Euskaraldia

Euskaraldia –

Ezer baino lehen, zorionak, denbora luzez eta ilusio handiz ekimen Euskaraldiahonen prestaketa lanetan ibilitako hainbat eta hainbat gizon-emakumeri.

Ekimen honetarako erakundeekin lortutako adostasuna eta elkarlana ere zoriontzeko omen da, baina puntu honetan utzidazue nire mesfidantza agerian uzten, berrogei urteotan boterea eta baliabideak izanda erakutsi duten axolagabekeria eta utzikeria ikusita ez baitidate, niri bederen, inolako konfiantzarik eragiten.

Azken aspaldian euskararen inguruan egin den ekimenik interesgarrienaren inguruan betor plazara zenbait hausnar:

.

Euskaraldia izenetik hasita

11ko horri euskaraldia izena jarri badiogu nola deituko genioke aurreko berrogei urteko tarte horri? Erdaraldia, aukeran.

Urteotan batere inkestarik egin gabe ere euskararen erabileraren beherakada eta harekin batera hizkuntz kalitatearena -bi hauek beti baitoaz elkarrekin- hain gauza nabarmena zenean, baliabideez ondo horniturik zeuden erakunde horiek ez dute kezka handiegirik erakutsi haiek abian jarritako hizkuntz politika antzua zuzentzeko eta beste norabide bat emateko.

Euskaraldia,erakundeen pasibotasunak eta hizkuntz politika antzu batekeragindako erdaraldi luze baten ondoren dator, eta ohi denez, ezin bestela izan,herritik aterata eta hark bultzatuta dator.

Uste izatekoa ere bada -eta oxala erdia ez ezik osoa ere balu usteak- hamaika egun horiek pasata ez ote garen beste erdaraldi luze batean sartuko.

.

Orain artekoa

Franko hil ondorengo urte haietan ezarri zizkiguten erakunde haiek, autonomikoak, noiz eta herri ekimena inoiz baino sendoagoa zegoen garaian: ikastolak, euskalduntze alfabetatze mugimendua, UEU, gazte mugimendu sendoa, euskarazko komunikabideak martxan jartzeko ideia dantzan….

Egungo talaiatik ikusita baina, balirudike, bazegoen lehengai hori, hauspotu, sustatu eta garatzen lagundu beharrean kontrako papera betetzera etorri zirela 78ko erregimen hark jarritako erakunde haiek eta aldeanhelburu bakar bat zutela: herri ekimena zen guztia deuseztatu eta desagerraraztea.

Tarte horretan izandako gertaera batzuen zerrendatxoa nahikoa, hori horrela dela baieztatzeko: Euskalduntze-alfabetatze mugimenduari galga jartzeko HABEren sorrera; ikastolen herri funtzionamendua edo herri eskolak trabatzeko hezkuntza lege guztiz korapilatsuak, sorburuak eta eta mugarriak Madrilen zeuzkatenak; euskara eta euskal kultura sendotzeko eta hedatzeko tresna gotor bat izateko jaiotako EITB, Espainiako hedabideekin lehiatzeko -baina soilik audientzia kopuruetan ez linea editorialean eta sorkuntzan bestelako zerbait erakusteko- tresna bihurtua dugu egun, haren zaldunik indartsuena den ETB2ren bitartez; UEU bazter utzita euskarazkoa izateko batere bokaziorik ez duen UPV hau antolatu ziguten; Euskaldunon Egunkaria abian jartzeko garaian erakundeotatik jarritako oztopoak ez ziren nolanahikoak izan eta ez dugu ahazteko Egunkaria lurperatu nahian atera zuten 0 zenbakia besterik ezagutu ez genion beste hura…e.a.

Garai hartan Espainiako erregimen berriaren baitan etorritako erakunde haiek ez dute beren ekintzetan inolako asmorik erakutsi euskara zulotik ateratzea helburu politika serio bat martxan jartzeko, bai ordea, horretan ari ziren herri mugimendu eta norbanakoak deuseztatzeko. Egungo diskurtso ofizialetan ere hainbestetan errepikatutako aniztasuna, elkarbizitza eta ezberdin pentsatzen dutenekiko errespetua bezalako hitz kanpo-larrosen azpian espainiera eta Espainiatik datorren guztia gure burmuinetan sartu besterik ez dute egin.

Egun, espainolagoak gara 78an baino.

Guztia erakunde bihurtzeko prozesu horretan, hezkuntzaren izena eta izana ere guztiz lardaskatu digute, eta haien agindupean den eskolaren esparrura murriztu dute hain gauza zabal, konplexu eta askotarikoa den norbanakoaren heziketa. Ezarritako sistema honen arabera hezkuntza eta eskola parekatu dituzte gauza bat eta bera balira bezala eta bazter utzi norbanakoaren heziketan guztiz funtsezkoak diren esparruak: etxea, lagunak, plaza, komunikabideak, kultur ekimenak e.aAntza denez, Madrilen hainbeste negoziazioren ondorioz, euskarak oso garbi seinalatutako funtsezko idei bat itotzen utzi dute ahanzturaren putzuan: Umeak zer ikusi horixe ikasi.

Sistemaren pulpituetako bat besterik ez den egungo eskolaren bitartez berdintasuna, elkarbizitza, bortxaren kontrako mamirik gabeko prediku xuriak trumilka jasan ondoren bizitza errealean plazan, etxean, telebistan… justu kontrakoa aurkituko du ume bai baina tonto ez den umeak. Eta horixe ikasi.

Hizkuntzarekin beste horrenbeste gertatu da: eskolan euskararen aldeko aldarriak gogaitzeraino jaso ondoren, helduen munduak, mundu errealak, erdaraz funtzionatzen duela garbi ikusi du umeak. Eta horixe ikasi.

Haurrei eredu guztiz penagarriak ematen hasi ginen garaitsuan -kontsumoa eta norgehiagoka, indartsuak ahula hankaperatzeko onespen sistematizatua, jakiteko eta ikasteko grina transmititu ordez tituluak saldu , jakinduriaren ordez azterketak gainditzeko amarruak, euskara kuttun dugula baina bizitzeko erdara beharrezkoa delako mezuaren transmisio sotila…- asmatu zituzten hezkuntzan ereduak: A, B, D…Elkarbizitza eta berdintasuna diskurtsoan gogait egiteraino erabiltzen hasi zirenean hasi ziren haurtzarotik segregazio eragiten A, B, D…

Bestela ere esan liteke: helduen euskalduntze eta alfabetatzea -hala marko akademikoan nola, eta batez ere, kalean eta gizartean- guztiz bazterrean uzteak ito egin du erakunde ofizialen apustua izan zen eskolatik berreuskalduntzea. Umeari gizartean ez dagoena eskatzea bidegabekeria handia izateaz gain ezinbestean dago porrotera kondenatuta, umeak helduak, gurasoak, senideak eta lagun zaharragoak izango ditu beti eredu.

Guztia esatera ordea, esan egin behar da autokritika egiteko proportzioan ere egon gintezkeela: jendea, herria, herri mugimendua, norbanakoa…pixkanaka giharra galtzen eta desagertzen joan zen; autokritika diot agian inozoki erakunde horiekin fidatu ginelako edo etsi egin genuelako edo erosotasunean erori edo kontsumoaren feriak itsutu egin gintuelako, akaso.

.

Eta orain zer?

Iragan hurbilari errepasoa emanda, galdera erraz dator: eta orain zer? Egunotan hemen eta han irakurri edo entzundakoak kontuan hartuta, nik dikotomia faltsuen tirania izena jarri diodan fenomenoa aipatuko nuke:

1. dikotomia faltsua: ezagutza&erabilera.

Historia hurbilari eman diogun errepasoa nahikoa konturatzeko dikotomia honen faltsutasunaz: Hizkuntzaz ari garela benetako ezagutza aberats, sortzaile eta bizia erabileraren bitartez soilik etorriko da eta era berean erabilera zabaldu, normalizatu eta natural bat izateko bide bakarra ezagutza aberats, sortzaile eta bizi hori dugu. Gurpila da bi elementu horiek elkar elikatzen dutena eta ez bakoitza bere tiraderan gordeta zientziak araka dezan. Ahaztu egin zaigu, antza, hizkuntza bizitzaren atzetik doala, bizitza izendatzeko eta azaltzeko ahaleginean tresna besterik ez dela eta bizitzarik gabe ez dagoela hizkuntzarik.

Baina ez gaitezen galderatik gehiegi urrun: eta orain zer? Erantzuna: Orain erabakitzeko dugu Hizkuntza bizitzeko nahi ote dugun ala herritarrak -frantses edo ingelesarekin egiten den bezala-merituen arabera sailkatu, banatu eta tituluz josteko (B1, B2, B3…). bide honetatik, badirudi euskaraz nekez moldatzen diren tituluz ondo hornituriko gizon-emakumeen gizartea eraiki nahian gabiltzala. Eta nik behintzat, ez dut holakorik nahi.

Helburua euskara normalizatzea dela denok onartuko dute baina normalizazio hori zer ote den zehazten hasita, orduan komeriak. Eta orain zer? Orain erabakitzeko dugu normalizazioa esaten dugunean zertaz ari garen. Normalizazioari bi zentzu guztiz ezberdin eman ohi zaio:

1. Zentzua: Bizi garen komunitate autonomoan euskaldunak hor egongo direnez haiek konformatzeko, gehiegi ez haserretzeko eta batez ere isilik egon daitezen (isilik!!!!) mekanismo batzuk martxan jarri (itxurak egingo dituen Etb 1, administrazioarekiko harremanetan euskaraz zerbitzua emateko modua (siquierequeseleatiendaeneuskarapulse2), udaletan euskara zerbitzu batzuek, B1, B2, B3 tituluen banaketa itxuragabea, kultur produkziorako laguntzatxoak e.a.

2. Zentzua: euskararen normalizazioa biztanle guztiak gutxienez ulertzeko moduan dauden unean soilik etorriko da eta hizkuntz hegemonikoa, erdara hor egonda ere, euskara izango da. Kasu honetan estres linguistiko deituriko hori maitasun handiz pasatu beharko genieke erdaldunei, eta maitasun handiz diot batere ironiarik gabe, euskaldunok lagundu beharko baikenieke guk jasan duguna haiek ez jasateko, aldea hala ere handia da: gure kasuan zikiratze bat dena (zure hizkuntza zuloan gorde behar), haien kasuan gehitzea da, aberastea, haztea.

Esan beharrik ere ez dago: Hizkuntzaren normalizazioa egun guztiz minorizatua den bigarren bide honetatik etorriko da, ala ez da etorriko.

2. Dikotomia faltsua: Norbanakoa&instituzioa

Egunotan berriro ere suspertu den eztabaida: Batzuen “instituzioek dena utzi dute herritarraren bizkar” versus besteen “instituziook ezin dugu ezer egin herritarren bultzadarik gabe”. Honetaz ere, gauza bera esan dezakegu elkar elikatu eta hazi ezean nekez egingo da aurrera. Tiraderei su eman gurpila martxan jartzeko. Helburuak normalizazioaren bigarren zentzu hori duela argituta, horretara zuzen doan hizkuntza politika sendo bat abian jartzearekin batera norbanakoak bere egunerokoan jarrera irmo baina aldi berean eskuzabal, inklusibo eta emankorra erakustean egingo dira aurrera-pausuak. Ez ginateke lehenengoak izango, hor dira Letonia edo Estoniaren adibideak.

Arazoa baina begi-bistan da: gurpila pirritan ikusteko bi elementu horien bultzada behar badugu nik behintzat nekez ikusten ditut gurpilari bultzaka egun agintari ditugun urkullu hauek, Kanadara joan eta vaskuak zein bereizi garen espainolez azaltzen dutenak edo euskaraldia hasi zen egunean legebiltzarreko lehenengo diskurtsoa erdaraz ematen dutenak edo…aniztasunaren eta besteekiko errespetuaren izenean egun batean bai eta hurrengoan ere bai, espainiera normalizatzen aritzen den morroi-espezie akonplexatu hau.

Harrigarria da berrogei urteotan euskal abertzaletasun abaniko osoa zein etxekalte aritu den euskararen suspertze eta normalizazio prozesuan eta zein lan fin egin duten espainieraren normalizazioan.

Berriro ere toki berean bukatu behar:

jendearen bultzadaz etorriko da, etortzekotan, espainiartze prozesu errukigabe hau gelditu eta euskaraz bizi ahalko den lur zatiaren eraikuntza.

Euskaraldia Euskaraldia Euskaraldia Euskaraldia Euskaraldia Euskaraldia Euskaraldia Euskaraldia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude