Urduri egoteko arrazoiak

Hauteskudeak hurreratzen ari dira. Datorren igandean, EAEk erabakiko du nork izango du bere etorkizuna gidatzeko ardura. EAJ eta EHBilduren arteko lehia estua izango delakoan nago. Horregatik, batak zein besteak urduri egoteko arrazoiak dauzka. Nahiz eta Batasunak EAJ kritikatzeko argudio hori eman duen sarri, EHBildu koalizioa ere horrela agertu da, bai baitakite EAJ gainditzeko hil ala biziko aukera dela hau. Bestalde, PP eta PSE-EEk abiada abertzale hau geldiarazi nahi dute. PPk Espainaren eta PSE-EEk, Ongizate Estatuaren zaindari agertuz.


Datorren igandeko hauteskundeek EAEko ohiko panorama eraldatu dezakete. Inkesteen arabera, euskal alderdi abertzaleek inoiz baino indar handiagoa eskura dezakete. Izan ere; EHBilduk eta EAJk ia 50 eserleku lor litzaketela aurreikusi dute hainbat inkestek. Azken hauteskundeetako joerari eustea izango litzateke klabea. Halere, ez dakigu nor izango den nagusi: EAJ edo EHBildu. Azken emaitzei erreparatzen badiegu ez ginateke harrituko EAJ bototan aterako balitz. Horrela gertatu da bai Udal eta Aldundi Nagusietako, bai Estatuko hauteskundeetan. Joan den azaroaren 20ko hauteskundeetan, eserlekuetan Amaiur nagusi izan zen, aitzitik.

Hori dela-eta, EH Bilduk argi dauka bere arma guztiak erabili behar dituela kanpain honetan EAJri “sorpaso” egiteko. Hori dela eta, balizko sailburuak aurkezteaz gain, bere perfil abertzaleena eta Eusko Jaurlaritza kudeatzeko eredu ezberdina daukala agertu nahi izan du. Mintegiren atzoko Borboiak eta Guardia Zibilak ez ordaintzeko promesa edo Ertzaintzaren eredu “antirepresiboa”, esaterako. Arlo ekonomikoan, murrizketak ez ezartzeko bermea eskeini du koalizioak, “EAJ-PSE-PPren eredutik” urrun haien ustez. Sozialki, oso kritiko agertu dira Espaina eta Europa Batasunak hartutako neurriekin eta iraila eta urriko ikasle greba babestu dituzte.
EAJk bestelako kanpaina abiatu du. Estrategia ez da hain oldarkorra izaten eta Urkulluren “perfil serioan” oinarritu da. Lehendakarigairen fideragarritasuna eta lan egiteko kapazidadea oparioa-ri eman zaie garrantzia. Izan ere, EAJk “alderdi arduratsua” dela goraipatu nahi du Urkulluren perfilak, “herriarentzako alderdia”, alegia. Horretarako, “ezagutzen dudalako” ekimena abiatu dute, non EAEko hainbat jendeak (Unai Elorriaga, Toti Martínez de Lezea edo Paul Ríos…) Urkullu aztertzen baituten. Dena den, EAJren estrategiak bi oinarri ditu: Euskadiren erabakitze eskubidea eta krisitik irteteko eredu sozio-ekonimiko propioa bultzatzea; autogobernuan sakontzea, alegia. Azken hau, Patxi Lópezi deseustatu izana leporatu diote jeltzaleek.
Gezurra ematen badu ere, Lehendakariak agintea errepikatzeko oso aukera gutxi dauka. Azken hauteskundeetan, PSE-EEk jipoi handia jasan du eta PPren murrizketak besterik ez lukete norabidea aldatuko. Hagatik, alderdi sozialistak murrizketaren kontrako kanpaina bultzatu du. Helburua PP eta EAJtik botoak bereganatzea da. Halere, ez du oso sinesgarria ematen oposizioan balitz bezala proposamenak egitea, ez behintzat PPrekin gobernatu ezkero. PP-k, Espainiaren salbatzailetzat hartzea nahi du eta ukatzen duen gatazka politikoa dauka bere kanpainaren abiaburu. Euskaldunok espainol sentitzen garela defenditzen du urriaren 21ko hauteskundeetan. Abertzaleak inkesteetan hain indartsu agertzeak, PP eta PSOEri mesede egin diezaiokete, izan ere “konstituzionalistak” eta “munduko hiritarrak” mugiarazteko tresna izan daiteke.

Rodolfo Ares, Jesús Eguiguren, Iñaki Oyarzabal eta Leopoldo Barreda Gobernurako akordioa sinatuz// El Mundo

Bestalde, “alderdi txikiak” ditugu. Ezker Anitzak ordezkaritza lortzeko bakarra dela aurreikusten dute inkestak. Argi dago IU-ren igoerak on egingo diola Aranaren hautagaitzari. Ezker Batua, aldiz, desagertu egingo da inkesta hauen aburuz; baita burutu legislaturan Gasteizen egon den Gorka Maneiroren UPyD-k ere. “Aske gara” lelopean, alderdi honek “hiritarren arteko berdintasuna” eta foruen “pribilegioen” desagerpena aldarrikatzen du. Era berean, PPk ETAren kontra duen “politika ahula” kritikatu du eta Arabako zerrendaburuak Zaballako kartzela etakideentzat “bainuetxe” bat bilakatuko dela esan berri du.
Hala eta guztiz ere, alderdi txikiek lau hankako legebiltzarra ekiditea dute helburu. Izan ere, EAEn desagertzeko zorian egongo lirateke. Beraz, haiek ere urduri egoteko arrazoiak dituzte. Ez dira EAJk eta Bilduk dauzkaten berdinak, baina baliteke larriagoak izatea. Dena den, euskal alderdiek barruko banaketak sustatzeko abilidade handia dute, eta ez litzateke harrigarria izango datozen urteetan alderdi berriak agertzea. Hala eta guztiz ere, argi dago legegintzaldi honetan paktuek berebiziko garrantzia izango dutela elkarbizitzaren mesederako. Emaitzek emandako estutasunak hau guztia posible egingo duelakoan nago.
Urriak 21ko hauteskundeak bereziak izango dira EAEn. Zorionez, nola ETAren mehatxupean bizi izan diren euskaldunak, hala ilegalizaturik egon diren hiritarrak, parte hartuko dute hauteskundeetan. Salbuespenak salbuespen, noski (Arnaldo Otegi, Rafa Díez…). Post-ETA delako garai honi hasiera emateko garaia heldu zaigu EAEko euskaldunoi. Bakegintza, autogobernua eta krisi honen irtenbideak ohiko gai bilakatzeko aukera asko dago; heriotza, mehatxua eta sofrimendua behin eta betiko alboratuz. Dena dela, ez dezagun ahaztu posible den gehiengo abertzale honek euskarari eman diezaiokeen bultzada. Aurrera ba!

Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

13 pentsamendu “Urduri egoteko arrazoiak”-ri buruz

  • Unai Elorriaga 2012-10-14 14:29

    Ez da komeni, puntu jakin batzuetan, gauzak nahasten jarraitzea. Nire kasuan behintzat, “Ezagutzen dudalako” izeneko kanpainan, ez dut, artikuluan esaten den bezala, Iñigo Urkullu “aztertzen” (ezta “goraipatzen” ere, egunkari batek argitaratu zuen bezala). EAJk ere ez zidan deitu niri (ez daukat ezelango hartu-eman formalik), baizik eta kultur arloko eragile batek (nik dakidala alderdi jakin batekiko joera ezagunik gabekoa). Iñigo Urkulluri galdera bat egiteko proposamena egin zidan, lehendakaritzara helduz gero, zer egingo lukeen gure alorrean… Halaxe egin nuen (beste edozein lehendakarigairekin egingo nukeen bezala) eta hori da nire bideoa: galdera soil bat kultur sortzaileei buruzkoa. Erantzuna falta orain.

    • Jon Intxaurraga
      Jon Intxaurraga 2012-10-15 12:16

      Egun on Unai, lehenik eta behin parkamenak eskatu. Ez dakit nire hitzak mindu zaituzteten baina ez da nire asmoa izan.

      “Aztertu” hitzaren harira, nire okerra izan da, baina oker honek bere explikazioa dauka. “Ezagutzen dudalako” ekimena oso bitxia iruditu zait. Izan ere, “denetarik” dago (Urkulluren aldeko boza eskatzen duten jendea, baita galderak edo iradozkizunak helarazten dizkioten pertsonek ere). Hauxe dena nolabait “laburtzearren” aztertu hitza erabiltzea erabaki nuen. Erabateko erabaki okerra.

      Azkenean, banekien bertan partu zenutenek ez zenuten Urkulluren aldeko boza eskatzen eta horrekin hanka sartu beharrean, beste bide batetik sartu dut. Hona nire explikazio eta autokritika.

      Eskerrik asko leidutearren.

      • Unai Elorriaga 2012-10-15 13:20

        Eguerdi on, Jon. Trankil egon, ez nintzen zuk idatzitakoarekin mindu, inondik inora ere. Izan ere, oso modu nahasgarrian eman zen informazioa eta normala da, beste lanabesik gabe, jendeak horrela ulertzea. Aprobetxatu nuen zure testua termino batzuk argitzeko, webgune honek ematen duen aukeraren bitartez. Modu horretan, behintzat, halako artikuluak irakurtzeko jakin-mina daukanak argi izango du nola izan zen kontua. Beste ezer baino gehiago, eskerrak eman behar dizkizut aukera zabaltzeagatik.

  • Eskertzen dut Unai Elorriagaren azalpena, baina uste dut publikoki egin beharko lukeela. Bere izena Iñigo Urkulluren hautagaitza babesten dutenen artean agertu da, eta horrela ez bada, komenigarria litzateke azaleratzea. Orain egun gutxi, Paul Riosek ere antzeko zerbait zioen komunikabide batean. Nik ez dakit ezagutzendudalako webgune horretan agertu diren guztiek Urkullu babesten ote duten, baina horrela ez bada eskertuko nieke argitzea, batez ere, EAJk erabilera jakin bat egin duenean.

  • Unai Elorriaga 2012-10-14 17:44

    Gustura egingo nuke publikoki, Itxasne, baina ez da horren erraza (hau da publikoki adierazteko modu bat, webgune hau). Ez daukat, alderdi politikoek edo komunikabide-taldeek bezala, baliabideak nire eskura. Ez daukat lotura-harremanik egunkari, irrati, telebista eta bestelakoekin (hori baita gero edozein adierazpen egiteko kakoa, modu independentean eta inoren zain egon gabe). Beraz, edozein komunikabidetako kazetaririk irakurtzen badu honakoa eta bere egunkari edo dena delakoan nire iritzia adierazi nahi badu (interesgarria iruditzen bazaio), libre du hau berau argitaratzea edo niri deitu zein idaztea.

  • Amonamantangorri 2012-10-14 20:00

    Bideoetan badira Urkullu hautagaiari argi eta garbi atxikimendua adierazten dioten pertsonaia publikoak, oharrak edo proposamenak egiten dituztenekin batera. Kanpaina horren izena “ezagutzendudalako” izanda, garbi dago zein helbururekin egina dagoen.
    Iruzur usaina dauka.

  • Nik ere ulertu nuen urkulluren alde egiten duzuela. Ez dut ulertzen nola prestatu daiteke horrelakoetara. Tristetu ere, tristetu nintzen eta ezin ulertu egin diren apustuekin, Otegi kartzelan…urkulluk jendearen bultzada izatea. PNV gure lurra suntsitzen duen AHT-a da, NATO da, zentral nuklearrak, Libia erasotzea eta bertakoak erailtzea da, ertzaintza kaputxaduna da, Petronor da, PP eta PSOErekin tripartitoa da…

  • Ba nik uste salaketa jarri beharko zenuketela junta elektoralaren aurrean (epaitegian ez esatearren…). Onartezina da pertsonen irudia manipulatu eta alderdi interesen mende horrela erabiltzea. Benetan larria dela uste dut. Pertsonen ohorea ere mintzen du portaera horrek.
    Zinez, salagarria den jokabidea iruditzen zait.

  • Amonamantangorri 2012-10-15 14:25

    Hori da. Dagokion instantzian salaketa jarri.

  • Unai Elorriagaren “samina” ez dut ulertzen. Nik, beste herritar guztiek bezala, ez daukagu zertan jakin kanpaina horren atzean dauden “gorabeherak”. Guri kanpaina hori Urkulluren aldeko kanpaina legez aurkezten zaigu, Urkulluren irudi “gogorra” nonbait biguntzeko eta “atseginago” bihurtzeko ekimen bezala. Nolanahi ere, egia da zenbait partaidek -Unaik kasu- ez dutela erreferentzia zuzenik egiten, baina hori lehenago pentsatu eta adostu beharko zenuten antolatzaileekin. Orain, herritar askok Urkullurekin lotzen zaiztuzte, sahiestezina da. Horixe da nire iritzia.

  • Guzti honetan gauza bat dago garbi: EAJk bere helburua lortu du, hau da Unai Elorriagak Urkulluri babesa eman dionaren ustea zabaldu da. EAJk berak eginiko iruzurra konponduko ez duela jakinik, egiaz gertatutakoa denon artean zabaltzen saiatu beharko ginateke. Hori bai, denok diodanean Unairi buruz ere ari naiz, Unaik baitu berak ala nahi izan ala ez hau argitzeko ardurarik gehien.
    Ongi izan!

  • Gonzalo Etxague

    Kontu honekin gure herrian lasai asko eta har txarrik gabe egin ohi duguna berriro egiten ari zaretela iruditzen zait: norberaren iritzia epaiketa publikoarekin nahastea, alegia. Unaia libre da, guztiok bezala, inori kalterik gabe nahi duena egiteko. Horrek ez du biderik ematen berari kritikarik egiteko edo azalpenak eskatzeko, plazan esan nahi dut. Beharrik gabe eman dituen azalpenak, gainera, nahikoa eta gehiago dira kontua bertan behera uzteko.

  • Unai Elorriaga 2012-10-16 12:15

    Eskerrik asko guztioi, batez ere gauzak argitzeko erakutsi duzuen arduragatik. Gertaerak argi uzteko ahaleginak egiten ari naiz, ez pentsa. Komunikabideen munduan nik baino askozaz abilezia handiagoa duen ezagun batek eman dizkit arrasto batzuk… Eskura dauzkadan baliabide guztiak erabiliko ditut, baina… zelan jakin informazio nahasgarri hura jaso zuten guztiek benetako informazioa jaso dutela orain? Ezer ez da hain erraza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude