Urak dakarrena pribatizazioak daroa
Urak dakarrena pribatizazioak daroa –
Ibaizabalek Abusutik Kantauri itsasoraino egiten duen ibilbideak, Bilboko itsasadar izena hartzen du bere historia Bilbon bertan hasi zelako, hiria sortu eta berehala. Mendeetan zehar Bilbo hazi eta eraldatu egin da itsasadarraren ertzeei lotuta. Merkataritzari esker lehenik, eta ontziola zein lantegien bidez geroago, bilbotarrentzat aberastasun iturri izan da itsasadarra, eta era berean, bere alde iluna ere erakutsi digu: industria jarduera masiboak eragindako kutsadurak ondorio latzak izan ditu ingurugiroan.
1983. urtean hondamendia ekarri zuten bere urek, eta uholde historiko haiek bezala, industria birmoldaketak ere pertsona askoren bizitza aurretik eraman zuen. Krisialdi horiek, ordea, bilbotarren elkartasuna azaleratu eta berreraikitzeko grina ere piztu zuten. Azken finean, Bilboko itsasadarra hiriaren bizkarrezurra da eta horregatik da hain garrantzitsua bilbotar guztiontzat. Baita gaur egun ere, pandemiak arnasguneen eta aisialdirako espazio publikoez gozatzeko beharra agerian utzi duenean, itsasadarraren garrantziaz ohartu garelako.
Bilboko Udalak itsasadarraren inguruko azterlan baten ondorio nagusiak jakitera eman berri ditu. Izan ere, hamarkada bat da itsasadarrean aisialdi-jarduerak antolatzen direla: Badaude modu erregularrean jarduten duten ontzi turistikoak; ontzi txikiak eta piraguak alokatu daitezke; Udalak ekitaldiak antolatzen ditu eta kirola ere praktikatzen da. Baina denbora honetan ez da gogoeta partekaturik egin galdera honi erantuzteko: Zein da Bilboko Itsasdarrarentzat nahi dugun eredua?
Eta Udalak etxeko lanak egin ez dituen bitartean, egitasmo pribatuak aurrea hartu dio bere pantalank eraikiz, itsasadarrean antolatzen diren jarduerak ordenatzeko araudia osatzeko prozedura oraindik ere hasi gabe dagoelarik. Itsasadarreko espazio publikoaren pribatizazio prozesu hau 2017 urtean hasi zen, Olabeagan ondare industrialaren parte diren aztarna batzuen gainean eraikitako ur-gaineko terraza bat eraiki zenean. Orduan askok ohartarazi genuen hori mugarria izango zela eta orain baieztatu egin da espazio publikoaren pribatizazioa arazo bat izan daitekeela, baita Bilboko itsasadarrean ere.
Hala, ustekabean bezala, bigarren pantalan pribatu bat eraikitzen ari dira egunotan, non eta Uribitarten bertan, duela gutxi eraikitako hotel eta luxuzko etxebizitza batzuetatik metro gutxira. Esan beharra dago ur gaineko estruktura hauek eraikitzeko baimena ez duela Udalak ematen, kostaldeen eta itsas ingurunearen gainean erabakiak hartzeko eskumena Espainiako Gobernuarena delako. Honek agerian uzten du Bilboko Udalak bere izena daraman itsasadarraren gainean erabakitzeko duen ahalmen eskasa eta ezinbestean euskal instituzioen burujabetza faltaren arazo historikora garamatza bueltan.
Argi dago asko dugula egiteko: Hasteko, pausoak eman behar ditugu itsadarrari eragiten dioten gaien gainean erabakitzeko ahalmen handiagoa izateko. Horrez gain, beharrezkoa da itsasadarrerako eredu bat modu parte hartzailean definitzea, eta bertan garatuko diren jarduerak antolatzeko irizpideak ezartzea. Azkenik, Udal Gobernuak “hiri-proiektu traktore” bezala deitutako egitasmoen inguruan eztabaida publikoa zabaldu beharko luke. Helburu hauek erdiesteko, ezinbestekoa izango da plangintza bat garatzea, itsasadarraren ekosistema babestuz, egungo errealitatera egokituko dena, bertan ematen diren jarduera ekonomikoak kontuan hartuta baina, batez ere, Udalaren i
nteresak lehenetsiko dituena. Baina hiritarrak lehenetsiko dituen proiektu komun bat osatzeko, funtsezkoa da arlo sozial eta politiko zabalaren iritzia kontuan hartzea. Itsasadarra guztiona delako, eta guztiok izan behar dugulako Bilboko Itsasadarrerako Estrategiaren garapenean parte hartze aktiboa izateko aukera.