Urkulluk nahiago du pentsatu

Iñigo Urkullu lehendakari berriak agindu du: 2015 urtean estatus politiko berria bozkatu egingo da. 2013ko lehen hileetan lege adituen lantaldea osatuko dute legebiltzarrean. Hortik proposamen sendoa aterako da… eta gero enegarren frustrazioa dator… ala ikasiak gaude?

Maddalen Iriarterekin joan zen astean egin Azpimarra saioko elkarrizketan iragarri zuen Iñigo Urkulluk 2015 urtean estatus politiko berria proposatzeko bideorria.

  • 2013ko lehen sei hilabeteetan lantaldea osatu Eusko Legebiltzarrean, aditu juridikoz osatua. Alderdi politiko bakoitzak bi aukeratuko ditu.
  • Urte bete beranduago lantaldeak oinarri juridikoak zehaztu eta Legebiltzarrean proposamen sendoa planteatuko du.
  • Legebiltzarrak onartuko du.
  • Hiritarrek onartuko dute.

“Eta zer gertatuko da Ibarretxeri gertatu bezala Espainiako Kongresuak atzera botatzen badu?”, galdetu zion Iriartek. Iñigo Urkulluren erantzunak euskal inozotasun politikoaren liburu beltza osatzeko balio du: “Nahiago dut pentsatzea alderdi politikoak adostasunera helduko garela… gainera orain ez dago indarkeria egoerarik (…)”.

Urkullu Gernikan

Juan Jose Ibarretxek, 2005eko otsailaren 1ean, Madrilgo Kongresura joan bezperan, nahiago zuen pentsatzea Espainiako Gorteek onartu egingo zutela Legebiltzarrak gehiengo osoz aintzat hartu zuen Estatutu berria.

Juan Jose Ibarretxek, 2008ko irailaren 10ean, Auzitegi Konstituzionalak galdeketa legez kanpo utzi bezperan, nahiago zuen pentsatzea Espainiako Auzitegiak ez zuela debekatuko herriari galdetzea bezain gauza demokratikoa.

Eta bietan kale egin zuen, bere nahikeriaren arabera jokatu zuelako, errealitate gordina saihestu nahirik.

Espainiarrak konbentzitzeaz

Iñigo Urkulluk, 2012ko abenduan dio, nahiago duela pentsatzea PP, PSE eta EH Bildu adostu egingo dutela estatus politiko berri bat, “autogobernuan sakondu egingo duena”. Behar horretaz jabetuko omen dira, dio Urkulluk. Jeltzaleen paregabeko abilezia medio, Mintegi, Lopez, Basagoiti eta Urkullu bera estatus politiko berri bat besapean.

Lehendakariaren adostasunaren apologia izango da Espainiaren beto eskubidearen gauzatzea. Jai du estatus politikoa PSErekin, eta batez ere PPrekin adostu nahi badu. Lopezek eta Basagoitik, alegia, Rubalcabak eta Raxoik, ez dituzte abertzaleen helburuak konpartitzen, beraienak propioak dituzte; haien statu quo-a bermatu eta besteen nahiak galarazteko dituzten tresna guztiak erabiliko dituzte. Lehenbiziko tresna: adostasunari uko egitea. Badirudi Urkulluri ahaztu egin zaiola PP Espainiaren batasun identitarioaren aldeko gurutzadan dabilela, Wert zalduna buru duela, eta Antonio Basagoitik belarriekin egin diola txalo, “euskarak gaztelaniari egin dizkion erasoak gelditzeko ordua” dela aldarrikatuz.

Aditu juridikoen lantaldea, zertarako? Esan beharko liokete lehendakariari, edo, hobe esanda, dagoeneko esanda behar luke: “Urkullu jauna, Espainiako Konstituzioaren barruan zure aldarrikapenak ezin dira sartu”. Estatus politiko berria lortu nahi bada, Espainiako legeak aldatzeko, gainditzeko edo euskal legeak sortzeko indar adina izan behar da. Hirurak abertzaleek oraindik ez dituzten gaitasunak dira. Egia esan, tristeagoa da diagnostikoa: lege organikoak betearazteko gaitasunik ere ez du, hiru hamarkada pasa dira eta Gernikako Estatutua betetzeke.

EAJk hauteskunde programan independentziari egiten dio aipamen, eta EH Bilduk bat egiten du aldarrikapen horretan. Bien artean legebiltzarraren %64 osatzen dute, ia bi heren. Hala eta guztiz ere, EH Bildurekin negoziaketak lehenetsi beharrean (CIU eta ERC ari dira Katalunian) PP eta PSE seduzitzea ei da egin beharreko garrantzitsuena… zertaz konbentzitu? PSEk estatu federalaren abstraktua dauka aldarrikagai eta PPk zentralizazioa.  “Baina orain ez dago indarkeria egoera bat”, dio Urkulluk, horrek dena aldatuko balu bezala. Nola orain ETArik ez dagoen, badirudi espainiarrek zer edo zer oparituko digutela, aldarrikapen abertzaleen tesietara mugituko direla, behingoz onartuko dutela arrazoi dugula. Abertzaleak  suge liluratzaileak balira bezala. Bai eta zera ere.

Loiola ahazteaz

“Nahiago nuke pentsatzea”. Horrela igaroko dira lau urte, atzera eta aurrera, emandako hitza Espainiako legediaren ogitartean sartu eta jan arte.

EH Bilduri egotzi dakioke orain arte estatus berri baten bidean bideorririk ez aurkeztu izana. Baina, “pentsatzen ari gara” jarreraren aurrean, iraingarria da jeltzaleen itsutasun politikoa. Nahiago nuke pentsatzea, ergo, ez dut hori pentsatzen baina nire burua engainatzeko gai naiz.

Zergatik ez lana hasi Loiolan 2006an utzi zen puntutik? Negoziazioaren bigarren zati ospetsua. Zergatik ez baztertu hortik kanpo kokatzen dena adostasun etereoetan sinistu beharrean? Hor daude gutxiengo batzuk, hor egon zen adostasuna, gaur egun legebiltzarra osatzen duen %86ak onartua. Koherentea da, zentzuduna da, moderatua da. Hortik has daiteke lana, edo aurreragotik. Bitartean, zerotik hasteak, inposaketatik eta aldarrikapen demokratiko ororen mespretxuagatik ezer ikasi ez bagenu bezala, onkeriaren jokoan hastea, Déjà vu kontzienteen zirkuluan sartzea da. Nahiago nuke pentsatu, Urkullu jauna, baduzula kartarik ezkutuan. Pena da arrazoiak eta fedeak zure kontra egitea.

2 pentsamendu “Urkulluk nahiago du pentsatu”-ri buruz

  • Obanoseko infanzoia 2012-12-21 16:32

    “Egunerooooo….deeeeena okeragoooo….” Hertzainak?
    “Zertarako eskubideak? Biderik ez badago….” Baldin Bada?
    “Hemen dirudienez denok badakigu zer egin…(PNV-SORTU-EA-….) bakoitzak bere aukera esaten du dela onena… baina gauzak hemen berdin jarraitzen dute… eta ez dago antzik aldatuko direla…. ta orduan, zer?…… Deliriums Tremens?

  • Laster eroriko da mitoa: “Euskal gatazka euskal herritarron arteko arazoa da”. Laster ohartuko gara denok (kataluniaren laguntzarekin) arazoaren benetako jatorria ez dala Euskal Herrian egon inongo momentuan. Gauzak argitzen doaz. poliki baina tenik gabe. Bakoitza non dagoen eta zer proposatzen duen argitzen ari da. Ke, lanbro eta sastrakak ezabatzen ari zaizkigu. Horixe da konponbiderako eta denonartean zerbait eraikitzeko lehenengo baldintza: Guztion Ideiak eta proposamenak ARGI mahai gainean, aitzakia eta anbiguotasun kalkulaturik gabe.
    Eta Madrileko aparato ekonomiko-militar-administratibo horrek baita ere. Eta orduantxe diagnostiko egokia eta zuzena egin ondoren kokatuko dugu gaitzaren jatorria. Eta ondoren,logikoki, sendabidea proposatu. Nere pronostikoa? Ekonomia dagoela gure korapilo ezin askatzearen muinean. Arazoaren sorburua interes ekonomiko hutsetan dagoela uste dut. Hain zuzen ere, elite batek bere pribilegioei eusteko egiten ari den ahaleginean dago gakoa.Baina beno, itxoin dezagun apur bat gehiago ea “analisi kolektibo” horrek zer dioskun.