Guggenheim, umekerien museoa?

American Spectator izen bereko fundazioaren hedabidea da, AEB-etako aldizkari politiko kontserbadorea. Eta R. Emmett Tyrrell du editore. Gizona Espainian zehar izan da bidaian eta, emazteak hala nahi zuelako, Euskal Herrian ere egin dute sartu irtena.

Bilbon, Guggenheim ezagutzen izan da; ez zaio batere gustatu. Eta horrela utzi du idatzia, bilbotar harrotasunaren ikur berria kritikatzerakoan tonu latza erabilita: “The Guggenheim and Sesame Street. A visit to Frank Gehry’s disastrous and infantile museum of modern art”.

Tyrrell-en berbak mingarriak egingo zaizkio bati baino gehiagori baina… ulergarriak dira? Ikus dezagun egun Bilboko Guggenheim Museoak gordetzen dituen bi erakusketa nagusietatik obra bana:

American Spectator-eko editoreak “Barrio Sesamo”-rekin alderatzen du museoa -“Sesame Street” da jatorrizko izena, bai, baina hegoaldean bederen, gazteleraz ezagutu genuen telesaila-.

.

Purrustadak

Arte modernoaz:“Nire emazteari gustatzen zaio eta… niri ere bai”, dio ironikoki; nahiago duela bere herrialdeko aberats akituek dirua artelanetan xahutzea jihad-a diruz laguntzea baino.

 

Edukiontziaz: Koloso moderno bat da, R. Emmett Tyrrell-en aburuz. “Gehry-ren eraikuntzak deskalabru itxuragabe bat ematen du, titanioz bildua, hiriaren kontra jo duen hegazkin baten gisara”.

 

Edukiaz: Kaltegabekotzat ez ezik, infantiltzat du estatubatuarrak museoan gordetzen den lana, bere herrikide Jeff Koons eta Jean-Michel Basquiat-en lana.

“Ez da Guggenheim-en lanak eskegi dituzten artisten lanik -horrela esan ahal bazaie, artista-, ehun urte barru gogoratua izango denik. Seguruenera, eraikina bere ere eraitsia izango da, aparkaleku bat edo, hobe, haurren jolas-parke bat egiteko. Hirigintzarakoek ez dute erabilera hoberik aurkituko Gehry-ren titanioarentzat”.

 

Koons eta bere lanaz: Kontu puzgarriak, arinki margotutako lore eta tximeletak, guztia arropaje itsusietan bildua; horixe begitandu zaio museo atariko Puppy txakurraren eta terrazako tulipa koloretsuen egilearen lana; “fantasia infantila”.

“Pornografia egin izan gura duenean ere, umekerietan galtzen da”.

 

Basquiat eta bere lanaz: Haitiko jatorria zuela esan eta “gure oinorde koloniala” deitzen dio. American Spectator-eko editorearen esanetan, “hutsala” da haren lana, graffitiz eta abarrez egina.

“Guggenheim-en 27 urterekin hil zela baino ez duzu irakurriko. Baina ordura arte gaizkile txiki bat izan zen, lo zegoela gazte hil zena, bai, heroina gaindosi batez”.

 

Laburtuz, “azalekoa eta hutsala” begitandu zaio editore saiatuari bai eraikina bai edukia. “Harrotu daiteke puri-purian den arte modernoa gordetzeaz, baina kaltegabekoa da erabat; inoiz ezagutu dudan kaltegabekoena. `Sesame Street´-en momentu gogoangarriei eskainia ematen du”.

Gainera, museoko bisitaldia denbora errekorrean egin zutela aitortzen du gizonak, “erakusketetan hogei bat minutu egingo genituen; ez genuen oroimenean gordetzeko moduko ezer ikusi”.

.

Guggenheim, umekerien museoa?Haurren gelan

Kontakizunak baina, hasieran du pasarterik esanguratsuena.

Tyrrell senar-emazteak sartu dira ezagutzen ez duten museoan, ohartu ere egin gabe, haurrek eskulanak egiteko eskumatara duten tailerrean!

“Zaindariek, harriduraz, utzi digute bistadizoa botatzen; ikusi ditugu lurreko bola, peluxe, puztutako jostailu, zabor eta ormetako graffitiak”.

“Nire emaztea, helduen erakusketak ikusten tematu da orduan. Umeenen bereizezinak dira”.

Guggenheim, umekerien museoa?

Zer duzu buruan “Guggenheim, umekerien museoa?”-ri buruz

  • Niri sinplekeria R. Emmett Tyrrell jaunaren hitzak iruditzen zaizkit. Hara, Basquiaten erakusketa, zoragarria iruditu zitzaidan niri, ikusi nuenean. New Yorken ere ezin da gaur ikusi hain ederrik. Emozionantea da koadroei darien edertasuna eta nola asmatu zuen Basquiatek lengoia berri bat nahi zuen huraxe adierazteko…
    Ez hala Koonsi eskainitakoa: ez dut esango hainbesteko bilduma ekartzeak ez daukala lanik, baina, obra bat edo beste kenduta, ez zait batere atsegin bere lana, artistarik ordainduena bada ere.
    Noramala da hori, batzuen lanak gustatzea eta besteenak ez.
    Egia da Guggenheim Museoak bere kortako artistak mugitzen dituela gehien, baina nork ez du egiten hori. Egia da, halaber, kolonialismo kutsu bat ere badariola bere zereginari… Baina hortik gauzak hain sinple esatera, tartea dago.
    Picassoren Guernicaren aurrean, Miró, Tapies edo Oteizaren lanen baten aitzinean zenbatek ez ote du esan “nik ere egin dezaket txorakeria hori”. Izan ere artaburu ezjakinak beti egon dira eta leku guztietan, baita Ameriketan ere.