Ulertu behar duzue gure lana dela
Behin baino gehiagotan pentsatu dut zein nekeza behar duen izan irudi-ehizak. Orduak, ezkutuka dabilen target-a noiz agertuko zain. Prentsa arrosa datorkit burura horretaz pentsatzean. Ez bakarrik irudi gosez dabiltzalako —kazetari ofizioko gai guztietan horrela baita— baizik eta haien eginbeharraren fruitua hain delako ustela. Zerbait kontatu behar horrek sortzen duen antsietateak inguratzen ditu kontakizun horiek —berdin Iñaki Urdangarinen epaitegietarako desfilea edo halako futbolari beste halako modelorekin muxuka—. Ez naiz ni izango espazio publikoan kamera-jarraipenen zilegitasunaren aurkako gurutzadan sartuko dena. Aldiz, ezin umiliagarriagoa iruditzen zait kazetari-kamera batek jazarpen doilorra justifikatu behar izatea. Esate baterako, atzo eta gaur gertatu da, Donostian, eta helburua Domingo Troitiño etakide ohia izan da.
26 urte kartzelan egin eta gero, kalean utzi dute, Estrasburgok bere giza eskubideak urratuak izan zirela ebaztu ostean. Troitiñoren askapenak zalaparta sortu du Espainian, 21 lagun hil zituen Bartzelonako Hipercor-eko lehergailua jartzeagatik zigortu baitzuten.
Ostiralarekin, espetxe atarian kamerak zain zituen. Egunkariek Troitiñoren gaizkia agerian utziko zuen irudia lortu zuten. Preso ohia eskuarekin kamerak estali nahian jarri zuten azaletan.
Biharamunean, Antena3 kateko kameralari batek, Troitiño Intxaurrondo auzoko herriko-aren atarian grabatu zuen; urruneko zuhaitz artetik, teleobjektibo galantarekin. Aita-semeak agertzen dira, bistan denez, zoriontsu, behingoz murruetatik kanpo elkarrekin zirelako.
Gaur ere eszena mediatikoa errepikatu da. Domingo Troitiñoren etxe ondoan kamerak zain zeuden, euripean. Semearekin batera erosketetatik heldu denerako prest. Eginkizuna kazetari euskaldun baten esku utzi du Atlas agentziak. Horri buruz, ez dut interpretazio maltzurrik aterako. Hemen bideoa (irakurtzen segi aurretik irakurtzea gomendagarria delakoan nago).
“Egun On. Kaixo. Zer moduz zaude?”, galdetu dio; erantzunik ez. Ondoren, eskilaretan gora etxe atariraino egin dute kamerak eta kazetariak (pertsona bera ez bada). Berriz saiatu da eztarriko korapiloa ezin askatuta desenkusatzen: “Kaixo. Barkatu. Ulertu behar duzue gure lana dela. Barkatu, e? Zer moduz zaude. Ondo?”. Bideoa hor mozten da. Pentsa daiteke erantzunik ez dela jaso.
Aitortu behar dut kasu honetan tristura gehiago ematen didala jazartzaileak jazartuak baino. Ogibidetzat kartzelatik atera den gizona zelatatzea duen horren pena. Ondo baitaki nahi ez duen lekuan dabilela; nahiago luke prentsaurreko arrunt aspergarri batean egon. Aldiz, hitz-erdi baten atzetik dabil, keinu edo imintzio baten bila, gerora editatu eta notiziatu dadin. Agindutakoa arrakastaz bete nahi du, unean lotsagorritu dezakeen arriskurik hartu gabe.
Jakin badaki sofan eserita daudenak aztoratzeko jaio direla bere irudiak. Kurioski, denek saihestu nahi duten biktimen umiliazio hori sumatu nahian dabilela. Asmoa hori da, ez besterik. Badakigu zertaz ari garen. Irribarre bat. “Oso ondo nago”. Errieta bat. Maltzurra maltzur eta biktima biktima. Enegarrenez onak ondu eta txarrak txartzera. Josu Uribetxeberria, etxeko korridorean gezurrekin atera zizkien hitzengatik, kartzelara bidali nahi izan zuten.
Desmasia informatibo honen testuarekin amaitzeko, gelditzen zaidan desio bakarra hau da. Neu ez izatea “ulertu behar duzu, nire lana da” zurituz giza miserien zauriak zirikatzeko bazka eske dabilen morroia.