Netflix euskaraz, katalanez eta galegoz

Netflix euskaraz, katalanez eta galegoz –

Netflix euskaraz, katalanez eta galegoz

Aurrera pauso bat da, baina ez da nahikoa

Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak positiboki baloratzen du Espainiar Estatuko Netflix plataformak egin duen iragarpena. Netflixek iragarri duenez, 2022a amaitzen denerako, 70 titulu ikusi ahalko dira plataforman euskaraz, galegoz, eta katalanez. Haur eta familientzako bikoiztutako 20 ordu (10-14 film inguru), eta azpidatzitako 200 ordu eskainiko dituzte Estatuko hizkuntza ez hegemonikoetan. [1]

Ezin daiteke jakin hizkuntza gutxituen aldeko hautu hau “ekinbide propioz” egin duten, hala tramitazio parlamentarioan dagoen eta 2023rako indarrean egotea espero den Ikus-entzunezko Lege Orokor berriak ezarri ditzakeen betebeharrei aurre hartzeko egin duten. Gainera, Pantailak Euskarazek uste du Galiza, Herrialde Katalanak eta Euskal Herriko hizkuntza mugimenduek eta herri ekimen ezberdinek egindako lanak eta plataformei eta erakundeei egindako eskakizunek ere izan dutela bere eragina Netflixek hartutako erabaki honetan. Pantailak Euskarazek, esate baterako, 20.000 sinadura baina gehiago bildu ditu Netflix Euskaraz eta Disney+euskaraz ekimenen artean.

Orain, NETFLIXek, erabaki hau borondate onez hartu duela frogatzeko aukera aparta du: euren katalogoan dituzten, diru publikoz (ETBk edo Zineuskadik) euskarara bikoiztuta dauden, baina euskarazko audiorik gabe eskaintzen dituzten 70 film eta telesailak euskaraz ikusteko aukera txertatu dezatela lehen bai lehen. [2]

Dena dela, Pantailak Euskarazek azpimarratu nahi du Netflixek iragarritakoa ez zaiola nahikoa iruditzen, euskararen presentzia %0,05etik %1,2ra igotzea pauso bat izan arren, euskarak anekdotikoa izaten jarraituko duelako, eta euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzetik urrun jarraitzen duelako. Urteko film eta telesailik arrakastatsuenak euskarara bikoiztuta eskaintzea, eta katalogo osoa euskaraz azpidatzita eskaintzea da Pantailak Euskarazen eskaera.

Nazioarteko enpresa handiak euskarazko bikoizketa eta azpidatziak txertatzen hastea albiste ona da, baina ezin da euskararen presentzia euren hautuan soilik utzi. Legez bermarazi behar da hau, izan ere, aldeko hautua egin duten era berean egin dezakete bihar kontra, eta euskal gizarteak eta euskarazko bikoizketa eta azpidatzien sektoreak egonkortasuna eta epe luzerako bermeak behar ditu kalitatezko zerbitzua eman eta jaso ahal izateko. Gainera, euskal erakundeek gaiak euskararen etorkizunerako duen estrategikotasuna ikustea eta euskarazko edukiak ugaritzearen aldeko apustu sendoa egitea beharrezkoa da, euskarazko edukien ekoizpenera bideratutako diru kopurua handituz eta nazioarteko edukien bikoizketara bideratutako dirulaguntza lerro sendoak sortuz.

Estatuko Ikus-entzunezko Lege berrian, plataformen ekoizpenean eta katalogoetan hizkuntza gutxituen %6ko kuotak berma daitezen, esistitzen diren euskarazko audio eta azpidatziak derrigor txertatu ditzaten, eta RTVEk edukiak euskaraz ere eskaini ditzan eskatzeko lanean jarraituko du datozen asteotan Pantailak Euskarazek, Kontseilua, Topagunea, Hekimen eta Tokikom-ekin elkarlanean.

Hizkuntza eskubide guztiak bermatuko dituzten legeak egitea eta betearaztea da bidea, bai Estatuan bai euskal erakundeetan, merkatuaren logikak berez duelako honen aurka egiteko joera. Baina lege horien jarraipena egin eta hauen betearazpena zainduko duten erakundeak ere beharrezkoak dira: Ikus-entzunezkoen Kontseiluak sortzea beharrezkoa da EAE eta Nafarroa Garaian.

Netflix euskaraz, katalanez eta galegoz