Bi hezkuntza-sareak behar ditugu?

Bi hezkuntza-sareak behar ditugu? –

2004tik gure hezkuntza-sistema publikoan lan egiten dut. Hainbat herri, hiri eta lanpostuak ezagutu ditut. Ordezko irakasle gisa hasten bazara, Euskal Herria mutur batetik bestera ezagutzea besterik ez duzu, eta, ematen dizuten eskolan, ikasleei beren ikaskuntza-prozesuan laguntzea. Hemen aurkitzen dugu sare publikoaren eta itunpekoaren arteko lehen desabantaila-abantaila. Eskola publikoko irakasle-taldeak etengabe aldatzen ari dira. Itunpeko sarean, bestalde, nahi duten irakasle-profila aukera dezakete, eta ikastetxean mantenduko da, baldin eta egindako lana ikastetxearen gustukoa bada. Bi sareak poltsa publiko beretik elikatzen badira, bidezkoa al da bata eta bestea antolatzeko era hain desberdina izatea?

Bi hezkuntza-sareak behar ditugu?

Nire asmoa ez da, artikulu honen bidez, urrunetik datorkigun arazoa konpontzea, ez. Bi alde handi mahai gainean jartzea baizik. Ea denon artean konponbide batera iristen garen…

Bigarren aldea zuzendaritza-taldeen prestakuntza-prozeduretan pentsatzen dugunean nabarmentzen da. Egon al zarete inoiz ikastetxe publiko bateko klaustroaren bileretan hurrengo zuzendaria nor izango den erabakitzeko? Nik bai, eta ez diot inori gomendatzen: kideen arteko liskarrak eta banakako beldurrak ez dira arraroak izaten. Normalean inork ez du zuzendaria izan nahi. Klaustroak ez badu inor aukeratzen, ikuskariak aukeratuko du. Nola iritsi gara hain egoera bortitzera? Oso erraza: 1. Gaur irakaslea dena, bihar zuzendari izango da, besterik gabe, bestelako prestakuntza prozesurik gabe; eta 2. Hiru edo lau urte barru, lehenbailehen, irakasle izango da berriro. Ba al du zuzendaritza-proiekturik? Ez. Datorren ikasturterako zuzendari izendatu dute ekainaren azkenengo egunetan, eta oraindik ere ardurak ditu irakasle gisa. Udako oporrak erabiliko ditu zuzendaritza-proiektua idazteko? Norekin proiektua? “Ai, ama! Zuzendaritza-talde bat osatu behar dut! Eta atzo nire kideak zirenak, orain nire ardurapean daude! Ai, ama!” Horrela eraiki nahi dugu kalitatezko eskola publikoa?

Nik dakidanez, Euskal Eskola Publikoko Zuzendaritza Elkarteen Federazioko (HEIZE) kideek denbora daramate egoera aldatzeko lanean. Euskadiko Eskola Kontseilua 2020ren ‘Eskolako Zuzendaritza Publikoa’ txostena ere ezagutzen dut. Aurrerapausoak ematen ari dira, bai. Baina badakit, egin berri dudan ikerketagatik, ‘Eskola lidergoa lehen hezkuntzan Euskal Autonomi Erkidegoan’, bi sareen arteko desoreka egiturazkoa dela, eta administraziotik aldaketa sakonak errazten ez badira, eskola publikoaren desabantailek luzerako iraungo dutela.

Itzul gaitezen zuzendaria hautatzeko prozedurara, baina, oraingo honetan, jar gaitezen itunpeko ikastetxe batean. Bertan, aldez aurretik prestatzen ari dira behar duten zuzendari mota, eta horretarako egokiena nor den hausnartzen ari dira. Irakasleen artean norbait egokia aukeratu badute, prestakuntza berezia eskeintzen ari dira. Zuzendaria kanpotik ekartzen badute, esperientzia duen norbait kontratatuko dute, ikastetxeko hezkuntza-proiektua aurrera ateratzeko aproposena. Segur aski, beharrezko prestakuntza eskainiko zaio. Zuzendari berria, egia esan, prest iritsiko da postura, ziur aski proiektu zehatz batekin.

Bi gai baino ez ditut jorratu gainetik: irakasle-taldeen egonkortasuna eta zuzendaritza- taldeen hautaketa eta prestakuntza. Biek zuzenean eragiten dute ikasleen ikaskuntza- prozesuen arrakastan. Ikastetxeetako ikasleak gure gaurko haurrak dira, gure etorkizuneko helduak.

Gaurko eskoletan etorkizuneko gizartea osatzen ari gara. Bi sareak behar ditugu? Hala bada, bidezkoa al da bien arteko baliabide-banaketa? Ezetz esango nuke.

Bi hezkuntza-sareak behar ditugu?

Hezkuntza-Aholkularia. Donostia

5 pentsamendu “Bi hezkuntza-sareak behar ditugu?”-ri buruz

  • Zergatik tematzen zareten “euskal eskola publikoaz” mintzatzen horrelakorik gaur egun existitzen ez bada?

  • “Euskal” Eskola Publikoaren egiturazko egoera txarra ez da beste ikastetxe batzuen errua, Eskola Publikoaren patronalaren (Estatu espainiarra?) kudeaketa negargarriaren ondorio baizik.
    Itunpeko ikastetxeak guztiak zaku berean sartzea (“itunpekoak”) gaiztakeria edo inozokeria da. Ikastolek ez dute ikastetxe erlijiosoekin, adibidez, zer ikusirik.
    Gero eta argiago daukat, EUSKAL Eskola Publikoa beharko lukeenarenetik gertuen daudenak, ikastolak direla.

  • Interesgarriak aipatzen dituzun bi kontu horiek. Nago ez ote duten agerian jartzen zerbitzu publikoen ahultasun nabarmen bat: behin-behineko langileen prekarietatea, azken batean funtzionario finkoen eskubideak bermatzeko tresna gisa erabiltzen baitira (ordezkapenak…). Zer deritzozu?

  • Europako Hezkuntza Sisteman, familien egoera sozio-ekonomikoa kontuan hartuz gero, EAEko hezkuntza-sistema da familien arteko desberdintasun handienetarikoa egiten duena. Jakin badakigu, hezkuntza herritarron eskubide unibertsal eta funtsezkoa dela, are gehiago gizarte garatu batean, baina Hezkuntza Sailak, oraindik eta zoritxarrez, ikasleen arteko bereizkeria ahalbidetzen du.

    Gure sistema publiko-pribatu dual honek segregazioa ahalbidetzen du. Familiek ez dute aukera bera hezkuntzan, aukera maila sozio-ekonomikoaren araberakoa da. Eta pribatua esaten dugunean, eufemismo bat besterik ez da, guztion diru publikoaz finantzatuta baitaude. Ikastetxe horiek orokorrean elitistak dira eta egungo gizarte egoerari bizkarra ematen diote eta Hezkuntza Sailak onartzen du. Ondorioz, ikasleen arteko ezberdintasuna ikastetxeen artean areagotuz doa eta ikastetxe ghettoak geroz eta gehiago dira.

    Hezkuntza Sailak datu asko dauzka. ISEKak (Indize Sozio Ekonomiko Kulturala) bereziki aztertuz argi ikusten da zer nolako aldea dagoen publiko-pribatu artean, baina badirudi begiak itxi eta beste alde batera begiratzen dutela.

    Argi dago Hezkuntzan esfortzu handiena Euskal Eskola Publikoak egiten duela, edozein ikasle motari arreta berezia emanez, etnia edo jatorria edozein izanda ere, inor atzean uzten ez duena. Guk argi eta garbi dugu semea Euskal Eskola Publikoan matrikulatuko dugula, inklusiboa eta anitza delako, denona eta denontzat delako eta, nola ez, norbanako guztien garapen integralaz arduratzen delako. Gure herriari justizia sozialaren mesedetan ekarpen handiena zalantzarik gabe Euskal Eskola Publikoak egiten dio. GORA EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA!

    https://etakitto.eus/iritzia/gora-euskal-eskola-publikoa-arantza-mata.html?fbclid=IwAR2PtDWOcoicKnksPv2IRy2yBxR5fU_P9wrNN1AJ3cxA3h8moFBti8FuTNc