[Uztaritze iraultza garaian XI] Apezeriaren Juramentua 1791ko otsailean

Apezeriaren Juramentua 1791ko otsailean –

Michel Duharten “Ustaritz au temps de la revolution” liburuaren itzulpena

Alabainan, Uztaritzeko Erretorearentzat etorriko zen «Egiaren orena»: Publikoaren aurrean egin behar zuen Errepublikari buruzko fidelitatearen Juramentua, zeinak berez erran nahi baitzuen ez zuela gehiago onartzen Aita Sainduaren autoritate ezpirituala.

Apezeriaren Juramentua 1791ko otsailean
Arg: Adrualdo Campos

1791ko otsalaren 6an igandearekin 10 orenetako mezatik landa, Herriko kontseiluaren eta elizatiarren aurrean, Jean Descos apaizak delaratu zuen prest zela Juramentu zibikoa egiteko bainan «murrizketa edo salbuespen» batzuekin.

Orduan Munduteguyk erantzun zion horrelako juramenturik ezin zela errezibitu.

Hiru bikarioek:

  • Salvat Frantchisteguy
  • Dominique Macary
  • Pierre Hiriart, Arruntzako elizakoa.

Erretorearen posizio bera aldarrikatu zuten.

Aldiz, Dominique Dithurbide[1]eta Salvat Dibasson Parropiako bi apez laguntzaileek[2], Juramentua zin egin zuten Legeak inposatutako hitzetan beretan.

Biharamunean, ihesaldi harrigarri bat gertatu zen Bailerri ohiaren presondegian. Martin Dihabek Auzapezari esplikatu zion arratsaldean zerbait egiteko izan zuela Hiribeheren, presoak utzi zituela bere emaztearen eta alabaren zaintzapean, eta, entzun zuela presondegiaren ezkilaren soinua ihesaldia iragartzen. Lasterka itzuli eta, bere emaztea aurkitu zuen larritua eta elgarretaratze bat Gazteluaren aurrean. Konstatatu zuen presoetarik hiruk zilo bat egin zutela lehen estaian beren ziegaren zoladuran eta eskapu egin zutela iparralderako murua zilatu ondoren. Alta muru horren loditasuna hiru oin eta erdikoa zen, ondikotz  mortairu txarrez egina zen, «hondarra bakarrik zaukalako eta kisu oso guti»

Presondegizainak eta biztanleek egindako bilaketa guziek ez zuten deus eman, iheslariak oinetan zituzten burdinek trabatuak izan arren.

 

Distriktaren kudeaketa Baionan

Auzitegia Baionara eremana izan ondoren, Uztariztarrek nahigabe beste bat  ezagutuko zuten: Oroit gaiten 1790ko otsailaren 26ko dekretuak Basses Pyrenees departamendua 6 distriktetan zatikatu zuela eta horietarik baten hiriburua Uztaritzen finkatu zuela. Alta Distriktaren Zuzendaritzaren kudeatzaileak Legearen kontra biltzen tematzen ziren Baionako Apezpikutegi zaharrean. 1791ko otsailaren 21an Herriko kontseiluaren aurrean oso gaitziturik zegoen Bernard Duhalde auzapezak egitate horiek berak gogora arazi zituen.

Partida aurretik galdua zen Uztaritzarrentzat, zeren bere notableetarik bi baionesen aldera pasatu baitziren:

Bata zen Martin Dibarrart Distrikta Zuzendaritzaren lehendakari ordea, zeinari buruz ondiko egunen batean Pinet ordezkariak idatziko zuen :

«Beti ibili da Iraultzaren bide xendran»

Bestea, bere aspaldiko kidea zen, Jean Martin Munduteguy, diruzain izendatua izan zena. Bitxi da alabainan ikustea zein fite azken honek arnegatu zuen duela oso guti hain suharki defendiatzen zuen kausa. Nola Auzitegia Uztaritzen egoitearen aldeko xapelduna, bapatean, bilakatu zen Baionara lekuz aldatzearen aldekoa, eta, hau tiletez tilet errespetaarazi hain maite zuen lege horren beraren aurka ?

Bilaldi horretan Prokuradoreak Auzapezari bortizki erantzun zion Departamenduko Zuzendariak nabarmen Baionaren soluzioaren alde zirela, ez zela gauza inportantea, biziki inportanteagorik bazela konpontzeko, batez ere oraindik jasoak ez ziren 1789ko zergen ordainketa eta irabazien laurdeneko kontribuzio patriotikaren ordainketa ere.

1791ko apirilaren 24an, bilera bat egin zen Herriko etxean auzapaiza gabe. Arrazoia zen aurreko abuztuan gertaturiko Santa Barbara muñoko ermitaren heriotza. Munduteguy  Prokuradoreak jakin zuen Arruntzako bikarioak, Herriko etxea abisatu gabe, ermita zenaren altzariak, ontzi sakratuak, trasteak, apaindurak eta abar leku ezezagun batera ereman zituela, Arruntza Pettitaeneko Martin Hayet zuela lagun lan horretan. Interesatuei kontuak emaiteko galdegina izana zitzaien, bainan, ez adituarena egin zuten. Orduan Munduteguyk exigituta, Herriko-ofiziariek bi kasko gogor hiriei agindu zieten kaperan ager zitezen faltarik gabe. Buruz buru horretan agertu zen Santa Barbarako kapera erabat hustua izan zela.

Arruntzako Bikarioak agertu zuen sakristau lana egiten zuen Arruntzako Andere serorari eman zizkion altzarien eta pusken inbentarioa. Mubleria eskasa zen. Bazen batez ere zilarrezko patena bat. Bikarioak hitz eman zuen itzuliko zuela lehenbiziko galderan. Ostia untziari dagokionez, batere ez zakien omen nun zegokeen. Ofiziariek susmatu zuten Erretorearen eskuetan zela.

 

Kontribuzioak

Munduteguyk bere herrikidei etengabe oroitarazten zizkien haien eginbide zibikoak, hau da, haien zergak ordaindu behar zituztela. 1789koak ez ziren oraindik ordainduak izan : Horien kitatzeko 1791ko maiatzean 18an proposatu zuen egur hondakinak enkantean saltzea, bederen Distrikteko eta Departamenduko zuzendaritzek onartzen baldinbazuten. Gogora dezagun, Iraultzaren aintzinean, Parropiak berak zituela erabakitzen Herriko oihanetako arbol mozketak goragoko botere mailei baimenik galdegin behar izan gabe.

Kontribuzio Patriotikari dagokionez, hau da, urteroko 400 libera gorako irabaziaren  laurden harentzat, zeinaren Lapurtarren onarpenak Dominique Garat urguluz bete zuen, Munduteguy estonatzen zen nola bigarren partea ez zen aurreko hilabetean ordaindua izan aurreikusi zuten bezala :

«Ezin duzue ezkutatu badirela 400 libera gorako irabaziak dituztenak eta deklaraziorik egin ez dutenak. Badirela beste batzu gehiago dutenak eta behar zuten baino biziki gutiago deklaratu dutenak. Exigitzen dut egiaztapenak eta zergen kobratzeak eginak izan daitezen»

Azkenean, lur kontribuzioari dagokionez, zeinaren aplikazioaren oinarria eta neurria Herriko etxeek finkatu behar baitzituzten, Prokuradorea hasarretu zen dekretuaren testua jaso eta bi hilabeteren buruan Herriko kontseiluak ezbaitzuen oraindik ezer egin. Deitoratzen zuen Distrikteko hiriburuak zirkonzkripzioko beste udalerriei emaiten zien etsenplu txarra. Alta Munduteguy untsa zakien Uztaritzek ez zuela sekula bete ahal izan hiriburu funtzioa.


[1] MD : Dithurbide izan zan zen konstituzioko erretorea jarraian eta laburki, Ziburun  eta Hendaian. Aldiz phurgu Dorregaineko Dibasson Hazparneko Erretore izendatua izan zen. 1791ko urriaren 7an, D’hiriart prokuradore Sindikuak apuntatzen zuen 2 apaiz horiek kaik eskale bezala bihurtu zirela  «  Esamesa zital batzuek haietarik urruntzen zituztelako kofesatu edo komuniatu nahi zutenak » Departamenduko Artxibak 71.1

[2] BC : « prêtres habitués» testuan.  Parropian funtziorik gabe bizi ziren eta apeza laguntzen zuten haren lanean.

Apezeriaren Juramentua 1791ko otsailean
Apezeriaren Juramentua 1791ko otsailean

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Zer duzu buruan “[Uztaritze iraultza garaian XI] Apezeriaren Juramentua 1791ko otsailean”-ri buruz

  • Benat Castorene 2020-06-04 10:44

    1790ko urte hau garrantzitsua izan zen, orduan baitzen burutu zatiketa administratibo frantziarra gure Herriaren antolakuntza tradizionala eta kohesio etno-linguistikoak suntsitzen eta ordezten zituena. Parropiak eta probintzien ordez sortu zituzten komunak ( guti gora behera lehenagoko parropiak) kantoinak eta 6 distriktak departamendu baten barruan.
    Eraldaketa lan horren kudeaketan, bazen Erregeak eta Asanblada Nazionalak 4 pertsonez osaturiko komisio bat (Bouchporn Arrotz bat, de Huart eta de Macaye bi noble euskaldun eta de Pinsun biarnotar bat)
    Hasiera batean eta denbora labur batez Uztaritze utzi zuten ofizialki Lapurdi eta Baiona edukitzen zituen distrikta sortu berriaren hiriburua. Beharbada uztariztarrak kontsolatu nahi zituzten pairatu nahigabeengatik (probintzearen ezeztatzea, auzitegiaren galtzea, eta Baionarekin erakunde berean bortxaz bizi beharra…)
    Errealitatean iraultzalariek distriktaren zuzendaritzaren bilerak Baionan (katedralean) egiten zituzten zeren eta haiek eta Baionesek Uztaritzeren Hiri burugoa ez baitzuten sekula onartu Horrengatik dugu ikusten Bernard Duhalde horretaz kezkatzen . Geroxago distriktaren burua Uztaritzeri kendu eta eta Baionari eman Pauek hartu zuelarik departamenduaren burua.
    Bide nabar, erresistentzia ahultzeko, botere zapaltzaileak lanpostuak oparitzen zizkien gure traidorei, Dibarrart eta Munduteguy bezalako anitzi.
    Ulertzen bada Frantziak funtsean beti bilatzen duen helburua dela urtzea euskal nazioa frantziar nazioan, Iraultza denborako gertaldiak oro argitzen dira.