Urtaran alkate jauna…
Urtaran alkate jauna… –
… parez pare egoteko aukera izan genuen behin. Bai, Errekaleorren bertan, Udalak utzitako auzoan, Herriak berreskuratutako Gizarte Etxean. Hirugarren indarra izanda, alkatetza lortu ostean, Errekaleor Bizirikeko Asanbladarekin hitz egitea eskatu zenuten. Hura ez zen lehenengo aldia Gasteizko PNV, auzoa berpizteko helburua duten kideengana hurbiltzen zena, baina bai erabakigarriena. Azken finean ez da gauza bera zinegotziak izanda edo alkatetzan egonda duzun erantzukizuna eta ekiteko boterea. Elkarrizketa horietan denak ziren loreak Errekaleor Bizirik proiektuarentzat: zentzudunak ginela, gure proiektua Europan erreferente bihurtu zitekeela…
Baina nola ez, baldintza batzuekin etorri zineten Gasteizko mugetan garatzen ari zen apustu politiko berri honen kontra zuen indar politiko-poliziala ez bidaltzeko. Baldintza hauek Errekaleor Biziriken zutabe politiko nagusien aurka jotzen zuten zuzenean. Errekaleorreko espazioa eta autogestioa kolokan jartzen baitzituzten. Auzotik mugitzea eta zuen baldintzen menpekoa eta etxebizitzara mugatzen zen proiektua eskeintzen zeniguten, hitzez ba zen ere. Bigarren eta azken bilera horretan, Errekaleorreko asanbaladaren erantzuna jaso zenuten: Errekaleor eta autogestioa ziren balizko negoziaketa baterako gure marra gorriak; edo beste modu batera esanda, argi adierazi genizuen auzoa ez genuela utziko eta Asanbladak erabaki eta kudeatu egiten duela auzoan gertatzen dena. Honen ondorioz atera zen EAJ-PNVren benetako aurpegia eta mehatxua luzatu zeniguten. Hori onartu ezean trenen txoke handia etorriko zela baieztatu zenuten.
Orain dela egun batzuk, Alea Aldizkarian egin dizuten elkarrizketa irakurtzeko aukera izan dut. Hortxe, beste aferen artean, okupazio mugimenduaren kontra, Olarizuko desjabetzeen alde eta Errekaleor hustuko duzula berresten duzu. Guri jarritako baldintzak sustraitzen dituzten ideiei jarraika, okupazioa eta autogestioa jopuntuan jartzen dituzu ere.
Instituzioen alde egiten duzu, etxebizitza eskuratzeko bide bakarra hori dela defendatuz eta bide batez, Udalaren etxebizitza politikaren aldeko propaganda egiten duzu. Baina errealitatea desitxuratzen saiatzen zaren arren, ordezkatzen duzun alderdi politikoa jabego pribatuaren defendatzaile sutsua dela ezin duzu izkutatu. Arazo honen muinean dagoena da eta, hain zuzen ere, etxebizitzaren jabetza pribatua eta honen ondorioz emandako merkantilizazioa. Ez da etxebizitza nahikorik ez dagoela, baizik eta hauek negozio bihurtu dituzuela.
Baina hau onartu beharrean, iruzurra erabiltzen duzu okupatzen dugunok herritarren kontra jartzeko asmoz. Gainontzeko herritarrak ohartu ez daitezen okupazioa tresna eta bide zilegia dela kendu digutena berreskuratzeko. Azken finean, nahiz eta etxebizitzen okupazioa zerbait berria balitz bezala aurkezten den, jabego pribatua sortu zenetik, garai eta munduko toki ezberdinetan erabili izan da okupazioa desjabetuen tresna gisa, lurrak, ekoizpen bitartekoak, etxebizitzak eta abar birjabetzeko, kapitalismoaren ankerkeria eta bidegabekeriari modu praktiko eta zuzen batez erantzuteko. Eta hor dago trenen txoke handia, bi mundu ikuskera, bi proiektu politiko ezberdinen arteko txoke frontala.
Beraz, okupazioa, jabego pribatua kolokan jartzen duen heinean, onartezina egiten zaizue. Hau da zure hitz populisten atzean izkutatzen saiatzen zarena. Eta honekin batera irentsi ezin duzun beste balore-bitarteko bat autogestioarena da. Autogestioaren bidez, Herriak bere burua antolatzeko gai dela ziurtatzen baitu.
Egia da, egun bizi garen sistema kapitalistaren barnean espazio batzuk irabazteko baino ez duela balio, baina zure hitzek argi uzten digute espazio horien askapenak ze min ematen dizuen. Ez soilik zuen atzaparretatik ateratzen garelako, baizik eta, okupazioarekin gertatzen den bezala, eredu bihurtu gaitezkeelako. Herriak ulertu ahal duelako gauzak beste modu batez egin daitezkeela. Bide bakarra, politikari profesionalen esku gure bizitzak delegatzea dela etengabe errepikatu diguten arren, guk, gure oraina eskuetan hartzen dugu etorkizun oparoagoa irabazi ahal dugula sinetsita. Horregatik sentitu duzu beharra zure hitzetan berresteko, instituzioak direla bidea eta ez herri mugimenduak sortutako tresnak edota indarguneak.
Aldiz, gero eta gehiago dira honetaz konturatzen diren herritarrak, eta gero eta anitzagoak, Gasteizen, Euskal Herrian eta beste tokietan sortzen ditugun elkarguneak, elkartasun sare ezberdinak edota egunerokotasunari erantzuteko, baina iparrorratza haratago izanda, sortzen diren proiektu politikoak.