UEMAk web orria berritu eta sare sozialetara jauzi egin du
UEMAk badu bere burua ezagutzera emateko behar bat. Nor den, zer egiten duen, nondik datorren, nora doan… eta antzeko galderen erantzunak gardentasunez iritzi publikoaren aurrean esposatzeko nahi bat. Horregatik, ildo berria abian jartzen ari den honetan komunikazioari garrantzia berezia eman nahi dio. Eta apustu horretan kokatzen da www.uema.org web orria berritu izana, baita sare sozialetara jauzi egin izana ere; twitter, facebook.
Mankomunitateak udalerri euskaldunentzat eskaintzen dituen zerbitzuetatik haratago, aipatu udalerrien arteko elkarlana sustatu eta berauen erabateko euskalduntzea bultzatzen dihardu. Horretarako , ezinbestekoa da euskararen arnasgunerik zabalena diren udalerri euskaldunek gure hizkuntzaren geroan jokatzen duten paper garrantzitsua aitortzea eta beharrezko diren neurriak hartzea. Udalerri euskaldunetako herritarrak gaiaren inguruan sentsibilizatu nahi dira, baita udalerriotan eragiten duten beste instituzioen inplikazioa bilatu ere.
Horregatik eta horretarako osatu du UEMAk web gune berria. Komunikaziorako bitarteko propioen bidez, mankomunitatearen jardueraren berri ahal den ondoen, azkarren eta zabalen emateko:
- Web orri berriaren diseinu moderno eta erakargarriari lotuta, orain dela 22 urte sortutako mankomunitateak gaurkotasun handia duela frogatzen da. Eta albisteen atalari eman zaion garrantzia kontutan hartuta, UEMAk baduela zer esateko konturatuko gara. Azken finean, mezua indartu nahi da. Eta horregatik, Mankomunitatearen egitasmoak eta haren ekintza planak markatuko dute web orriaren egunerokoa. Albisteen atalean, UEMAko herrietan sortzen diren euskarari lotutako berriak ere bilduko dira.
- Web gunearen goi atalean UEMAk bere burua aurkezten du; nor gara, helburuak, egindako ibilbidea, biltzen dituen udalerriak, hitzarmenak… Modu sinple eta gertukoa erabiliz UEMA ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du. Baita, hala nahi izanez gero harreman zuzenerako bideak ireki ere.
- Mankomunitatea izaki, eskaintzen dituen zerbitzuak atal berezituan gorde ditu web gune berrituak. Udalentzako eta herritarrentzako bereizita, erraz topatuko du erabiltzaileak jaso nahi duena. Nahiz eta, zerbitzuetako atal batzuk, udal espedienteak edo trebakuntza esaterako, udaletako teknikarien eskura bakarrik egongo diren.
- Multimendiako atal propioa jasotzen du web guneak argazki eta bideoen bitartez emaria erakargarriagoa izan dadin. Sare sozialetarako lotura zuzenak berriz, UEMA sare sozialetan ere aurki dezakegula egiaztatzen digu.
Orria zabalik dago edonorentzat. Lehengo orri zaharrean baino baliabide gehiago daude eskueran eta erabilgarritasun handiagoa du. Gonbitea egina dago nahi duenak web orria bisita dezan… eta erabilgarri zaizkionak eskura ditzan.
Urte askotarako!
Zorionak!!
Baina, bide batez, ez da “web orria” ezta “web gunea” ere, berritu duena webgunea da (webguneari “web orria” deitzea liburu bati “orria” deitzea bezala da)