Horrela ez, Chivite anderea

Horrela ez, Chivite anderea –

Horrela ez, Chivite anderea

Nafarroako Gobernuko lehendakariak Diario de Noticias egunkariari eskainitako elkarrizketa ikusita, LAB sindikatua erantzun beharrean sentitu da. Izan ere, elkarrizketa horretan, lehendakariak ezarritzat jotzen du osasun arretarako sistema berri bat, profesionalek eta erabiltzaileek onartzen ez dutena, haiekin ez baita ez adostu, ez negoziatu.

Nola da posible zerbitzu publikoetan gero eta gehiago inbertitzea eta gero eta eskasagoak izatea?

Pandemiaz baliatu dira osasun arretarako sistema berri bat ezartzeko, Ayusok Madrilen eta Sagarduik Osakidetzan ezarritako ereduarekin antz handia duena. Horrek erakusten du Osasun Departamentuak ez duela gaitasun handirik gauzak planifikatzeko eta konponbideak bilatzeko: bateko eta besteko ideiak hedatzen ditu inolako abalik gabe, ebidentziarik gabe eta adostasunik gabe.

Horrez gainera, diru-funtsak ezin okerrago erabili dira (ikusi bestela produktibitateekin egin dutena, konponbide bat izan behar zena arazo bat bihurtu baitute), eta lankidetza publiko-pribatuaren gaineko kontrola oso txikia izan da. Erabaki horiek profesionalen arteko soldata-arrakala handitzeko eta osasungintza pribatua aberasteko besterik ez dute balio izan.

Zergatik dira hain luzeak itxaron-zerrendak?

Formula magikorik ez dagoela eta dena diruarekin konpontzen dela esatea oso diskurtso sinplista da. Itxaron-zerrendak luzeak izatea gaitz endemiko bat da, ziklikoki gertatzen dena, sistema tentsionatzen denean (Covid pandemia batean edo gripe izurrite batean, esate baterako). Faktore askok eragiten duten arazoa da, Oinarrizko Osasun Laguntza sendotuz eta erabakiak hartzeko ahalmena emanez konpon litekeena, espezialisten eta Oinarrizko Osasun Laguntzako medikuen arteko komunikazio sistemak indartuz, eta adierazle argi batzuk ezarriz erabiltzaileen beharrak eta profesionalen eskaria ezagutzeko, planifikatzeko eta konpondu ahal izateko.

Oinarrizko Osasun Laguntzan gaur egun dagoen eredu hori da ezarri nahi dutena?

LAB sindikatuaren iritziz, Oinarrizko Osasun Laguntzan ezarri duten eredua kaltegarria da nafar guztien osasunerako, eta galera handia da, bai arretaren kalitatearen aldetik, bai prozesuen diagnostikoaren eta segimenduaren aldetik. Horregatik ugaldu dira aseguru pribatuak. Administrariak zaldien oinetan jarri dituzte, iritzi publikoak eta gainerako profesionalek larrutu ditzaten. Horri dagokionez, Chivite andrea oso gaizki informatua dago: administrariei ez zaie prestakuntzarik eman, ez zaie lan berezi hori errekonozitu, eta gaur egun ez daukate horrelako eginkizunak beren gain hartzeko prestakuntza eta gaikuntza nahikorik. Telemedikuntza sistema bat ezartzeak heziketa handia behar du, batez ere osasun arloan.

SMN-Nafarroako Sindikatu Medikoa ez da mediku guztien ordezkaria

Medikuei buruz hitz egiten denean, irudi luke Osasun Departamentuak eta Chivite andreak SMN sindikatuaren iritzia besterik ez dutela kontuan hartzen. Baina SMN ez da mediku guztien ordezkaria, eta haiek planteatzen dituzten konponbide guztiak ekonomizistak dira. LAB sindikatutik uste dugu beharrezkoa dela medikuekin eta erizainekin eztabaida prozesu sakon bat irekitzea, konponbide eraginkorrak ezartzeko asmoz. Gaur egungo egoerara eraman gaituzten kausak ekonomikoak eta laboralak dira, baina arrazoi nagusietako bat izan da, baita ere, ez dela batere baloratu eta aitortu langileek oro har egin duten lana. Pandemia bukatuta, ez lehendakariak, ez Osasun Departamentuak ez dute inolako hobekuntzarik ezarri profesionalentzat.

Benetako planik ez duen plana

Ikusirik Chivite andrea eta Osasun Departamentua erakusten ari diren zehaztapen falta, beldur gara haien benetako asmoa ez ote den arlo publikoaren defentsarekin batere zerikusirik ez duten estrategia jakin batzuk inposatzea. Bruselako eskakizunak betetzen dira Europako diru-funtsak lortzeko, bakar-bakarrik. Eskakizun horien artean, osasun arloa teknifikatzea eta plantillak egonkortzea dago, baina, LABen iritziz, arlo horietan motz gelditzen ari dira, eta interes pribatuen arriskua hor dabil beti bueltaka. Planen bat baldin badute, zabal dezatela, behar diren mahaietan eztabaida dezatela eta lortu nahi dituzten emaitzak jakitera eman ditzatela.

Nafar guztien lehendakariak eta Osasun Departamentuak ongi neurtu beharko lukete zer esaten duten. Izan ere, horrelako diskurtsoekin lortzen duten gauza bakarra da ongieza zabaltzea osasun profesionalen eta nafar herritarren artean, arreta-eredu honen erantzule gisa aurkezten dituztelako eta mentalitatea aldatzea exijitzen dietelako, baina trukean osasun sistema publikoan inolako hobekuntzarik eskaini gabe.

LABek ez du onartuko agintariek hartu dituzten erabaki horien erantzukizuna, berriz ere, herritarren esku uztea, iradokitzen dutelarik herritarrek bi aldiz pentsatu beharko luketela medikuarengana joan aurretik. Herritarrek osasun arreta publiko duina, presentziala eta kalitatezkoa hartzeko eskubidea dute, eta horri ez diogu inoiz ere uko eginen.

Horrela ez, Chivite anderea Horrela ez, Chivite anderea