Ura, gasolina baino lau bider garestiago
Iragan astebukaeran, eta autoz zihoala, Luis Aranberri Mendizabalek, Amatiñok, botila bete ur erosi du Gorritiko Pagozelai gasolindegian. Eta alderaketa bitxi bat ekarri du bere blog-era (argazkia guk geuk hautatua da), ura eta gasoilaren prezioa dela-eta; hara!
Seguru gero, gasolina ez dela merkea. Are gehiago kontuan izanda, gasolindegira joaten garen bakoitzean litro bat ez ezik, hogei edo berrogei litro erosi behar izaten ditugula. Eta, jakina, bat-batean berrogeita hamar eurokoa atera beharra ez da inoren gustuko izaten.
Baina, hala ere, pentsa dezagun une batean gure autoraino heltzen den petrolioaren nondik norakoaz. Batetik, energia fosila da, hau da, milioika urte behar izan ditu oinarrizko materia organikoa fosil bihurtzeko. Horrez gainera, lurpean dago kokatua, hainbat kilometroko sakontasunean eta, ezertan hasi aurretik, handik atera egin behar da.
Behin kanpora ateraz gero, Zierbenako porturaino ekarri behar da, petroliontzi galantetan, Arabia, Libia, Baltiko edo Mexikotik. Petrolio gordina Punta Luceron lehorreratu, odiz Muskizko findegira helarazi, eta lau mila milioi euro inguru balio duten instalazioetan, mila langileren laguntzaz, gasolina, gasolioa eta beste hainbat produktu fabrikatu.
Baina ez da hor ezantzaren bidea amaitzen. Muskiztik, petrolio-odiz, bidaltzen da Arabako Ribabellosan CLHk dituen biltegietara. Biltegietako gasolina zisterna-kamioitan sartu, eta herriz herriz, gasolindegiz gasolindegi, banatu. Beste modu batez esanda, Muskizko findegia eta Muskiz inguruko edozein gasolidengi elkarren ondoan dauden arren, Muskiztik Muskiza (edo Euskal Herriko edozein gasolindegitara) joateko, gasolinak Ribabellosatik pasatu behar du. Joan eta etorri.
Edozein gasolindegitan, horren bidai luze eta landua egin duen litro gasolioak 1,1 € inguru balio du. Gasolindegi berean erosi daitekeen litro urak, berriz, barrena beste horrenbeste, nahiz fosila izan ez, urrunetik itsasontziz etorri ez, eta mila langileren findegian tratatu beharrik izan ez.
Aurreko asteburuan, Leitza inguruko gasolindegian, 0,333 litroko boteila ura 1,45€ kobratu zidaten. Litroa 4,35€ ez ote zen gehiegitxo esan nion zerbitzariari eta berak, ironiaz, erantzun: “Behar bada bai, baina niri ez didate proportzio berean ordaintzen”.