Umegintzarako oinarrizko gida (II)
Umegintzarako oinarrizko gida (II) –
4. Erditzea
Nahiz eta azkenean erditzea modu askotara gauzatu daitekeen, orokorrean komenigarria izaten da erditze-prestaketa burutzea. Gorputz-kontzientzia eta bereziki perinearena hartzea edota erlaxazio teknikak ikastea onuragarria da. Baita norberarekiko konfidantza sendo mantentzea ere.
Ospitalean zein etxean erditzea aukeratu, erditze plana deitzen dena idatzi behar da, erditzea nola burutzea nahi dugun azalduz: ondoan nor egotea nahi dugun, ahalik eta postura fisiologikoena hartu nahi dugun edo batez ere mina arintzeari garrantzia ematen diogun eta abar. Garrantzitsua da norberarekiko bezala emagin eta ginekoloengan ere konfidantza izatea eta ahal bada erditzeari buruz aurretik haiekin hitz egitea.
Gure gorputza naturalki prestatuta dago erditzeko eta kontrakzioak eta dilatazioa giro barean eraginkorrago eta azkarrago garatzen dira. Horregatik, erditze tokia edozein delarik ere, barne-lasaitasuna mantzetzen saiatu behar da, erditzeak barnetik eskatzen digun horretan murgilduz.
Kontuan izan behar da erditze batean hormona eta sentipen ekaitz bat gertatzen dela. Ondorioz egoera psikologiko berezia bizi dezakegu,are gehiago erditzeak luze jotzen badu, eta nahasirik senti gaitezke. Ez diogu beldur izan behar une horretan pentsamendu irrazionalak agertzeari (areago, erditzean sakon murgiltzearen ondorio izan daiteke eta horrek erditzea erraztu dezake), baina aldi berean prest egon behar dugu erditzearen eboluzioaren arabera erabaki razionalak hartu edo baimentzeko. Honetan oso garrantzitsua izango da gure ondoan egoteko hautatu dugun pertsonaren papera, guri babesa, goxotasuna eta kemena emateaz gain, gure ekaitz hormonalik gabe, erditzea beste ikuspegi batetik baloratzeko eta balorazio horiek gurekin partekatzeko moduan egongo delako.
Funtsezkoena, erditze naturala, medikalizatua zein zesarea izan, amaren eta niniaren osasuna.
.
5. Erditze-ostea eta jaioberriaren aroa
Ninia umetokitik kanpora ateratzean, inolako autonomiarik ez duen izaki ahula da oraindik. Horregatik lehen asteetan umetokitik kanpoko “haurdunaldi” batek jarraitu behar du.
Jaioberriak ahal bezainbat kontaktu izan behar du amarekin eta amaren bularraldea izango da bere kabi berria. Garai honetan ezartzen da amaren eta niniaren arteko atxikimedu berezia, begiraden, larruaren kontaktuaren eta edoskitzearen bidez.
Beraz, garai honetako lehentasunak hiru dira. Amaren erditze-osteko errekuperazioa edo puerperioa, jaioberriaren biziraupena eta ama-ninia loturaren ezarpena.
Puerperioak 40 egun inguruko iraupena du eta progresiboki emakumearen organuak haurdunaldi aurreko egoerara itzultzen dira, bularren salbuespenarekin. Hauek lehenik kalostroa eta gero esnea ekoizten hasten dira ninia elikatzeko.
Egun horietan aldaketa hormonal handia gertatzen da emakumearengan eta ahal bezain ondoen gertatzen laguntzen du hain zuzen jaioberriarekiko harremanak. Zenbat eta harreman gehiago (kontaktua, edoskitzea) oxitozina gehiago jariatzen da eta horrek on egiten dio amari zein jaioberriari.
Erditze-osteko lehen asteetan amak odol jarioak izaten ditu eta anemia arriskua zaindu behar da. Ondo elikatu eta ur ugari edatea beharrezkoa da, bai errekuperatzeko eta bai esnea sortzeko (kontuan eduki behar da edoskitzeak kaloria beharrak areagotzen dituela).
Bestalde ahal bezainbat atseden hartzea funtsezkoa da eta kontuan izanik lehen garai honetan niniaren loa egonkortu gabea dela (eta beraz gauetan hainbatetan esnatzen dela) oso garrantzitsua da amak bere erritmoak niniarenari egokitzea. Jaioberria lo dagoenean amak ere lo egin edo gutxienez atseden hartu behar du ahal duen heinean (lehen egunetan batez ere).
Lehen aste hauetan ama-ninia intimitatea eta giroa elikatu behar da batez ere eta ez da jaioberria hiper-estimulatu behar. Jaioberriarentzat kanpoko mundura egokitzea bera jada aski estimulagarria da hasiera honetan. Beraz, ahal den kasuetan, lehenik amarekiko atxikimendua landu behar da, gero etorriko da aitarekikoa eta hurbilekikoa (jakina, lehen aldi honetan ere aitak edota hurbileko pertsona gutxi batzuk ere eduki dezakete edota eduki behar dute harremana jaioberriarekin) eta geroago progresiboki sozializazioa.
Epe honek jaioberriaren lehen 3 hilabeteak hartzen ditu bereziki eta hortik aurrera, apegoaren oinarriak sustraiturik, pixkanaka kanpoko “haurdunaldi” garaia bukatu eta niniak eta amak ez dute fisikiko hain itsatsiak egon beharko.
Garai hau horrela aurreikustea oso garrantzitsua da ama eta bikotekidearen harremanerako ere. Ondo jakin behar da lehen hilabete horietan ama-jaioberria lotura zein garrantzitsua den. Eta ondo jakin behar da halaber, epe hori ez dela behar baino gehiago luzatu behar. Errespetatu behar den aro bat da, baina gero amak niniari ordu gutxiago eskaini eta bere ohiko jarduerei, bestelako zereginei eta bikotekide, senide eta lagunekiko harremanei atentzioa eskaintzea ere beharrezko ezezik onuragarria da. Baita beharrak asetuak dituen eta apegoa ezarria duen txikiarentzat ere.
Prozesu horretan funtzio onuragarria joka dezake txupeteak, niniaren xurgatze beharra amaren bularretik at asetzea ahalbidetuz.