Urratsa xehe eta bidea luze

Urratsa xehe eta bidea luze –

Duela urte bat pasa Luhuson eta iazko apirilaren 8an, bi urrats handi egin ziren Euskal Herriko bake bidean. Bakegileen lanaren emaitza izan ziren bi urrats horiek. Abenduko Pariseko manifestaldia izan zen beste zedarri bat bakeari buruzko martxan. Urrats txikiak handiak bezain garrantzitsuak dira helburua lortzeko.

Urratsa xehe eta bidea luze

 

Joan den eguberrikari, Garaziko herrixka batean nintzen eguberri bezpera arratseko mezan. Meza ondoan, denbora hotza baina ederrarekin, jendea nonbre handian solasean gelditu da, lasai eliza zolan. Gizonen aldean segurik, aroa eta kabalak ziren aipagai nagusiak. Aldi honetan ere, ainitz urtez bezala gertatu naiz eskualde hartako adinetako laborari batekin, beti plazer handiz elekatzen dudana. Ia, laurogeita hamar urte ditu eta aldi guztiz harritzen nau zein ongi den ikusteak, gorputzez dudarik gabe, bainan ere bereziki izpirituz. Aroa eta kabalak aipatu ditugu dudarik gabe, bainan ez zitzaion aski. Gure aktualitatera jin zait laster, jakin nahian zer izpiritutan zen gobernua, Pariseko manifestazioa hurbiletik segitu zuen urrun izanagatik, eta bazekien ministerioan laister bilkura bat bagenuela. Ez zen dudarik, gure aktualitatea, bere aktualitatea zela ere. Eta hasten nakio ene erantzuna ahalik eta zuzenena ateratzen, edozoin kazetariri gisa horretako galderarekin saiatzen naizen bezala, (laburrago bilduz hala ere!).

Aroa aldatzen

Galdera konplikatua da, alajaina, bi eremuren artean bezala baikara: aldaketa sakonak posible bihurtuko lituzketen baldintzak betetzen ari direla uste dugu eta sinisten dugu, baina betetzen ari diren baldintza horiek posible bihurtu behar luketen emaitza sakonik, sinbolikoaz aparte, ez da oraindik ageri. Beraz, kazetari bati, ala nere 90 urteko laborari lagunari, bien arteko errealitate berezi hori esplikatu behar dut. Jakin nahi zuen nere barneko sentimendua.

Eta ari nintzaion esplikatuz, bai gauzak aldatzen ari zirela, aroa aldatzen ari zela, entzunak garelako sendimendua genuela, baina oraino ez dugula espero ditugun urratsak, baina ondoko egun edo asteetan izan behar luketela… Fite ulertu baitu afera, eta ene ustez jada bere analisia eginik baitzuen, irten zaio: “Ba, urratsa xehe!”, eta nik erantzun: “Bai bai, eta bidea luze!”.

Urratsa xehe: ze espresio polita! Aspaldi entzuna ez nuena, alta, lehenago eguneroko hiztegian entzuten zena. Hitz berriak baditugu, bainan hitz zaharrek duten aberastasuna galtzen dugu. Urratsa xehe, espresio horrek du hobekienik biltzen gaur egun bake prozesuan eta presoen gaian dagoen errealitatea. Mendiko aldapa zutari buruz zoazelarik zakua bizkarrean, urratsa xehe duzu eta ez duzu beste manerarik aitzinatzeko, aitzinatzekotan. Ihiztoka batean sartua bazira eta handik ateratzeko, urrats xehez baizik zira aterako, edo ez zira aterako. Baina urrats xehearen erranaldi horrek bi zentzu izan ditzake: edo elementu naturalen kontra abantzatzeari egiten du erreferentzia, mendi aldapa edo ihiztokaren kasuan bezala, eta urrats xehez baizik ezin da abantzatu. Momentuz Euskal Herriko prozesua kasu hortan da nere ustez: ihiztokatik atera nahiz edo mendi malda igo nahiz. Edo, izan dezakeen bertze zentzua da, partaide izan behar lukeenak (Frantziar estatua gure kasuan) ez duela kolaboratzen, eta trabatzen duela: kasu huntan ere urratsak xehe dira baina, dozierraren zailtasunarengatik baino gehiago, lagundu behar lukeenak ez duelakoan laguntzen.

Desesperaziotik ilusiora

Ez dakit, bi zentzuetarik zein zuen buruan nire solaskideak. Bietarik bazukeen, beste askok bezala dudarik gabe. Eta nehork ez daki zuzen-zuzen gaurko urrats xeheen oinarrizko arrazoi guztiak non dauden. Gauza segurra da ihiztoka batetik atera behar dugula, eta mendia igo behar dugula: sobera urte iragan dira egoera blokatuan.

Desesperaziotik ilusiora pasatu behar dugu, eta hortan gira. Nahi dugu sinetsi, eta sinesten dugu, urratsa xehe baldin bada ez dela partaide izan behar lukeena trabatzaile delakoan, baina ihiztokan eta mendiaren aldapa zolan garelako dela.

Eta sinetsi nahi dugu ere baldintza zail hauetan, urratsak egiteko, partaidearen kolaborazioa aurkituko dugula. Badakigu, oraindik memento batez, urratsa xehe abantzatu beharko dugula: normala da, horretatik pasatu behar da. Baina, bidea luzea dela ere badakigu, eta jendarteak eta historiak ez dute onartuko bide guztia urrats xehean egitea.

Garaiak etorri beharko dira non urrats handiz abantzatzatu beharko den. Alabainan, bidea luzea da eta bide guztia egin behar dugu.

Michel Berhocoirigoin -Enbata.info

Urratsa xehe eta bidea luze  Urratsa xehe eta bidea luze

Gamarten laborari, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen Lehendakaria, ELBko militante eta Confédération Paysanne-en sortzaileetakoa.