Urte berri on!
Urte berri on! –
Urte bukaerako gogoetak ondoko urteari begirada laburra eman aitzin, erretrospektiba egitera bideratuak dira gehienetan. Ohikoa denari jarraikiz, ariketa horri lotzen natzaio urte berriko lehen kronikan.
Bukatzen ari den urteari begirako aktualitatean hiru gai azpimarratuko nituzke.
Lehena, hauteskundeen inguruko emaitzak eta mugimendu abertzalean izan ditugun eztabaiden ingurukoa. Ezkerreko abertzaletasunak emaitza txukunak lortu ditu herriko bozetan. Herri Elkargoan ere lehendakaritza hartzeko punduan egon gara. Erran zaharrak dio “egungo asea, biharko gosea”. Hori guri gerta ez dakigun ondoko galderari erantzun behar diogu: erresistentzia logika bat gaindituz, ezkerreko abertzaleek podere instituzionala nola eskuratzen ahal dute, beren burua normalizatu gabe?
Galdera honen erantzuna, beste galdera batean kokatua da: kudeatzaile onak izateaz haratago, ezkerreko abertzaletasunak nola mantentzen du bere gaitasun eraldatzailea?
Azken honen erantzunaren gakoa ikuspegi dialektiko batean kokatua da: podere instituzionala eskuetan ukanik, ezkerreko abertzaletasunak politika eraldatzaileak eramaten lortuko ditu, baldin eta, herri dinamika azkarrak atxikitzen ditugun Euskal Herrian. Ondorioz, ondoko urteetan ezkerreko abertzaletasunak etxeko lana bikoitza du.
Pandemiaren iturburuan arazo ekologikoa
Alde batetik, podere instituzionala hartzera bere burua prestatu behar du, hortarako bere proiektu politikoa landuz eta aliantza estrategi sendo bat indarrean jarriz. Bestetik, herri borroka eta dinamiken inguruan gogoeta sakon bat burutu behar du, horien garapena XXI. mendeko baldintzetan kokatuz.
Iragan berri den 2020ko urtearen gertaera nagusia, bistan denez, Kobida-ren krisia izan da. Klima aldaketaren alorrean dagoen GIEC erakundea ezaguna bazaigu, jakin behar da parekoa existitzen dela bioaniztasunaren gaietan: IPBES delakoa. IPBES erakundeak bioaniztasunaren apaltzea eta pandemien arriskuaren arteko lotura agerian ematen duen txostena plazaratu du urrian. Kobida, baina ere Ebola, eta Stras birusen hedapena ingurumen naturalen izorratzea eta espezien desagerpenari lotu behar da. Bizitzen dugun pandemiaren iturburuan arazo ekologiko bat dugu. Ekologia lehen mailako erronka bilakatu zaigu (aspalditik). Baina gehienek defenditzen dugun/duten trantsizioak hazkunde ekonomikoaren dogmarekin haustea suposatzen du. Izan ere, sistemaren ortodoxiak gustukoa ez duen Nicholas Georgescu Roegen (1906 – 1994) ekonomilariak zion bezala : “soilik ero batek eta ekonomilari batek pentsa dezakete mundu mugatu batean hazkunde mugagabea izan daitekeela”.
Horri begira, datorkigun krisi ekonomikoak ekuazio zaila mahaigaineratu digu. Izan ere, langabezia eta prekaritatea areagotuko dituen testuinguru ekonomiko batean, nola atera hazkundearen dogmatik? Erantzuna (idatzizkoa) erretxa da: aberastasunak eta lana banatuz.
Birbanaketa eta trantsizio ekologikoaren premia
Bizitzen ari garen pandemiaren ondorioak eta, oro har, sistemak jasaiten duen krisi orokorra gainditzeko birbanaketa politika ausartak ezinbestekoak izanen dira, eta trantsizio ekologikoaren egingarritasuna baldintzatzen dute. Birbanaketa eta trantsizio ekologikoaren aldeko politika ausartak behar ditugu, ezinbestean, tokian-tokiko errealitateei egokituak.
Bizitzen ari garen pandemiaren ondorioak
eta, oro har, sistemak jasaiten duen krisi orokorra gainditzeko
birbanaketa politika ausartak ezinbestekoak izanen dira,
eta trantsizio ekologikoaren egingarritasuna baldintzatzen dute.
Horregatik, Kortsikako Biltzarrak aitzineko apirilean plazaratu duen errenta unibertsalari buruzko gogoeta eredugarria iduritzen zait.
2020an neretzat garrantzi handia izan duen hirugarren gaia presoen egoera da. Maila hortan, 2020ko urtea urte latza izan dela erran genezake, bereziki pandemiak presoei eta senideei inposatu dizkien baldintza gogorrengatik. Halere, berri on bat izan dugu urte hondarrean Xistor-en askatzearekin. Parketa anti-terroristak mantendu duen ezezko jarrera kondutan hartuz, Xistor-en etxeratzea inflexio pundua suposatzen duela erran genezake. Baina horrek ez du presoen askatzearen aldeko mobilizazio dinamika deusetan apaldu behar, alderantziz. Horri begira, urtarrilaren 9an antolatua den giza-katearekin hutsegin behar ez den hitzordu berria daukagu.
Urte berri on zuri ere Xabi. Plazer bat da beti zure euskara argizko testuak irakurtzea. Gainera adierazten ditutzun konstatapen eta ideia batzu partekatzen ditut zurekin, nahikoa zentzuzkoak eta zabalduak dira eta…
Aldiz, aldi honetan azkenekoan bezala estonatzen nauzu: izan ere ezkerreko abertzaleen izenean mintzatzen zara, baina zerk bereizten zaitu sozilista ekologista frantses batetik? Presoen alderako borroka? Ez, zeren eta, dakizun bezal, sozialista asko eta beste anitz, presoen kontrako mendekuzale errabiatuak ez direnak, ados dira borroka horrekin.
Deus euskararen gainean? badakit ez dela programa politiko bat baizik eta urte berria desiratzeko artikulu bat, baina halere…
Bestetik eta bukatzeko galdatzen duzu ” […] ezkerreko abertzaleek podere instituzionala nola eskuratzen ahal dute, beren burua normalizatu gabe?” Iduritzen zait “podere instituzionala” deitzen duzuna botere frantsesa dela eta horregatik “gure burua normalizatzea” ezinbesteko baldintza dela “podere instituzionalera “iristeko.
Aitortuko dut desenkusa bat aurkitzen dizudala, zeren eta, abertzaleak, independentzia eta estatuaren beharra aldarrikatzeaz aparte momentuz nahikoa motz agertzen baitira beren analisietan eta programetan. Xabi, urrengo arte zuzeun