Umorearen iragarpena eguraldiaren iragarpenaren arabera
Asteartea: Euskal Herrian euria ohikoa da, martxoa ere hotza izaten da. Uda bero eta lehorra datorrela dirudi. Pazientzia.
Asteazkena: Eguzkia apur bat irten da. Gaur zira etxean utzi dut. Zirimiri apur bat egin du. Esperantza.
Osteguna: Gaur ere eguzkia apur bat irten da. Euria egin arren, zira etxean utzi dut berriro. Ea asteburuan aguantatzen duen. Fedea.
Ostirala: Euria berriro. Hotza ere bai. Eguraldi petral hau berriro? Behera bihotzak. Etsipena.
Larunbata: Atertu da. Eguzkia ikusi dugu eta aterkia eta berokia etxean utzi ditut. Udaberriko berotxua igertzen da. Bihar Korrika dator. Gora bihotzak! Zoramena.
Igandea: Tipi-tapa, tipi-tapa eu-ri-a! Etxera blaituta itzuli naiz, kotxe batek “bainatu” nauelako. Alkohol usaina kalean geratu da, behintzat. Sarkasmoa. Eta Karibean bizi banintz? Amorrua.
Astelehena: Eguraldi dotorea. Eguzki ederra. Biharamun polita. Asteburuan okertuko dela dirudi. “Hau ez da posible!” Burumakur. Onarpena.
Etabar, urrian uda heldu arte.