Itzuli pendrivera, Laia Beitia

Itzuli pendrivera, Laia
Itzuli pendrivera, Laia

Aitor Artolaren desagerpena argitu gabe, oraindik, beste desagertu baten berri eman behar dugu: Laia Beitia. Lisa Beitia idazle ezagunaren ahizpa bikia. Bera ere egunkari pertsonal bat idatzitakoa, ahizparen Hemen ere ez bezain aipatua ez bada ere.

Laia desagertu zenean Euskal Literaturako  eleberri batean zegoen, aurten kaleratua. Ikerketa lerro guztiak irekita badaude ere, hipotesi nagusia da pendrive batean ezkutatuta ihes egin zuela, deskuidu batean. Ez da baztertzen ahizparekiko jelosi edo arrangura pertsonalengatik erabaki zuela ihes egitea, Lisa ahizpak eleberri horretan parte hartu behar zuela  profitatuz. Bere egunkari pertsonalaren oihartzun faltagatik izan, edo bera mundura umerik ekarri (edo ekartzen lagundu) gabea izateagatik.

Ezin eleberriaren egilea eta izenburua hemen aipatu, sumarioaren sekretua dekretatu baita, eta idazle hori bera baita susmagarri nagusia -aitortu ez badu, dagoeneko-. Bakarrik esan Donostian bizi dela, Txomin-Enea auzoan, Martuteneko kartzelaren inguruan. Eta futbol zalea dela, eta Realzalea.

Susmo eta sumarioetan sartuta, seinalatu kointzidentzia: Aitor Artolaren desagerpenaren susmagarri nagusia ere Lehen Mailako euskal idazle bat zen, eta hura ere Euskal Literaturaz baino futbolaz kezkatuagoa. Bartzelona taldearen gorabeherez.  Munduko futbol taldeen rankingean lehen postua galtzear -galdu ez badu, dagoeneko-, Real Madrilaren mesedean.

Itzuli pendrivera, LaiaHorrek eramaten gaitu  pentsatzera Euskal Literaturak agian ez duela -uste genuen bezala- Munduko Liga onenean jokatzen.  Nolanahi ere, desagerpen oldearen kasuan bezala, inportanteena da lasaitasuna mantentzea, eta diskrezioa, jendartean panikoa hedatu ez dadin. Ikaragarria litzateke jendeak Independentziarena bezalako eszenario apokaliptiko bat igartzea,  Futbol Liga kutre batekin, non Athletik Bilbao Bilbao Athletik izango zen, Reala Sanse, eta Eibar taldea Euskal Futbolaren ordezkaria Txanpionsen. Gure Aduriz eta Oiartzabal guztiak atzerrietako taldeetan fitxatuta, aulkitxoak berotzen.

Euskal Selekzioa ez legoke, jakina, Eguberrietako lagun arteko partida urrikalgarrietara mugatuta egongo. Baina  ez gaitezen engaina. Ez zen Eurokopa edo Munduko Kopa baterako inoiz sailkatuko, eta are gutxiago bigarren fase batera pasako. Aitor Artola edo Laia Beitia berragertzea edo Lisa Beitiak bigarren liburu bat idaztea bezain zaila litzateke hori.

Bitartean, Berriak eman berri du berria, desagertu berri bat dagoela, Durangoko Azokan: Mikel Goitia izeneko haurra. Norbaitek ikusten badu, Katedraleko informazio gunera eraman. Bertan daude gurasoak, desesperatuta, zain.

Itzuli pendrivera, Laia