren 3ko erabakia. Deportazioak[7]
Munduteguy ez zen luzaz egon funtzio horretan. Pineti gustatu zitzaiolako. Honek eitu zuen 1794ko martxoaren 3an[8]erabakiz sortu eta jadanik aipatutako Ezohiko Komisio ikaragarriaren lehendakaria izaiteko. Komisio horrek «zital» deklaratu zituen Sarako, Itxasuko, Azkaingo Udalerriak, agintzen zuen haien biztanle guzien deportazioa bai eta ere Ezpeletako, Ainhoako eta Zuraideko Udalerrietako jende susmagarri guziena. Hiru mila euskaldun, gizon, emakume, haur eta agure, baino gehiago elgarretaratuak izan ziren, batez ere Uztaritzeko Elizan, eta, orgatraka baldintza lazgarrienetan eremanak Landesetako, Gerseko eta Lot et Garoneko departamenduetara nun deus ez baitzen prestatua izan haiek errezebitzeko.
Horietarik 1600 baino gehiago dohakabe hil ziren, hotza, gosea eta eritasunak zirela eta. 1795ko martxoan, oraindik bizi zirenek etxera itzultzeko baimena izan zutelarik, beren ontasunak anartean arpilatuak eta suntsituak izan zirela konstatatu behar izan zuten. Munduteguy Ezohiko Komisiotik libratua izan zen exodo horren komisario antolatzaileetarik bat izaiteko. Gertakari tragiko horien ondoren, saratarrek egindako petizio baten arabera, iduri luke beretzako onura zerbait atera zuela funtzio triste horretatik, batez ere, bereganatuz bahitutako kabalen parte bat.[9]
Bere burua horrela ezagut arazi ondoren, 1794ko abuztuan, beti Pineti esker Munduteguy Donostin zegoen. Hango Udal etxeko eta Zaintzako Komisioaren kudeatzaile izendatua izan zen, lekuko Justizia sunsitua izan eta, haren funtzionariak Baionara presondegiratuak izan ondoren. Alta donostiar hauek frantsesak errezebitu zituzten askatzaileak izan balira bezala, Madrideko[10]Gobernua hasarrearazten zutela. Pineten politika zentzugabeak behar zen guzia egin zuen donostiarrak ideiaz kanbia arazteko. Konbentzioko komisarioa portatu zen bere usaian bezala. Zer nahi apaiz eta aurkari presondegiratu zituen, Elizak sistemakoki arpilatu zituen, biztanlei eta Udaletxei isun erraldoiak inposatu zizkien, utzi zituen tropak bortxakeria ikarragarrienak egiten. Munduteguyk bere nausia aktiboki lagundu zuen gaizkeria horietan eta zurrumurruek ziotenez, ez eiki zuen ahantzi harrapakinen bere partea hartzea.
Marithurry «Marat sur Nive»ko auzapez
Uztaritzen, Herriaren desbataiatzea eta Marat sur Nive arrabataiatzea zan zen, Jean Marithurri auzapez berriaren lehenbizilo ekimena
«izen horrek feudalismotik deus ez izan arren»
Pinetek Marat alderako egiazko debozioa zeukalako. Bestetik Udal etxea hertsiegia eta inkomodosa biltzeko aurkiturik, Uztaritzeko Udal etxe berria lehenagoko Auzitegian egitea erabaki zuen.
Lekuz aldatze hura ez zen segituan egin ahal izan batimendu zaharrean egin behar ziren konponketa lanen gatik eta anartean bilaldiak egin ziren Salhan, Pierre Harriet Juje ohiak bere ihesean abandonatu behar izan zuen etxe hartan.
Marithurryrekin, Uztaritzen, hasiko zen agindu segida luze bat biztanlegoan gizon horren beldur izigarria sor araziko zuena. Beldur hori untsa bazekien eta iduriz horrekin jostatzen zen. Behin herritar batek sobera nabarmenki agurtu omen zuen karrikan eta Marithurrykgaldera bota zion :
« Agurtzen nuzu, beldurrez ala jendetasunez [11]?»
Iduriz bere funtzioa hartzerakoan ez zuen anka sartze bat baizik egin, hau da, Hiribehere Joanistoreneko Jean Detchegoyeni zibismo agiri bat eman ziolarik. Izan ere, Pinetekhorrela deskribatu zuen Detchegoyen Udal kontseilari ohi hura:
« Aristokrata deliberatua, gizon biziki susmagarria eta danjerosa »
Horrelako beste anka sartzerik gehiago ez egin arren, halaere 1794ko maiatzaren 13an lengoaren gatik gostatu zitzaion behin behineko funtzio eten bat.
[1] MD : Artxibo nazionalak AF II 1020
[2] BC «société populaire» testuan
[3] MD :Baionako Udaletxeko artxiboak. Elkarte herrikoiaren deliberamenduak I I II25
[4] MD : Uztaritzeren izen berri iraultzalariek inposatua.
[5] MD : Albert Darricauk aipatua « scenes de la terreur a Bayonne » 1903.
[6] BC «juge de paix» testuan.
[7]BC : «deportations» testuan
[8] Egutegi iraultzalariko « 13 ventose an II » testuan
[9] Izaitez, kabala horiekin Munduteguyk ordaindu zituen Uztaritzeko zenbait laborari errekisizioak edo galerak pairatu zituztenak armadarentzako garraioetan. « Thermidor »en ondotik, eskuz aldatze horiek sortu zuten auzi segida bat kabale aurreko eta ondoko jabeen artean.
[10] Goñi Galarraga « La Revolucion fracesa en Pais vasco » en El Historia del Pueblo vasco ( San Sebastian 1979)
[11]MD : Louis Dassance Dassance ganik aditu zuen Eugene Goyhenetchek errana.
“Pinet aspaldi danik konbentzitua zegoen ez zuela Herri honetan herritarrik aurkituko bere xedeetan lagunduko zuenik” irakurtzen dugu.
Pinetek pentsatzera emaiten digu ezin ekidinezko arribista eta traidore batzuen laguntza interesatuaz aparte Lapurtarren portaera orokorra erresistentzia pasiboa zela.
Alde batetik indarren disproportzioa erraldoia zen eta bestetik emaiten du frantziarrekin alderatuta lapurtarrak nahikoa pazifikoak zirela. Izan ere, mugako milizia menturaz folkloriko batean parte hartzeaz aparte iduri luke lapurtarrek eskubidez ez zutela parte hartzen nafarrek bezala Erresumaren kanpoko gerletan.
Pineten dezepzioa da lapurtarren erresistentzia pasibo horren seinalea. Beste nunbait iiduritzen zait konpreniturik frantsesek nahiago zituztela nafarrak erroldatu eta erabili lapurtarrak baino, adibidez Espainiako gerlan.