“Une idéologie qui conduit au repli sur soi”

“Une idéologie qui conduit au repli sur soi” –

Senperetik jin zaigu oharra, abertzaleek dute beraz beren baitan hetsirik egoteko ideologia bat. Lehen erreflexu batean, ez nintzen baitezpada harritu, zonbat aldiz ez dugu holakorik entzun. Eta kolonizatu baten gisan, hainbeste integratu ditugun holako oharrei ez diegu beti ihardesten. Baina 2023an gira eta erran behar diegu gure eskualdearen kudeaketan parte hartzen duten teknikari, «aditu» edo politikari batzuei ez dela zernahi erraten ahal orain.

"Une idéologie qui conduit au repli sur soi"

Kontuan hartzen delarik gaur egungo Ipar Euskal Herriaren egoera, kontuan hartzen delarik abertzaleek eraman, bultzatu, proposatu eta proposatzen dituzten ekintzak edo ideiak, nork -zuzena delarik- plazara ditzake holako oharrak?

Erran-moldea irakurtzean, sagarroiaren irudia jin zitzaidan gogora. Bai noski, euskal komunitatea edo bederen haren parte bat bere baitan hetsi da beharbada, ezagutu dituen gertakarien aitzinean munduko edozein populuk ukan edo ukanen zuen erreakzioa izan du. Garai batez, sagarroiaren gisan, biribilkatu zen eta bere arantzak ateratu zituen defentsarako. Ez dugu Historia osoa eginen baina Frantziako estatuan sartu zenetik, Iparraldeko jendarteak Parisen hartuak izan diren erabaki zuzengabeak eta gogorrak pairatu ditu. Horren aitzinean, borroka luze bat eraman dute euskaldunek eta bereziki azken hamarkadetan mugimendu abertzaleak. Azken honek, nazioarteko mailan agertu diren problematiketan oinarritu ditu bere aldarrikapenak, baita bultzatu ere; ez ziren dudarik gabe frantses estatuaren gustukoak baina ez du horrek frogatzen hetsiak edo hesten girenik.

Batzuen arabera, maltzurki edo zintzoki ere, identitateen aldarrikapena gaur egun begi txarrez ikusi behar da, debru zahar batzuk berpizten dituela eta jende multzoak hesten edo murruak eraikitzen. Diskurtso, prediku eta karikatura horien aitzinean, begi bistan dugu errealitatea. Nork froga dezake abertzaleek kudeatzen dituzten herrietan, zerratzea dela eramana den politika? Nork froga dezake Iparraldean, «frantses» komunitateak zailtasunak ezagutzen dituela eguneroko bizian bere identitatea edo naziotasuna bizitzeko? Nork ditu estatistika sinple batzuk ukatuko, errealitatearen kontra joanez?

Gaur egun, Iparraldeko biztanleriaren kasik erdia ez da Euskal Herrian sortua, hori ote da eskualde hetsi bat? Gaur egun, euskara, eskualde horretan duela mende bat oraindik nagusiki mintzatua zen hizkuntza, gutitua bilakatu da eta ofizialtasunik gabe segitzen du, non dira hizkuntza eskubideak? Ez ote dira ere abertzaleak gaskoiaren alde ekintzak sustengatzen dituztenak, migranteen aldeko borrokak bultzatzen, Frantzian eramaten diren problematika edo borroka batzuetan parte hartzen dutenak ere?

Bukatzeko, ideologia bat dugula? Panorama abertzaleari istant bat interesatzen zaiona, fite ohartzen da ez dela ideologia bat baina pentsamendu eta iritzi desberdinak izan direla betidanik mugimendu abertzalean. Abertzaleak ideologia batean zerratzea, muga batzuetan ezartzea, ez dea azken finean bere hertsidura agerraraztea? Iparraldean «frantses» ikuspuntua defendatzen dutenek, zilegitasun osoz egin dezakete, zapalgailu jakobinoak bere lana egin baitu baina argi dago abertzaleek eramaten dituzten aldarrikapenak kokatzen direla mundu mailan garatu edo indartu diren eskubideetan. XX. mendean munduan ireki zen prozesu hortan, Euskal Herria bezalako herri ttipiek irekidura bat ezagutu zuten.

Ez! Abertzaleak, euskaldunak, ez dira hesten. Mundu osoan, populuen aldarrikapenak onartuak dira (Ainuak Japonian, Inuitak Kanadan, tokiko populuak Australian). Abertzaleek proiektu bat proposatzen dute, elkarbizitzan oinarritzen dena eta nehor baztertzen edo zapaltzen ez duena; azken finean, nor da bere baitan hesten dena?

“Une idéologie qui conduit au repli sur soi” “Une idéologie qui conduit au repli sur soi”

Bigarren Hezkuntzako irakaslea

5 pentsamendu ““Une idéologie qui conduit au repli sur soi””-ri buruz

  • Benat Castorene 2023-05-12 16:34

    Gehien min egiten didana ez da senpereko kolono horren aburu klasikoa, artikulu egile gisakoaren erreakzio irenikoa baizik; iparraldeko abertzale gehienak zertaratu diren erakusten duena.

  • Zertan dira abertzaleak Iparraldean? Ontsa?
    Zer, oraindik bere buaren lotsaz? Hainen kolonizatuak ote gara?

  • Joseba Aurkenerena 2023-05-13 22:00

    Euskaldun abertzaleok omen dugu, kolono frantses horren aburuz, gure baitan ixteko joera. Entzun beharrekoa! Eta frantses jakobinoek zer nolako joera dute?: beste herriak zangopetzeko, suntsitzeko eta mintzairarik eta nortasunik gabe uztekoa!! Utikan!!!

  • Benat Castorene 2023-05-14 09:28

    Frantses guziek ( anitzek jendetasunez ez badute erraiten ere) eta ez bakarrik jakobinoek ez gaituzte euskal komunitate legitimo edo normal bat bezala ikusten baizik eta talde arborigeno hetsi tipi bat bezala, desagertzera edo “idekitzera” kondenatuak epe labur edo ertainean.
    Baina egiazko arazoa da guhaurk ez dugula gehiago komunitate bat osatu nahi eta artikulu egileak aitortu bezala dena egiten dugula frantsesek hori konpreni eta jakin dezaten (aspalditik lurrak eta etxeak saldu, BABko parabisuan gozatu, gaskoia eta etorkinak defendatu, politika frantsesean parte hartu eta abar). Ez da oraiko belaunaldiaren falta, aspaldiko kontua da eta.
    Ene ustez, gelditzen zaizkigun arrastoak batuz, euskal komunitate bat berrosatzeari ez badugu ekiten alferretan jarraituko dugu kexatzen eta politikaz hitz egiten. Baina beharbada ez gara gehiago beste ezer egiteko gai eta hori dugu nahi?

  • Benat Castorene 2023-05-14 11:29

    Baina Iparraldean nabarmen ikusten duguna ez ote da antzeko beste modu batean gertatzen Hegoaldean ere?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude