Urtaran, Mercedeseko akziodunen zerbitzura
Urtaran, Mercedeseko akziodunen zerbitzura –
Ildo beretik doaz dira Iñigo Urkullu lehendakariaren taldeak Alemaniara, Mercedesera, egindako bisita ofizialak, konpainiarekin baldintzarik gabeko lankidetza duela erakusteko, eta horrek are gehiago lausotzen du ordezkari politikoak eta patronala banatzen dituen lerro fina.
Nahiz eta inork gutxik uste duen Mercedesen inbertsio iragarpenak akordioa sinatzearen ondorio direnik, zenbaitek bake sozialaren testuingurua baliatu nahi dute propaganda politikorako: adibidez, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ez zuen aukera hori pasatzen utzi eta berehala eman zion Mercedes Benzi baldintzarik gabeko babesa, Zabalganako parkea eskainiz multinazionalak bertan lantegia zabal zezan. Zabalgana parkea bezalako baliabide natural eta publiko bat, Gasteizko nortasuna osatzen duen eraztun berdearen zati bat, inolako zalantzarik gabe errekisatu ahal izateko aukera eskaini izanarekin bakarrik harritu beharko ginateke. Baina errealitatea da norabide neoliberal/kapitalistak, horrelako egoerak normalizatzeaz gain, legitimatu egiten dituela industria garapenaren eta enpleguaren izenean.
Azkenik, Mercedesek beste leku bat aukeratu du handitzeko, baina Gasteizko alkatearen eta EAJren papera argi geratu da beste behin: multinazionalarekiko morrontza, baldintzarik gabe, zernahiren kontura.
ELAren helburua euskal langileriaren lan baldintzak hobetzea da, negoziazio, enpresa eta sektore bakoitzean. EAJko ordezkari politikoek ere euren burua langile klasearen defendatzaile jotzen dute egunez egun eraikitzen duten sare klientelarra justifikatzeko ez beste helbururekin.