Udal liburutegien alde
Udal liburutegien alde –
Iban Zalduak Arabako Alea agerkarian.
“Kulturarako sarbide plurala eskaintzeaz gain, komunitatea egiten laguntzen dute”
Duela urte asko, Gasteizera bizitzera etorri nintzenean, gehien harritu ninduen gauzetako bat udalak eskaintzen zituen gizarte- eta kultura-zerbitzuen kantitatea eta kalitatea izan zen. Ez zuelako zerikusi handirik garai hartan nire jatorrizko hiriak, Donostiak, eskaintzen zituen urriagoekin; Donostia oso polita da, eta nahi duzuen guztia, baina turistentzako hiri bat zen orduan ere, bertako biztanleentzako baino, eta aldea nabaria zen –orain, irudipena daukat, agian ez hainbeste, azken hamarraldietan Donostiak ere aurrera egin duelako zerbitzu sozial eta kulturalen arloan, eta azken urteotan geldialdi sintomak nabaritzen direlako Gasteizen alor horietan ere–.
Zerbitzu horien artean, gehien erabili ditudanetako bat liburutegietakoa izan da. Lehenik eta behin, Floridako Kultur Etxekoa, ikasle gisa eman nituen urteetan sarritan erabili izan nuena, baita udal liburutegietakoa ere, gizarte-etxeekin batera hazten ikusi izan ditudanak –hiri honentzat harrotasun motiboa izan beharko luke gizarte-etxeen sareak–. Nirea Aldabeko biblioteka da, eta han beti sentitu izan naiz oso ondo hartua, langileei alamen handia ematen diedan arren. Nahiz eta, ondo pentsatuta, hiriko liburutegi guztien onuraduna naizen, funtsean, sarean lan egiten dutelako –adibidez, edukien maileguan–, eta antolatzen dituzten kultura-jardueren –hitzaldiak, irakurketak, errezitaldiak…– eskaintza zabalari ere etekina ateratzen diodalako. Bibliotekak liburu eta DVDen gordailu eta mailegu-emaileak baino askoz gehiago dira, aspalditik.
Denborarekin, eta tamalez, liburutegiekiko harreman horretan, udalaren irudia –kudeatzaile gisa alegia– apur bat lausotzen duten kontuen berri izan dut. Adibidez, harritu egin ninduen jakiteak liburutegietako langileak ez zirela udal langileak, udalak azpikontratatutako enpresa batekoak baizik. Hau da, udal-aurrekontuaren eta erabiltzailearentzako zerbitzuaren artean enpresa bitartekari bat dagoela, “keynesianismo estraktibista neoliberala” dei genezakeenaren joerei jarraiki. Enpresa horren helburua, jakina, ez da onura publikoa, mozkina baizik, eta, ondorioz, ez die kategoria bereko udal-langileen soldata berak ordaintzen bibliotekariei. Kategoria bat, bide batez, liburutegiko teknikariena, azken hitzarmen kolektibora arte aitortu ez zaiena: duela gutxira arte liburutegiko laguntzaileak ziren, nahiz eta hori ez zetorren bat betetzen zituzten funtzio gehienekin.
“Liburutegiek hobeto egingo dute lan hori zenbat eta bertako langilea hobeto babesten dugun”
Oraintsu liburutegi askoren ordutegia laburtuko duela iragarri du Gasteizko Udalak, eta zerbitzuaren murrizketa hori liburutegietako langileek planteatzen zituzten eskakizunekin lotu du: barneko lanerako denbora gehiago izatea hain zuzen. Izan ere, biblioteketako langileen lana ez da mostradorean arreta ematera eta liburuak apaletan kokatzera mugatzen: erosketak kudeatu behar dituzte, berritasunen eskaintza aztertu, erakusmahaietan nabarmenduko diren izenburuak aukeratu, funtsak nola erabiltzen ditugun aztertu eta estatistikak atera, kultura-jarduerak programatu, eta liburutegi bakoitzari nortasun propioa ematen dioten lanak aurrera atera –eta nortasun horrek, zalantzarik gabe, auzoaren errealitate sozialarekin lotuta egon behar du–. Besteak beste. Izan ere, hiri honetako bibliotekek zerbait egin beharko balute, kontrakoa da, ordutegiak luzatzea: eguerdira, asteburuetara, udan zehar –beti iruditu zait kontraesana urte sasoi horretan, herritar gehienok kulturarako eta aisialdirako denbora libre gehiago dugunean, gizarte-etxeak hilabete oso batez itxita edukitzea–.
Badakit baliabideak mugatuak direla. Baina udalen gaur egungo ohiko politikek inbertsio “ikusgarriak” eta ekitaldi “jendetsuak” hobesten badituzte ere, uste dut ez dagoela soberan hurbileko, eguneroko inbertsio sozialen aldeko apustua egitea. Esate baterako, liburutegietan eta liburutegietako langileengan; izan ere, kulturarako sarbide plurala eta eskuragarria eskaintzeaz gain, komunitatea egiten laguntzen dute, kontsumismoaren logikaz eta merkatu “librearen” lehiaz bestelako espazio-denbora batean alegia. Neil Gaiman-ek behin esan zuen bezala, “Biblioteka bat informazio-gordailu bat da eta herritar guztiei sarbide bera ematen die. (…) Espazio komunitario bat da. Leku segurua da, munduarekiko babeslekua”.
Liburutegiek hobeto egingo dute lan hori zenbat eta bertako langilea hobeto babesten dugun. Horixe eskatuko nioke udalari, gehiago zaintzeko bere bibliotekariak. Ez ditzala erabili, bederen, murrizketa sozial gehiago justifikatzeko. Eta ez gaitzala utzi gu, herritarrak, munduarekiko aterpe eskasagoekin.
Udal liburutegien alde