Urtemuga anitza, baturik jokatzeko
Urtemuga anitza, baturik jokatzeko –
Enbata hilabetekariko sar hitza
Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren urteurrenak gogora ekartzeko urtea da aurtengo hau. Mende bat beteko da 6.000 euskaldunen heriotza eragin zuen Lehen Mundu Gerla bukatu zenetik. Tragedia hark ondorio politikoak ere izan zituen, Ipar Euskal Herriko euskaldunak oraino gehiago lotu zitzaizkiolako Frantziari.
1918 hartan, ordea, haize baikorragoek ufatu zuten Oñatitik. Euskal Herri osoko ordezkariak bildu ziren Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresuan. Erakunde nazional hark bultzaturik, Euskaltzaindia sortu zen ondoko urtean. Maiatzeko oldarraldi haizeek abertzale belaunaldi berri bat inspiratu zuten urte berean, aldiz, berriz ere Oñatin geneukan arreta gunea, han sortu baitzen euskara batua, 1968an.
1998ko leku sinbolikoa Lizarran zegoen. Bazuen bere gisako lotura Oñatirekin: Lizarrako herria izan zen Hego Euskal Herri osorako autonomia estatutuaren alde bozkatu zuen lehen herria, 1931n, eta –Oñatin sortu zen– Eusko Ikaskuntzak landu zuen autonomia testua.
1998an, Euskal Herri osoko alderdi, sindikatu eta erakundeek izenpetu zuten Lizarrako akordioa. Hark bide eman zion Euskal Herriko erakunde nazionalak sortzeko prozesuari.
Hogei urte, mende erdia eta mendea. Hiru urtemuga horiek badute gisa bateko lotura. Euskal Herriaren egituraketa eta batasunaren ardatzak izan ziren. Zentzu politiko sakona duten hiru gertakari.
Euskara batua da gure hizkuntzari izari politikoa ematea. Euskara batuari esker, badugu hizkuntza bat akademiarako, komunikabideetarako, literaturarako edota administraziorako balio duena, beste edozein estatutako hizkuntzen gisara. Euskara batua da euskara hizkuntza nazional bihurtzea; euskara batua da, Euskal Herriari zentzu politikoa ematea, bere hizkuntzaren bidez.
Lizarra-Garaziko akordioaren apustua zen herri honi batasun politiko eta instituzionala ematea. Argi zen Frantziatik eta Espainiatik ez zela etorriko Euskal Herriari boterea emanen zion aitortzarik. Beraz, guk eraiki behar genituen gure tresnak. Eta horrela, gainditu zen gure zatiketa administratiboaren logika.
Zorigaitzez, urteurren ilunagoak ere dakarzkigu gogora 2018ak, indar handia daukatenak gure herrian. 1978ko Espainiako Konstituzioa, Euskal Herriaren zati handi bati inposatu zitzaiona, oraino indar zapaltzaile ikaragarria duena. Handik etorri zen Nafarroa Garaia eta EAE bereiziko zituen egituraketa administratiboa. Gaur egungo planteamendu politikoetan, 1998ko Lizarrako akordioaren printzipioek baino indar handiagoa daukate 1978ko Konstituzioaren mugek.
Euskara batuaren prestigioa ere ez dago egoera hoberenean. Duela hamar urte lehertu zen, azkenik, oraino arras gainditu ez den krisi ekonomikoa. Espainia hankaz gora joan beharra zen. Espainiaren menpe bizitzea zama handi bat zela ulerrarazteko aukera paregabea ikusi zuten anitzek. Gaur egun, ordea, independentismoa sekulan baino ahulago dago. Ez krisiak, ez Kataluniak, ez logika asimetrikoak ez dute balio izan askatasun egarria hauspotzeko.
Balia dezagun, beraz, urtemuga garrantzitsuak urte berean gogora ekarriko dituen urte hau, oinarri batzuk oroitarazteko: herriak behar du bere hizkuntza nazionala eta behar ditu bere erakunde nazionalak; politikoki baturik jokatu behar du.
Horrek ez du erran nahi euskalkiak baztertzea, ez eta ere tokian tokiko agenda politikoei eta errealitateei uko egitea. Batasuna ez da uniformea izatea. Baina gutxieneko batasunik gabe ezin da herri bat askatasunaren bidera eraman, ezin zaio herri bati izaera politikorik eta nazionalik eman. Herri zatitu bat ez da herri indartsu bat, ez eta ere herri motibatu bat.
…
Eneko Bidegain – Enbata.info