UPNk ez du eraginik izango bere politikak baztertzen direnean

UPNk ez du eraginik izango bere politikak baztertzen direnean –

Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdiek (PSN, Geroa Bai, Podemos) eta EH Bilduk bat egin ohi dute baieztapen horrekin: UPN garrantzi politikorik gabe geratu da. Ez da egia, zoritxarrez. ELArentzat, beste hainbat gizarte-erakunderentzat bezala, albiste ona da UPN jada Nafarroako Jauregian ez egotea, baina benetako albistea izango litzateke bere eredu ekonomiko, sozial eta kulturalari amaiera. ELAk aktiboki parte hartu zuen (krisiaren urterik gogorrenetan) aldaketa politiko eta sozial baten aldeko mobilizazioetan, Barcinaren eta Roberto Jimenezen gobernuaren murrizketen, xahutze politikaren eta klientelismoaren aurka. Asmo argi batekin; erregimen deitzen diogun horretan aldaketen agenda sustatzea.
UPNk ez du eraginik izango bere politikak baztertzen direnean
Nafar parlamentua. Arg: Jorab

Gaur egun, UPNk bere boterearen zati handi bat galdu duela, baina hala ere, bere politiken, bere eredu sozial edo ekonomikoaren zein zatik egin du atzera? Gure ustez, gai garrantzitsuetan ezer gutxi. UPN atera eta sei urtera, Nafarroako fiskalitatea Barcinaren ia berdina da, eta osasungintzan, hezkuntzan edo etxebizitzan egiten den inbertsio soziala ere ez da behar bezala handitzen. Fiskalitatea gai nagusia izan beharko litzateke, eta ezkerraren eta eskuinaren arteko konfrontazio-elementu nagusia.

Funtsezko gaiak, hala nola zaintzak eta egoitzen eredua publifikatzeko beharra, ez dira lehentasunezkoak, eta egoitzetako langileak antolatzen ari direlako baino ez daude agendan: adibidez, urtarrilaren 13rako greba-egun bat deitu dute.

UPNeko garaietan bezala, AHT aurrera doa, ingurumen, ekonomia eta gizarte arloetan jasangaitza den arren. Euskararen arloan, laguntza publiko batzuk berreskuratzea izan ezik, atzerapenak gertatzen ari dira (LEP gehienetan alemanaren ezagutza baloratzen da, baina ez euskararena). Azkenik, txiringuitoetara eta ‘Corralito Foral’en politikara itzuli gara, UGT, CCOO eta patronalarentzat finantzaketa publikoarekin (700 milioi euro baino gehiago lau urteetan), Enplegu Planaren aitzakiarekin (beti bezala). 

Ez Geroa Baik gidatu zuen koalizioak, ez PSNren gobernu honek, ez die inolako buruhausterik eman elite ekonomikoei, ez eta enpresen edo Elizaren ‘lobby’ei. Bitartean, ezkerreko alderdiak ez dira oposiziorik egiten ari. 

Abenduaren 23an, PSN, Geroa Bai, Podemos eta EH Bilduren akordioa onartuko da. Legegintzaldi honetan hirugarrengo aldiz izango da, eta aurreko aldietan bezala, austeritate politika izango da nagusi (irailean Nafarroako Gobernuak eta Estatuak %0,9ko defizit tasa adostu zuten), baita zorraren ordaina eta itzaletako ordainsaria ere (aurrekontuaten %12). 

Gainera, aurrekontu hauetan bada nobedade bat: UGT, CCOO eta patronalarentzako finantziazioa berrezarriko da (Sanz eta Barcinaren garaietatik ikusi ez zen zerbait). Orain arte Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemosek sekula ez dute aurrekonturik sinatu non diru publikoa bideratzen zen hiru erakunde horietara; oso urrats larria da, zeharo antidemokratikoa delako. 

Halaber, abenduaren 23an ontzat emango da, alderdi berberen adostasunaz, zerga-erreforma oso arin bat; bere xedea, Sozietateen Zerga ez ukitzea. Zerga honek 2000. urtean Ogasunak biltzen zuen diruaren %16 zekarren, eta gaur %7 besterik ez. Honek eragiten du urtean 400 milioi euro gutxiago jasotzea. 

Errealitate honek ez dauka zerikusirik beren buruarekin pozik agertzen diren alderdi politikoen adierazpenekin. Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu-akordioan berresten omen dute “ingurumenaren aldeko eta fiskalitatea birpentsatzeko konpromisoa”. Ezin da ulertu EH Bilduk hori Nafarroako Gobernuari aitortzea, Chiviteren gobernuak hain zuzen kontrakoa egiten duenean: hor ditugu AHTren aldeko apustua edota Elma Saiz Ogasun sailburuaren hitzak (“Enpresei ez zaie zergak igo behar”). 

Eztabaida politikoa ezin da mugatu bi aukeren artean: edo UPN-PSNren Gobernua, edo besteek gobernatzen dute PSNk nahi duen bezala. PSNrentzat errazegia da (komeni da ez ahaztea PSN bosgarren indar politikoa izatera iritsi zela UPNrekin ituna egin ondoren).

Ez litzateke gauza bera izan behar inbestidura bat babestea, edo gobernu horren politikak eta aurrekontuak akritikoki babestea. Ezker instituzionalak aldaketak eztabaidatu eta sustatu behar ditu, atseginetik eta tentsio faltatik akordio eskasak baino ez dira sortzen, desmobilizazio soziala sustatzeaz gain.

Gizarte-erakundeoi kaletik eta lantokietatik presioa egitea dagokigu. Inork aldarrikapen horiek jasotzen ez dituenean, guri dagokigu hori kontatzea eta lan egiten jarraitzea, erreferentziak eta alternatibak eraikitzeko.

Gauza bat besterik ez dugu nahi: ez daitezela UPNren politikak Nafarroan gehiago aplikatu. Orduan poztuko gara benetan ezdeusak direlako.

UPNk ez du eraginik izango bere UPNk ez du eraginik izango

ELAko koordinatzailea Nafarroan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude