Uxueko ermita, beste eskandalu bat

Uxueko ermita, beste eskandalu bat –

Uxueko ermita, beste eskandalu bat
La Blanca baseliza (Uxue).

Artzapezpikutzaren eta Uxueko Udalaren arteko epaiketan izan nintzen, non La Blancako baseliza eskatzen den, milurteko berriaren hasieran egindako inmatrikulazio masibotik libre gelditu zen bakarrenetakoa. Juan Maria Zuza abokatua eta Luis Javier Fortun historialaria izan ziren, beste behin, Artzapezpikutzaren defentsan aritu zirenak, ondasun publikoak bere egiteko duten grina lizunean.

Uxueko Udalaren argudioak sinpleak ziren: baseliza herri-lurretan dago, Udalak eraiki eta mantendu izan du antzinatik, eta giltza ere gorde izan dute, betidanik. Ugariak dira faktura eta akordioak udal aktetan; 1873an izandako berreraikitze lanena, berbarako. 

Artzapezpikutzaren defendatzaileek herri askotako katastroetan dagoen nahasteari heldu nahi izan zioten; azken lanak herritar “sinesdunek” egin zutela (auzolanetan era guztietako bizilagunek parte hartzen dutela ahaztuz) eta erlijio-ekitaldietarako zuela erabilera, “esklusiboki”. Nafarroako baseliza guztiak elizarenak zirela esan zuten, gezurretan, beraientzako azken juiziorik izango ez dela dakitenek baino egin ezin duten moduan gezurretan. Hain zuzen ere, udal arduratsuen esku gelditu diren baselizez inguraturik dago Uxue (Olite, Tafalla, San Martin, Garinoain).

Fortunek musturren aurretik pasa zigun bere kurrikulu akademikoa, baina sobera daki, edo jakin beharko luke bere tituluak merke azokan erosi ez baditu, Nafarroako elizak eta baselizak diru publikoz eta auzolanez eraiki zirela, sarritan derrigorrez gauzatutako auzolanez. Udalek, Kontseiluek edo Batzarreek erabakitzen zituzten lanak eta bizilagunek jarri beharreko diru kopuruak; aurrekontuekin zorpetzen ziren (sei urte egon zen Iruñea zezenketarik gabe San Ferminen kapera eraikitzeko); apaizak hautatzen zituzten, koadjutoreak, ezkilazainak eta eremutarrak; kanpaiak zenbat aldiz jo agintzen zieten ezkilazainei; erretaulak, apaingarriak eta patenak erosten zituzten, eta guztien inbentarioa egiten zen urtero, Udalek “beraien” elizetara bidaltzen zuten zinegotzi zindikoek eginak, eta inbentario horietan arropak ere agertzen ziren, kandelak, kandela-kondoak eta sagaratu zein sagaratu gabeko ostiak; zehaztasun harrigarriz. Eta hori edozein udal artxibategitan froga dezake, ez da Historian Doktore izan beharrik horretarako.

Ozarkeriaz aipatzen dute, ekin eta ekin, ondasun horien erabilera erlijioso “esklusiboan”. Jakina baita eraikuntza horiek makina bat erabilera izan dituztela: Batzuk defentsa eraikinak izan dira (Artaxona eta Uxue); orokorrean auzokideen arteko asanblada eta udal bilerak egiteko toki, udal diruzaintza eta artxibategi; hilerri; eskola eta haur-eskola; eta erabili izan dira musika gela eta kontzertuetarako ere. Baseliza oro erabili izan da behin edo behin ospitale, babestoki edo batzar bezala. Gure lurraldearen historia toki publiko hauetan gauzatu da. Ez daki guzti hau Fortun jaunak?

Herriak (herri handiak) eraikin berriak eraiki ahala (udaletxeak, eskolak, hilerriak, kultur-etxeak…) jauretxeak erabilera erlijiosoetarako uzten joan ziren, baina sekula ez modu “esklusiboan”, oraindik orain Nafarroa osoan froga daitekeenez. Eta erabilera horrek ez dio Elizari inolako eskubiderik ematen berarentzat har ditzan, medikuek ospitaleak beraien izenean inmatrikulatu ezin dituzten moduan, ezta irakasleek eskolak ere.

Uxueko ermita, beste eskandalu bat
Uxueko gotorlekua, Nafarroako Erreinuaren babesleku. Antzinatik dakigu Nafarroako Erregeek eta diputazioek bertan inbertitu zutela. 2006an 700.000 euro gastatu zituen Nafarroako Diputazioak, berritze lanetan. Urte horretan bertan bere izenean jarri zuen Artzapezpikutzak, 30 euro ordainduta.

Atentzioa gehien eman zidana oso gaztea zen epaileari egindako mehatxu subliminala izan zen, beste epaile gazte batzuk egin zutena ez egiteko gogorarazi ziotenean, lehen instantzian arrazoia herriei eman arren Nafarroako Justizia Epaitegi Gorenak zuzendu baitzituen gero epaiak. “Epaile andereñoa -esan zioten lerro artean- ez ezazu eskarmenturik gabeko zure kideek egindako akats bera egin, zure epaia atzera botako baitute, eta zure ibilbide profesionala kaltetu, epai guztiak Elizak irabazi ditu-eta”. 

Beste gezur bat, ondo ezagutzen baitituzte Huescako udaletxeen aldeko epaiak, edo Gorenean irabazitako Artáko kasua. Eta, batez ere, ezagutzen dute Europako Auzitegiaren epai zorrotza, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean babesten diren eskubideen “urratze jarraitu eta masibotzat” jo baitzituen inmatrikulazioak. Portugal eta Frantziako egoerarekin alderatzea baino ez dago espainiar eta euskal elizak egin duten lapurretaren neurria hartzeko. 

Baina Iruñeko Artzapezpikutzak argi du: bide judiziala erabiltzen du behin eta berriro, badakielako aliatu bat duela Nafarroako Epaitegi Gorenean, bere azpitik diren epaile guztien erabakiak baliogabetzen baititu, eta modu horretan Gorenera, Konstituzio Auzitegira eta Europara heldu arte auzitan jarduteko ahalegina egin ezin duten Nafarroako kontseilu eta herri txikiei asmoa burutik kendu. Nafarroako Epaitegi Gorenaren inpartzialtasuna da, Manadaren, ikurriñaren edo euskararen auzietan erakutsi izan duena, 3.000 ondasun inmatrikulatuz jabetzeko duten aliatu onena; lau milioi metro kuadro, erraz esaten da. Itxura penagarria Txiroen Jesusena, Nafarroak historian izan duen hiri ugazaba eta lurjabe nagusiak ordezkatua.

Baina herriek arma asko dituzte oraindik erabilgarri. Elizaren Aquilesen orpoa gure ondasunean gertatzen ari diren ehundaka hondamenak dira, konpontzen ez dituztenak, horretarako asmorik ere ez baitute diru publikoak erabiliz ez bada, beti egin izan den moduan. Prozedura erraza da:  Udaleko hondamen espedientea, konponketetarako epea, eta zigor jardunbidea. Ez baita arima, ez kontzientzia, ez arrazoia, ez bihotza, ezta barrabilak ere: sakela da Elizaren Hierarkiak duen organo sentikor bakarra. Jo ditzagun gehien mintzen dituen tokian. 

.

Erredakzioan euskaratua.

Uxueko ermita, beste eskandalu bat Uxueko ermita, beste eskandalu bat

Zer duzu buruan “Uxueko ermita, beste eskandalu bat”-ri buruz

  • Jose Mari:

    Azken boladan gero eta gehiago kostatzen zait misantropiari bidea moztu eta itxaropenari irekitzea.

    Zure lana gogoratzean eta honelakoak irakurtzean, ostera, baretu egiten naiz, hein batean behintzat.

    Eskerrik asko bihotzez etsipenaren ertzetik dabilen honen bizi-hauspo izateagatik…

    Segi segan!!!