Urkulluri behingoz bere ardurari heltzea exijitzen dio LABek, langile eta zerbitzu publikoen mesedetan
Urkulluri behingoz bere ardurari heltzea exijitzen dio LABek, langile eta zerbitzu publikoen mesedetan –
Ikasturte politikoa hasi berria, eta errezeta zaharrei heltzen jarraitzen du Iñigo Urkulluk, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakariak. Erantzukizunak gainetik kendu, eta enpresa eta eragile sozialen arteko gatazka batera mugatzen du langileen prekarietatea larritzea. Halaber, milaka langile publikoon lan baldintzak, soldata arrakalak eta eros-ahalmena bere ardura zuzenaren menpe daude: irakaskuntza, osasungintza, enpresa publikoak… eta zer esanik pribatizatutako kontratak. Udal eta foru administrazioetako, egoitzetako eta bestelako zerbitzu soziokomunitario publiko zein pribatizatuetako langileenak (ratioek oso baldintzatuak) Jaurlaritzaren erabakien menpe ere badaude.
Berria ez bada ere, kezkagarriagoa da “publikoa izan daitekeena ekimen pribatuaren esparruarekin uztartu” beharko dela, “arrakala sozialik ez sortzeko” iradokitzea, langile publikoook gerrikoa estutzen jarraitzeko alegia. Urkulluren gobernu ezberdinen ezaugarri nagusia utzikeria izan da. Horrela, soldata publikoen igoerak Madrilek agindu izan dituenean eroso egon dira; lan baldintzak sindikatuokin adosteko inolako borondaterik ez; langileon egonkortasuna ere kanpoko erabakien esku utzi eta eskuak garbitu.
Gauzak horrela, LABek langile publikoen (azpikontratatuak barne) lan baldintzen alde, enplegua sortzeko eta egonkortzeko, murrizketak atzera itzultzeko, pribatizazioekin amaitu, eta zerbitzu publikoak benetan publiko eta indartsu izan daitezen borrokan jarraituko dugula adierazi nahi dugu ikasturte hasieran ere. Eusko Jaurlaritzak bere egin du “beti enpresaren alde” leloa, bai eta Madrilgo inposizioak txintxo ezartzen jarraituko duela ere. Kontran, ahalmen legegile guztiak erabiliz benetako negoziazio kolektiboa abiaraz dezan exijitzen dio beste behin LABek.
Urkulluri behingoz bere ardurari heltzea exijitzen dio LABek, langile eta zerbitzu publikoen mesedetan