Txomin Sagarzazu Ancisar Hondarribiko alkateari gutun irekia

Txomin Sagarzazu Ancisar Hondarribiko alkateari gutun irekia –

Ez nian uste, baina bai, hi marka guztiak hausteko prest hago. Benetan, alkate aukeratu hindutenean zerbait aldatuko zela uste genian, bai zera! Egia esan, zerbait aldatu duk, baina okerrera.

Aurten, hire jokabide maltzurra programaren kartelarekin hasi zuan, Jaizkibel Konpainia de facto baztertzen zuen kartela aukeratuta.

Hasiera horren jarraipena atzo izan zian. Goiz-goizetik, udalaren arkupetan, zenbait kargudun politikari bildu zituan Jaizkibel Konpainiari —giza-eskubideak errespetatzen duen konpainia bakarra— harrera egiteko, besteak beste: Hondarribiko bi zinegotzi, senatariak, foru-diputatuak, biltzarkideak, batzarkideak, eta abar.

Orain arte, horiek guztiak espaloiaren ertzean jartzen zituan, baina atzo ez, atzo bi hesi zituan espaloi-ertz horretara ez iristeko; bat, egurrezkoa, espaloiaren ertzean; burdinazkoa, arkupeen barruko aldean bestea.

Zinegotzi batek burdinazkoa ireki eta egurrezkora hurbildu nahi izan zian; orduan, udaltzain bat hurbildu eta oso modu  erasokorrean, herriko udaltzaingoak herriko zinegotzi bati zor zaion inolako errespeturik gabe, atzera bidali zian; hire aginduak betetzen egongo zuan; bestela, ulergaitza duk. Gero bai, gero burdinazkoa ireki eta aurrekora hurbildu ahal izan zitean. Han zegoen jende multzoa bi hesien artean aurkitu zuan, hesia aurretik, hesia atzetik. Parean, inolako oztoporik gabe, emakume multzo bat beren pankarta, plastiko beltz eta gorroto aurpegiekin.

Bitartean, hi, legeak ezartzen duten agindu guztiak ankapetik pasatuz, alarde baztertzailea den eta emakumeen eskubideak zapaltzen duen hori auspotzen. Jakingo duk legeek erakunde publiko guztiei debekatzen dietela giza-eskubideak betetzen  ez duten talde edo ekintzei inolako laguntzarik ematea, baina horrek hiri ez dik axolarik, hik Ama Guadalupekoaren ukitua daukak, bedeinkazioa, alegia.

Txomin Sagarzazu Ancisar Hondarribiko alkateari gutun irekia

Izan ere, hire agindu zapaltzaileek, eguna aurrera joan ahala, jarraitu zitean. Hondarribiko gazte talde batek —Jaizkibel Konpainiari beren  sostengua eta laguntza adierazi nahirik— pankarta bat zintzilikatu zitean harresietako zubitik, baina hor zuan hire udaltzaingoa —ez diat gogoan  dudan beste hitz bat erabili nahi— pankarta, ia-ia jarri baino lehen, kentzeko; berek kentzeko ez, Txingudi Zerbitzuak SAko langileei kenarazteko. Hori ere, hire agindua izango zuan, noski, haiek hire aginduak bete baino ez baitute egiten.

Baina Jaizkibel Konpainiaren aurkako hire jokabide maltzur eta zikina ez zuan hor bukatu; horrekin guztiarekin ez zuan nahikoa izan, eta jakinik Jaizkibel Konpainiak bere ibilbidea Gipuzkoa Plazan bukatzen duela  eta  bertan Konpainiaren jarraitzaile asko biltzen dela oholtza handi bat utzi zuan bertan jarrita: esanez, hurrengo egunean dantza emanaldi bat zela aurreikusita eta euri-arriskua zegoela. Hik duk hik larrua.

Beno, Hondarribiko Alkate —ez diat jauna esango, zeren gure herrian, Euskal Herrian, alegia, Jauna deitzailea irabazi egin  behar baita—,  hasieran adierazi nahi nian bezala, hire aurreko alkateak txiki utzi dituk giza-eskubideen aurkako jazarpenean, eta gauza bat pentsatu beharko huke, historia urteetan gertatutakoetan oinarritzen duk. Historialariek garaietan idatzitakoetan oinarritzen dituk, eta gutun hau, beharbada, egun hau-etan zer gertatzen zen, eta bakoitzaren jokabidea zein zen jakiteko balioko dik noizbait.

Hondarribian, 2017ko irailaren 9an
Txomin Sagarzazu Ancisar Txomin Sagarzazu Ancisar  Txomin Sagarzazu Ancisar Txomin Sagarzazu Ancisar

Zer duzu buruan “Txomin Sagarzazu Ancisar Hondarribiko alkateari gutun irekia”-ri buruz

  • Alexander Gabilondo 2017-09-10 00:25

    Hala da. Alkateak udaltzaingoa erabili zuen bidaltzeko kale nagusitik kontramanifestazioan parte hartu behar ez zuten guztiak: herritarrak, bisitariak bai eta atzerriko turistak ere. Era berean, eta hori ez da ohikoa da, Txinzer enpresako langileak eta udaltzainak erabili zituen kentzeko, besteak beste, emakume eta gizonen arteko eskubide berdintasuna adierazten zituzten kartel eta pankartak. Ez zuten, noski, berdin jokatu plastiko beltzen aurrean. Udaltzain batzuk, gainera, boterekeriaz eta gorrotoz aritu ziren jendea bultzaka eta identifikatuz.
    Bistan da bizikidetza bilatu ordez gatazka luzatzen saiatzen ari dela Hondarribiar batzuen alkatea den Sagarzazu.