Itxialdiak ez gaitu itsutu

Itxialdiak ez gaitu itsutu –

Ia hiru hilabete hauetan beldurrak, ezjakintasunak eta segurtasun faltak konfinamendura bultzatu gaitu guztiok, baina itxialdian pasatako denbora ez da alferrikakoa izan.  Konfinamendu garaian eta orain bizi  dugun “normaltasun berrirako” bidean ikusitakoak ikusita, eta ikasitakoak ikasita, gero eta gehiago gara lehengo “egoera normalera” itzuli behar ez dugula pentsatzen dugunok.

Itxialdiak ez gaitu itsutu

Argi dago koronabirusa  ez duela kapitalismoak sortu, naturala delako, baina koronabirusa mundu mailako pandemia erraldoia bihurtzeko baldintzak kapitalismoak sortu dituela baieztatzeko ez dago zalantzarik. Kapitalismo patriarkala da gaixotasun asko pandemia bihurtzen dituena.

Ikusi eta ikasi dugu kapitalismoak mundu mailan antolatua duen fluxu komertziala izan dela koronabirusa pandemia bihurtzeko benetako AHTa. Txinan sortu zena, harreman komertzialak direla medio, ziztu bizian zabaldu zen Europar Batasunera eta Asiara. Handik Estatu Batuetara. Estatu Batuetatik Hego Amerika eta Ozeaniara. Eta, azkenik, munduko zonalde pobreenera, Afrikara.

Eta toki horietan guztietan kaltetuenak, klase sozial pobreenak, prekarioak, migranteak, langileak eta emakumeak izan direla ikusi eta ikasi dugu. Geografikoki eta sozialki, klase ikuspegiak ematen digu pandemiaren sarraskiaren benetako argazkia. Baina hori guztia izkutatu egiten digute kapitalistek kontrolatzen dituzten hedabide indartsuek.

Hori bai, bizitza eta natura erdian jartzen ez dituen egungo eredu sozioekonomikoak -eta berau zuzentzen duen klase politikoak- krisialdia behar den bezala kudeatzeko benetako gaitasunik ez duela ere ikusi eta ikasi dugu. Osasun krisialdiaren kudeaketa tamalgarria izan da eta izaten ari da, zalantzarik gabe.

Gu ia hiru hilabetetako konfinamendura kondenatu gaituzte, guretzat hobea zelakoan. Ordutegi itxiak jarri dizkigute, mugikortasuna mugatu digute eta baita maite ditugunak ere heriotzaren atarian bakarrik uztera kondenatu gaituzte. Eta protesta handirik gabe onartu dugu dena. Bukatzeko, neurri horiek bete ez ditugunean, isun gogorrak jartzea ere onartu dugu. Konfinamenduan ikusi eta ikasi dugu obedientziak nora garamatzan.

Eta nola lortu dute horrelakorik? Lehenik eta behin, gezur handi bat sinestarazi digutelako. Koronabirusak guztiok berdin kolpatzen gintuela esan ziguten, berdin aberatsak zein langileak ala pobreak, berdin Asian zein Europan ala Amerikan. Eta, ondorioz, guztiok bat eginik aurre egin behar geniola sinestarazi ziguten. Eta munduko gauzarik naturala balitz bezala, beraiek inposaturiko bidearekin bat egin dugu hiru hilabeteotan.

Baina hiru hilabete ondoren, bestelakoa da ikusten duguna. Pandemiak klase sozial guztiak zein munduko garapen egoera ezberdinak modu oso diferentean kolpatu dituela ikusi eta ikasi dugu. Nola gauzatu konfinamendua eta higienea, adibidez, miseria gorrian, etxe eta lanik gabe, ur garbi eta edangarririk gabe, munduan koronabirusaren erasoa pairatu duten bi mila milioi pertsonek? Nola sartu itxialdian egunero zerbait jateko kalera, eta baita zabortegietara ere, janari bila atera behar duten milioika lagun? Familia aberatsak ondo konfina daitezke beraien etxe edota txalet handietan, langile familia askok gorriak ikusi ditu, ordea, eta pobreenekk, berriz ere larrutik pagatu dute aberatsek finkatutako estrategia.

Eta orain zer?

Gero eta garbiago ikusten ari gara gainera datorkigun krisialdi ekonomikoa bizi izan dugun sanitarioa baino askoz ere kaltegarriagoa izango dela langile zein klase herritarrentzat. 2008koa kirisialdi ekonomiko finantzieroa izan zen. Oraingoa, aldiz, krisialdi finantziero berrira eramango gaituen ekonomia errealaren krisia baita, produkzioarena eta kontsumoarena, ez nagusiki espekulazioarena.

2008an zerbait ikusi eta ikasi bagenuen, zera izan zen: borrokarako antolatzen ez bagara, berriz ere langileok ordaindu beharko dugu faktura. Izan ere, Koronabirusak ez du kapitalismoa pikutara bidaliko. Guk, langileok eta sektore herritarrok, bota beharko dugu hankaz gora. Baina horretarako gaur arte izan dugun jokabidea errotik aldatu beharko dugu. Kapitalarekiko obedientzia alde batera utzi eta matxinada desobedienteari ekin beharko diogu.

Ez dugu ahaztu behar koronabirusaren pandemiari aurre egiteko Estatuek hartu dituzten neurri guztiak, baita askatasun sozial, zibil eta politikoen mugatze-suntsipena ere, gainera datorkigun krisialdi ekonomikoak eragin ditzakeen protesta sozialei aurre egiteko pentsatuak eta hartuak direla. Estatuak beren etorkizuna prestatzen ari dira, hau da, Naomi Kleinen Shock Doktrina berritzeko urratsak ematen hasiak dira dagoeneko.

Pentsatzekoa da mundu globalizatuaren krisialdi orokorrak lehendik ere ahulduta utzi zituen hainbat Estatutan, batzuek desagertutzat jotzen zuten klase borrokak inork espero ez duen neurria hartuko duela ondorengo hilabeteetan, mundu mailako efektu biderkatzailea martxan jarriz. Gogoan izan globalizazioaren pinpilinpauxaren printzipioa. Koronabirusaren aurreko bost urteetan munduko bazter askotan matxinada indartze bidean zegoela ez dugu ahaztu behar.

Horren guztiaren aurrean, Estatuek eta nazioarteko entitateek programa ekonomiko ezberdinak martxan jarri dituzte milaka milioiko inbertsioak sektore produktiboetan.  Programa ekonomiko horien bidez, diru publikoa berriz ere sektore pribatuen esku uzteaz gain, batik bat, bere burua babesteko asmoz ari dira. Estatuek beraien lurraldeetako lanpostuak hala nola “salbatu” egin nahi dituzte, krisialdia leuntzeko eta matxinada sozialak eztanda egin ez dezan. Eskuinak ere bide beretik jo du, Estatuaren interbentziorik gabeko merkatuaren autoerregulatze printzipioak egungo egoera larriagotuko lukeelako.

Eta halere, milaka milioi inbertitu arren, enpresa askok eta askok porrot egingo dute ondorengo hilabeteetan eta langabezia eta prekarietatea izugarri haziko da mundu osoan, kontsumoaren gutxitzearekin batera. Milioika lanpostu galduko dira munduan.

Horrek guztiak langile eta sektore herritarren protestarako eta matxinadarako beharra indartuko du etorkizun hurbilean eta  horrek izaera asistentzialaz gain,  izaera eraldatzailea nahiz iraultzailea  izango lukeen herri boterearen artikulazioa ekarri beharko luke.

Errealitate horren aurrean, mundu osoko arduradun politiko eta ekonomikoak kezkaturik daude. “Gerran gaude” esan dute behin eta berriro. Ez zaizkie ahaztu Estatu frantseseko Jaka Horien urtebeteko matxinadak edota munduko beste hainbat Estatutan duela oso  gutxi arte indarrean zeuden protesta sozial erraldoiak.

Euskal Herrian ere, mundu osoan bezalaxe, langileria, gazteria, emakumeak, pentsionistak, ekologistak, migranteak… zapaldu guztiok, martxan jartzen hasi gara berriro. Beldurra galdu eta kalera irteten hasi gara. Kapitalak finkaturiko estrategiarekiko obedientzia baztertu eta desobedientzia bideari eusteko urratsak emateko bidean jarri gara. Gure etorkizuna guk erabakitzeko aukera izan dezagun, soberanien aldeko borrokaldi berriak pizten ari gara.

Ez dugu “lehengo normaltasunera” itzuli nahi eta ezta kapitalistek eskaintzen diguten “normaltasun berrira” ere. Bizitza eta natura erdian jarriko dituen bestelako mundu bat nahi dugu. Basakeria ala sozialismoaren artean, gure hautua sozialismoarena da, Euskal Herrian eta munduan. Etorkizunaren inguruan mila zalantza ditugu, baina aspaldi ikasi genuen galtzen dena, borrokatzen ez dena dela. Zorionez, itxialdiak ez gaitu itsutu.

Joseba Alvarez

Ezker Abertzaleko kidea

Itxialdiak ez gaitu itsutu
Itxialdiak ez gaitu itsutu
Itxialdiak ez gaitu itsutu