Azkenean, lortu dugu, aita!

Azkenean, lortu dugu, aita! –

Azkenean, lortu dugu, aita!

Azkenean, 6 urteren buruan, bada ere, Donostian zuk egindako lan mardularen nolabaiteko aitortza herritarra da Antiguako Gaskuña Plazan Mikel Herrerok eginiko oroimen horma irudi ederra. Gorka Erostarbe kazetariak esan duen moduan, “ofiziala da iristen ez den aitortza”.

Azkenean, lortu dugu, aita!
Argazkia: Irutxuloko Hitza.

Emozioz beteriko unea izan da Antiguara nola bueltatu zaren ikustea, Txillardegi baserri-etxearen lur sailetara, zuk bultzatu zenuen Euskara Batuaren 50. urteurrenean. Zirraragarria izan da lagun askoren artean pasa dugun unea. Tristeena zera da, Donostiako Udaletik ezarri dizuten betoa zeharkako bideak erabiliz gainditu behar izan dugula, eta Txillardegi Udal Liburutegia herri ekimenak egin duen lanari esker ez balitz, ahanzturaren bidean zokoratuta edukiko zintuzketela oraindik. Milesker sei urteotan herri ekimen honen dinamizatzaileak zareten Fito Rodriguez, Dani Goñi, Martin Anso, Josu Tellabide eta Jexux Arrizabalagari.

Zer egin duzu, bada, horrela tratatua izateko? galdetu zuen Dani Goñi euskaltzaleak bere iritzi artikuluan. Ezagutu zintugunok badakigu nolakoa zinen, gizon ona, eta bizitza osoan Euskal Herriarekin kezkatuta eta haren alde etenik gabeko lanean. Zenbat lan egin zenuen!!! Jakin aldizkariak egin duen bildumaren arabera, 25.000 orrialde lana utzi zenigun idatzita. Hori guztia inork ezin du ukatu, ezta zure arerioek ere, eta horregatik ezin dugu ulertu nolatan Donostiako Udalean dauden zinegotzi batzuk (EAJ, PP, PSE) zure ekarpena gutxiesten duten. Horretarako zilegitasuna al dutela sinisten al dute?

Frankismo garaian ETAko sortzaileetako bat izan zinela diote eta egia da. Gure herriaren historia behar bezala ezagutuko balute, eta informazio partzialetik haratago joko balute, jakingo lukete ETA zer izan zen, benetan, sortu zenuten garaian eta zergatik sortu zenuten. Onintza Odriozolaren doktore tesia irakurtzea besterik ez dute ETA mugimendua zer izan zen jakiteko. Bi esalditan: “(ETAk) Abertzaletasun berri bat ekarri zuen, arraza alboratu eta euskalduntasuna naziotasunaren oinarrian jarri zuen” eta “Mugimendu haren guztiaren eraginez, ezkutuan eta lozorroan zegoen mundu abertzalea azalera atera zen pixkanaka”. Eta denok dakigun moduan, aita izan zen ere ETAren borroka armatuaren zikloa amaitu beharra zegoela publikoki esan zuen lehenengoetariko bat.

Zorionez, horrelako argudioen gainetik, jende askok ikusten du zure lanaren balioa, kulturgintzan dabiltzan hainbat eragilek, idazlek eta baita herritarrek ere. Donostiako udalean inoiz jabetuko al dira?

Bitartean familiaren aldetik gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Txillardegiren horma irudiaren inaugurazioan parte hartu duten Ibon, Sarasola, Joxe Manuel Odriozola eta Beñat Gaztelumendiri. Eta baita ere, nola ez, saxo joleari, dantzariei eta Antiguako Kantu Jirakoei.

Ezin amaitu eskertza gutun hau, hil berri den Joxan Artze handia aipatu gabe. Gure besarkadarik beroenak bere senide eta gertuko senideei. Modernitate faltsuaren eta ustezko berrikuntzaren izenean, zaharra baztertu behar dugula esaten duten horien aurrean, iturri zaharretik beti ur berria edaten zuela esan zigun Artze genialak, gure bizitza eta mundua beste era batera antola genezakeela adieraziz. Ikur handia galdu du euskal kulturak. Espero dezagun gure herriaren curriculumean eta oroimenean dagokion tokia izateko arazorik ez izatea.

Jarrai dezagun hain arrotza zaigun Donostiako paisaia euskal izarrez betetzen eta euskal oroimen kolektiboa plazaratzen. Datorren oroimen horma irudia Artzerena izan liteke.

.

Txillardegiren familiaren izenean, Maddi Alvarez
Azkenean, lortu dugu, aita!
aita, Antiguo, Azkenean, Donostia, historia, Jose Luis Alvarez Enparantza, lortu dugu, oroimena, Txillardegi

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude