Uruguai eta Loiolako kuartela

Loiolako kuartela

Loiolako kuartela

Mikel Legardak, EAJ-k Madrilen daukan diputatuak, galdera bat zuzendu zion Maria Dolores de Cospedal Defentsa Ministro berriari. Loiolako kuartelaren terrenoen ingurukoa zen itauna, dirudienez Donostiako Udaletxeak hirigintza proiektuak dauzkalako han bueltan. Cospedalek erantzun zuenaren arabera, Eneko Goia alkatearekin komunikazio kanalak zabaltzeko agindua eman dio bere departamentuari, baina gauzak oso garbi utzi ditu aldez aurretik: “Loiolako kuartela ezinbestekoa eta beharrezkoa da nazioaren defentsarako”.

Behin FAU-ko (Federación Anarquista Uruguaya) kide baten idatzia irakurri nuen, Uruguaiko armada zela eta. Uruguai hiru milioi biztanle inguruko herria da (geure populazioaren pare), eta bere mugakideak erraldoiak: alde batean Brasil, 205 milioi biztanle ingururekin; eta bestean Argentina, 43 milioiekin. MLN-ko Tupamaroek, edo anarkistek, edo herrialdea herritarren zerbitzura jarri nahi zuen edonork irabazi eta boterea eskuratu izan balu, Brasil eta Argentinako gobernu eta militarrek (edota gobernu militarrek) plan bat zeukaten diseinatuta bien artean herrialdea okupatu eta puntu zein azpiegitura estrategikoen kontrola hartzeko. Inbasioaren iraupena: 30-45 minutu bitarte. Herrialdea babestu nahi izan balu ere (eta ez zen kasua) Uruguaiko armadak ez luke aukera txikiena ere izango inbasio baten aurrean. Zein zen, orduan, bere izatearen funtsa? Barne etsaiaren kontrola, hots, uruguaitarren kontrola.

Uruguay eta Loiolako kuartela
Greba orokorreko irudia, 1973

Hori dela eta jo zuten estatu kolpea 1973ko ekainean Juan Maria Bordaberry presidentearen oniritziarekin, eta horrek eman zion hasiera 1985 arte iraun zuen diktadurari. Estatu kolpearen ondorioz inoiz egon den greba orokor luzeenetakoa ezagutu zuen Uruguaiek, 15 egunekoa. Militarrak kamioietan joaten ziren langile auzoetara, jendea etxetik tiraka atera eta fabriketara eramateko. Azpimarratu behar da Tupamaroen aktibitate esanguratsuena 1972 artekoa izan zela, urte hartan atxilotu baitzituzten Mujika, Zabalza, Huidobro, Sendic… MLN ia existitzen ez zela jo zuten estatu kolpea militarrek, demokraziaren izenean egiten zutena diktaduraren izenean egiten jarraitzeko. Urte horietan erresistentziaren abangoardia anarkistak eta bestelako langile antolakundeak izan ziren; eta armada, munduko armada gehienak bezala, barne etsaia zanpatzera dedikatu zen.

NATO, Europar Batasuna eta nik ez dakit beste zenbait akordioren parte da estatu espainiarra; ez zait okurritzen lurralde bakar bat munduan inbaditu nahiko lukeenik, eta are gutxiago San Luisek beste 100.000 seme izatea. Hori modaz pasa da. Orain troyka, TTIP, eta bestelako tresnak erabiltzen dira. Beraz, “”Loiolako kuartela ezinbestekoa eta beharrezkoa da nazioaren defentsarako” esaten denean, norengandik babestu behar da nazioa? Bistan dena, barne etsaiaz, tamalez (“barne” horregatik diot) gu.

Euskal Herriaren luze-zabalean dauzkagun herriei erreparatuz gero, ohartuko zarete kasu askotan (ala iruditzen zait niri) kuartelak ikasle edo langile gune handien aldamenean kokatzen direla. Ertzaintzak nire institutua izan zenera iristeko 30 segundo inguru behar ditu autoz, eta Guardia Zibilak minutu eskas Ordiziako Goierri Lanbide Heziketa Eskolara iristeko; horretaz gain ehunka langile dauden guneak hurbil daude oso, eta erdian CAF, milaka langile dauzkan tren fabrika. Leherketa gerta daitekeen erdigunea inguratuta (ikasleak eta langileak) eta tentsio fokuetatik minutura, badaezpada.

Armada hiriburuetan dago, jende gehien bildu eta ondorioz jende gehiago zelatatu behar den tokietan. Zain. Barne etsaiak egiten duenaren zelatan, zain. Hori baita beraien zeregina. 

Eta horrek, noski, galdera bat planteatzen dit, goizegi dela jakin arren. Euskal Herria, Uruguai bezala hiru milioi biztanlerekin; Uruguai bezala, askoz handiagoak diren bi bizilagunez inguratuta, edo irentsita; eta Uruguay bezala, egun batean independenteak bagina (batzuk ezinezkoa dela dioten arren eta besteek 2026rako bidean gaudela), armada bat beharko genuke? Zertarako? Zein litzateke bere helburua? Barne etsaiaren kontrola?

Loiolako kuartela

Arg: DV     

Loiolako kuartela

armada, Cospedal, defentsa, Donostia, Loiolako kuartela, tupamaroak, Uruguay
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude