Udako Baserriko Uzta: sendabelarrak eta Mikel Urdangarin

Udako Baserriko Uzta –

Ekimen honekin hasi ginenez geroztik munduak kasik eman dio bira eguzkiari, eta ikasturte honetako azken emankizuna gerturatzen ari da: udako Baserriko Uzta. Honakoak izango dira edizio honetako lehengaiak: Jokin Zaldunbide ekoizlea eta bere sendabelarrak lehenik, Mikel Urdangarinen kontzertua jarraian, eta amaitzeko, bazkari goxoa. Plaza: Arbona, Lapurdi, uztailaren 28an.

 

Jokin Zaldunbide eta sendabelarrak

Udako Baserriko UztaJokin ez da beti laboraria izan. Urte luzaz aritu da esatari lanetan Gure Irratian, baina duela hamar urte inguru sentitu zuen bihurgune bat hartu nahi zuela. Sendabelarraren inguruko ikastaro sakon bat egin ondoren lur bila hasi zen, eta Arbonako herriko etxeak alokatu zizkion bi hektarea. Zaldunbide eta Arbonako udalaren arteko adostasunak eredu behar luke Euskal Herriko zenbait ekoizle eta hautetsientzat, badaudelako lurrik gabeko ekoizleak eta, bereziki, ekoizle gabeko lurrak.

Zaldunbidek bere produktuak Baionako merkatuan, kontsumo talde batzuetan eta zenbait dendetan saltzen ditu. Berrogei sendabelar inguru dauzka landatuta bere etxaldean, baina horretaz gain bilketa ugari egiten ditu baso eta mendietan. Honakoa zioen duela gutxi Laborari aldizkarian bere ogibideari buruz: “alde onena da natura bezala ari naizela. Ez da gehiengoak duen erritmoa, lana, tenorea… Ez da kondatzen eta hori biziki maite dut. Denborak beste definizio bat hartzen du, badira egin beharrak baina egiten dira naturalki. Pausa hartzen dut neguan eta primaderan bat batean iratzartzen naiz”.

Jokinek ekologikoan egiten du lan, sendabelarren munduan kimikoekin aritzea zentzugabea dela deritzolako, batetik; eta bestetik, natura eta landareekin harreman hobea izateko. BLE elkartearen bidez “Belarregileak” izeneko taldea muntatu dute, eta ekoizleek haziak eta landareak dituzte trukatzen.

Agroekologiaren inguruan pentsatzen duena azalduz idatzi mamitsua plazaratu zuen Zaldunbidek Ipar Hegoa fundazioaren webgunean: “Bigarren mundu gerratik landa martxan ezarri diren laborantza politikak oso kaltegarriak direla nabarmena da. Argi dago hurrengo belaunaldiei leku bizigarri bat utzi nahi baldin badiegu gure bizi antolaketak arraberritze bat behar duela, gure konsumo ohituren aldaketa erradikal bat, naturarekin konposatzeko behar bat”.

Jokinek azalpenak emango dizkigu bere lanaren inguruan bertaratzen garen guztioi, eta ondoren, Beñat Bidegainen emankizunaz gozatu ahalko dugu.

Mikel Urdangarin

Udako Baserriko UztaHaitzetan 1997 – Margolaria 2017. Horiek dira Mikel Urdangarinek musika munduan eman dituen urteak, hogei, eta ezin uka intentsoak izan direnik, hamabost lan argitaratu baititu; hobe izango da, beraz, asko luzatu gabe, azkenean zentratzea.

2015ean bakarka eta zuzenean aurkeztutako lanaren ondoren, Urdangarinek banda osoaren musikalitateaz horniturik agertzen ditu oraingoan bere konposizio berriak “Margolaria” deritzan diskoan. Zornotzarrak dio hamar kantu hauetaz baliatzen dela “kantaria, gizakiaren barrura begiratu samur bat botatzeko eta norberaren bakardade gordinean bizi diren ahuleziak eta zalantzak askatasun kantu bilakatzeko“.

Baina, horretaz gain, “Margolaria” ere dokumentala izango da, eta irailean aurkeztuko da Donostiko Zinemaldian. Etxe honetako Oier Aranzabal aritu da zuzendaritza lanetan, Maluta Films ekoiztetxearekin batera. Honakoa zioen duela gutxi Aranzabalek Zineak egin zion elkarrizketa batean: “Mikel Urdangarin bidea izan da, artistaren B aldea erakusteko”.

Ekimen eder honetan izena eman nahi duenak uztailaren 21 arte dauka tartea, baserrikouzta@gmail.com helbidera idatzita.

Kartela

 

Udako Baserriko Uzta
Udako Baserriko Uzta
agroekologia, arbona, Baserriko Uzta, EHKO, ekologia, elikadura burujabetza, kontzertuak, Lapurdi, Mikel Urdangarin, musika, nekazaritza, sendabelarrak, uda, Udako Baserriko Uzta
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude