Urrats bat diagnostikoan
Urrats bat diagnostikoan –
Aitzolek berrikitan egin dizkidan iruzkin ona eta galdera argia erabiliko ditut entseiatzeko urrats bat egin behar ginukeen diagnostikoan.
Hau zen iruzkina :
«Lapurdiko, Baxe-Nafarroako eta Zuberoako antzinako erakundeen berri eman diguzu hemen eta beste zenbait artikulutan. Erakunde hauek Frantziar Iraultzak desegin zituen eta lurralde berregituraketak aurreko hiru probintziak Biarnorekin batean departamentu berean sartu zituen».
Aitzolek arrazoi du: Frantzia iraultzalariak aintzinako hiru probintziak deseginez eta sar-araziz bortxaz berak asmatutako estruktura zabalago batean, alegia, «Basses pyrenees» departamenduan, Pabe zela Hiriburu, izan zen neurri inportantea gure Herriaren desagerpena programatzeko.
Bainan Aitzolek ez zuen beharbada ikusten Frantziak ez zuela hau egin bakarrik, gehiago ere egin zuela.
Izan ere, departamendua sortzeaz gain, zatitu zuen hainbat suprefekturatan zeinek hirinausi bana baitzaukaten.
Baionakoak Baiona, Olorokoak Oloro edo Maulekoak ere Maule garai batez.
Ondo ulertu behar da departamenduko suprefekturen hautatzea, osatzea eta bereizte geografikoa, inozo izaitetik oso urrun izanki, izan zela departamendua bera baino kaltegarriagoa euskal nazioarentzat.
Izan ere Baionako suprefekturak bateratzen baitzituen Lapurdiko eta Baxe Nafarroako parte bat, biak erabat euskaldunak, Baionako hiri gaskoi-frantziarrarekin, eta, bistan da, hau nahi izan zuen botere politikoaren egoitzatzat.
Lapurdiko biltzarrekoek ez zuketen seguraz ere hitza ezagutuko oraindik bainan orduko dokumentuek argi ta garbi erakusten dute eraso etnozidotzat hartu zutela.
Ordutik erran ginezake Eskual herriaren endekapena eta Baionaren garapena elgar eragintzen dutela, bai ekonomian,bai demografian, bai eta prestigioa mailan.
Endekapen eta garapen horiek akzeleratu egin dira XX.mendean eta hirur hogei hamarkadetik goiti hartu du erritmo bat katastrofikoa.
Ezin da gure bilakaera kulturala eta ekonomiko tragikoan deus ulertu, ez, eta gaurko mugimendu abertzalearen lerrakada erregionalistan, ez badugu lehenik gogoratzen 1989eko Baionako suprefektura horren sortzearen ondorio mekanikoak direla.
Goazen orai Aitzolen galderara:
«Frantziar Errepublikaren egungo egituretan antzinako euskal biltzarrak berregiteko aukerarik ez baldin bada, Euskal Hiri Elkargoa ezin al liteke antzinako biltzarren antzeko tresna batean bilakatu, Euskal Herria egituratzen lagun dezakena? »
Goian esan dutanaren ondotik, borondate onenarekin, ezin dut baietz erantzun.
Izan ere, guk inozokeriaz «Euskal Hiri elkargoa» bataiatu duguna erakunde frantziar bat da, etnia-bikoa edo hirukoa bai , bainan hiri frantziar batean kokatua, oraindik dirauen suprefekturaren antzerakoa.
Dugun Historiaren ezagutza doiarekin ere, nola pentsa, bada, Estatu frantziarrak berak proposatzen ahalko zigunik «antzinako biltzarren antzeko tresna batean» bihur ginezakeen zerbait?
Espero dut ez diotala Aitzoli ene etsipen puntua transmitituko, ene asmo bakarra baita ahal bezain argi ikus dezagun errealitate latz baten aurrean.
APCB delakoa edo elkargoa, da udaletxe elgarretaratze bat, Frantzian existitzen diren beste batzu bezalakoa.
Osatzen dute eskual herriko udaletxeek gei BABko hiruek
Estatuak berak proposatutako eta abertzaleek besterik ezean onartutako azalezko aldaketa bat da.
Wikipedia berriki eguneratua izan baldinbada, hauek lirateke bere konpetentziak :
Ur garbiaren banaketa, basuraren eta zaborraren biltze eta tratamendua, eta azkenean, garraio publikoa eta eskola garraioa.
Estatuak ez digu sekulan ezer proposatuko arriskutsua izango litzatekeenik bere boterearentzat edo tipi lezakeenik.
Botere frantziarrak, dela lurraldeen edo erakundeen edo hauteskunde
zirkonzkripzioen zatiketan, gurekin printzipio zehatz berak segitu
ditu orai arte eta segituko ditu bururaino, alegia, gutariko azkena asimilatu arte :
Hau da, Eukal nazioa puskatan zatititu eta puska hauek nahasi inguruko
euskaldun ez diren populazioarekin.