Txillardegiri aitortza Oñatin
Txillardegiri aitortza Oñatin –
Bai, hala da, Oñatin jaso du Txillardegik horren merezia duen aitortza ofiziala, euskara batuak 50 urte bete dituenean. Bere jaioterriak ez dio oraindik merezi duen neurriko aitortzarik egin.
Guretzat zinez pozgarria da, gure proposamenari erantzunez, Oñatiko udalak Arantzazun plaka oroigarri bat jartzea Txillardegiren lana aitortzeko. Horregatik, eskertu nahi ditugu, Oñatiko Udala eta bertako zinegotzi guztiak eta alkatea bera, aho batez hartzeagatik plaka jartzeko erabakia.
Nola ez, gure esker beroena agertu nahi diegu baita ere, Milikua ostatuko kideei. Plaka bertan jartzeko proposamena egitera joan gintzaizkienean, beso zabalik jaso gintuztelako eta euren prestutasuna agertu zigutelako, euren etxe atarian plaka jartzeko. Horrelako kontuak ez baitira beti errazak izaten, eta, posible egin dute Txillardegi ikertzera, idaztera, eta baita, atseden hartzera etortzen zen lekuan bertan oroigarria jarri ahal izatea.
Eta ez dugu aipatu gabe utziko Iñigo Arregi eskultoreak diseinatu eta egindako oroigarria. Mila esker hari ere.
Txillardegi Liburutegia edo Txillardegi gogoan Herri Ekimena duela zazpi urte sortu zen, Txillardegiren heriotzaren lehen urteurrenaren harira, Donostiako 17 idazlek Donostiako liburutegi Nagusiari Txillardegi izena jartzea proposatu ziotenean udalari, eta udalak uko egin zionean. Geroztik, urtez urte ekimen ezberdinak eraman ditugu aurrera, Txillardegik bere jaioterrian merezi duen aitortza publiko eta ofiziala izan dezan. Iaz, Antiguan, Txillardegi baserria edo etxea zegoen orubean, Gaskuña plazan, bere omenezko mural bat inauguratu genuen, herritarrek beren diru ekarpenekin ordaindu genuena. Gure aldetik jarraituko dugu Donostian merezi duen aitorpen ofiziala gauzatu arte. Txillardegik bakarrik ez, donostiar euskaldunok merezi dugu aitorpen hori.
Bide batez, euskara batuaren 50 urteak ospatzen eta gogoratzen ari garen honetan, Euskaltzaindia berari ere eskatu nahi diogu, euskara batuaren sorreran eta garapenean, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik, izan zuen garrantziaren aitorpen ofizial bezain publikoa egitea. Aukera ezin hobea dauka une honetan. Horretarako harremanetan jarri gara Euskaltzaindiarekin.
Amaitzeko, gure eskerrik zintzoena Arantzazuko ekitaldia antolatzen eta egiten lagundu diguzuen guztioi. Beñat Antxustegi “Txusta” eta Eneko Sierra musikariei ere, euren kantu eta doinuekin ekitaldia janzteagatik, eskerrik asko. Eta, nola ez, mila esker bertara hurbildu zineten guztiei.
.