Uger egiten dator Marijaia Bilbora!
1978an sortu zen Bilboko Aste Nagusia, bilbotarrek sortutako festa ez erlijiosoa, eta ordutik du ikur Marijaia.
Urtero-urtero Marijaia erraldoi berri bat egiten dute, buruhaundi eta erraldoien antzera. Jaien hasieran, abuztuaren 15 igaro eta hurrengo zapatuan -horregatik da aurten horren berantiarra-, Txupinera eta Pregoilaria laguntzen ditu Arriaga antzokiko balkoitik.
Pregoilaria Bilbo edo Bizkaiko pertsona ezagun bat izan ohi da, eta txupinera konpartsetako kide bat, emakumea. Aurten Gurutze Beitia aktoreak irakurriko du pregoia, eta Txomin Barulloko kide batek botako du etxafuegoa (gaur 19.00etan), Oihana Pascualek.
Bilbo festa zurrunbiloan murgilduko da gero, Marijaia kalean gora eta behera dabilela, goizean goiz hasi eta goizaldean buka. “Aste bat betetzeko hamar gauren beharra edukita, zein ganorabakori otuko zaio 24 orduko egunagaz konformatzea?”.
“Euskal emakume tradizionalaren irudira egina, buruan zapia eta soinean eguneroko jantziak dituela; itxura komikoa du, aurpegiera irtena eta gorrixka, mardula. Besoak gora ditu, baikortasunaren eta dantzan dabilenaren seinale”.
Mari Puri Herrero (Marijaiaren sortzailea).
.
Azken jaiak hamar karteletan:
.
“Badator Marijaia” kantua
Kepa Junkera errekaldearrak “Badator Marijaia” kantua ondu zuen 1997an, Edorta Jimenez idazlearen berbekin.
Konponketak Ibon Koteronek (gaita) eta Sabin Bikandik (txistua) egin zituzten eta ahots nagusiak Alex Sardui, Francis Diez, Gorka Sarriegi, Maixa Lizarribar, Ixiar Oreja, Garbiñe Sagastibeltza, Amaia Oreja, Natxo de Felipe eta Antxon Latxarenak dira.
Aste Nagusia / bakarra dago / hamar gauekoa / munduan.
Abuztuan Bilbon / danok kalera / katuek eurek be / jaietan.
Mari, Mari / Marijaia dator / Mari, Mari / Marijaia dator / Uger, uger / Bilboko uretan / Mari, Mari / Marijaia dator
Abuztuan danok / zahar eta gazte / gizon eta andre / jaietan.
Zapia lepoan / alkar hartuta / kolore guztiak / dantzetan.
Goxa eta erlojua / ez ei doaz batera / bata edo bestea / zoratu egin da.
Hara hara hara / hara nor datorren / hara hara hara / gure Marijaia.
Ene ene ene / oi ai ene bada / aste hau pasata / barriro joango da.
Marijaia bera / gure Marijaia / Bilbora etorri da / Aste Nagusira.
Aste Nagusi / bakarra munduan / bakarra munduan / Marijaia.
Topaguneko “Harrapazank 10. edizioko finalistak eta beste hamaika kolaboratzailek Badator Marijaia bideoklipa grabatu dute aurten, Bilboko jaietan”.
.
Sorrera eta eredua
Bitxikeria modura, beste hiru argazki, hauetan ere ikusi du bateren batek Marijaiaren sorrera edo etorria-eta:
Baga, Tizianoren “L’Assunta“ (azpiko argazkian atal bat baino ez da ikusten). Mari Puri Herrerok margolari italiarra eredu zuenez, Andre Maria besoak gora dituela ikusi eta… bateren batek Marijaia ez du ikusi ba!
Biga, 1979 eta 1990 urteen artean Erresuma Batuko lehen ministro izan zen Margaret Thatcher. Argazkian 1979ko maiatzaren 4ko hauteskundeen emaitzak ospatzen dago, eta beraz, urte bete lehenago sortu da Marijia. Baina ez esan Burnizko Dama deitua Bilboko jaien ikur haragitua ez denik!
Higa, CNT anarkosindikalisten Mujeres Libres erakundea. Afixako emakumeak, Marijaiaren tankerakoa hau ere, argi dio: “Askatasunaren alde borrokatzen diren guztiek osatzen dute zure familia!”.
.
Bilboko ikur nagusietakoa
Bilbotarren artean pertsonaiarik maiteenetakoa da Marijaia, hiriaren ikur nagusienetakoa.
Bilboko Konpartsak, esaterako, marraz egindako Marijaia sinplifikatu bat du erakundearen ikur, bide batez esanda, 1998an Athletic taldearen mendeurrena ospatzeko Ignacio García Erguin artistak sortu zuen logotipoa gogorarazten duena (edo alderantziz):
.
Marijaia erabili izan da
Arestian esan dugun bezala, Aste Nagusiako ikurra izanik, Bilboko Konpartsek ohikoa dute Marijaiaren irudia erabiltzea (edalontzi eta afixetan, besteak beste); alkatetzarako ere proposatu zuten:
Aparte, Marijaia erabili izan dute hotel baten gelako apaingarri legez, Loteriako billeteetan, Bilboko Gabonetako argietan edo titare legez, baita goi-mailako joskintza soineko legez ere, Pilar Diaz de Arranz eta Peio Duran diseinatzaileen eskutik!
Baita kamisetetan, postaletan, mozorroetan, apaingarri gisa edo marrazkietan ere; erabili izan da Marijaia, eta nola ez, tankera guztietako panpina mordo batean:
.
Marijaia, bestondoan Iñaki Azkuna zenarekin:
Uger egiten dator Marijaia Bilbora!
Hertzaintza Georgiako polizia brutalitate irudietan:
http://www.dazeddigital.com/artsandculture/article/21304/1/teen-developers-make-an-app-to-track-police-brutality
Ez nekien non jarri hau. Baina kuriosoa ezta?