Txillardegi zergatik da liskar-iturri?
Txillardegi zergatik da liskar-iturri? –
Hondarrik hondarrenean, EAEn agintean daudenen helburua ez delako estatu euskalduna sortzea. Bestela, honezkero estatua eder bat izango luke Donostiako Antigua auzoan, Gaskoinia plazan –ez buru erdi bat soilik izkina ezkutu batean–, Okendok Maria Cristina eta Victoria Eugenia artean duena baino handiagoa eta modernoagoa.
Txillardegi pixka bat ezagutzen duenak badaki Leturiaren egunkari ezkutua nobelarekin egin zela ezagun euskal letretan. Badaki, Txillardegik berak adierazi izan duenez, A. Camus-en Izurria nobelaren ildoko estilo sinbolikoan idatzi zuela hura, eta batez ere Frantzian bereziki II. Mundu Gerraren ondotik puri-purian egondako mugimendu filosofiko-literarioa ekarri zuela gurera.
Aldi bertsuan, iragan mendeko 50eko hamarkadaren bigarren zatian hasi zen jada euskara batua eraikitzeko txostenak idazten. Jakina da 60ko hamarkadan, Baionan, beste zortzi lagunekin batera euskara batuaren oinarriak ezartzen gidaria izan zela: hizkuntza nazional batua behar genuen, ez hizkuntza etniko euskalki eta azpieuskalkietan sakabanatua. Soilik euskara lantzen eta literatura idazten jarraitu izan balu, politikan sartu gabe, R.M. Azkue baino famatuagoa izango zen eta Koldo Mitxelenaren pare jasoko zuen aitortza; alabaina oso gaztetatik abertzaletu zen, ongi ikasi zuen euskara, eta euskal estatu euskaldunaren alde borrokatu zen lumaz eta jakituriaz, kritiko eta sutsu euskal estatu euskaldunera ez zeramaten estrategia eta taktikekin; oso kritiko EAJrekin eta bere sentitzen zuen ezker abertzalearen barruan ere kritiko.
Txillardegiren arabera, Euskal Herriak Espainia eta Frantziako estatuekin du gatazka nagusia, eta nazionala da, bi estatu inperialisten artean dago, eta horiek euskal nazioa menpean dute batez ere armada, polizia-guardia zibil, erakunde politiko-judizial eta mediatikoen indarrez, eta horiei aurka egiteko hizkuntza nazionala eraiki behar dugu: euskara, eta gure erakunde politiko estatalak eta gure hedabideak; bestela, ez gara askatuko eta hilko gara asimilatuak.
Ezker-eskuin ardatz soziala nazionalari menderatua zegoen Txillardegiren ikuspegian: Europako beste estatuetan bezala, euskal estatu euskaldunean egongo ziren eskuinera edota ezkerrera jotzen zutenak baina kontraesan nagusia ez zen burgesia versus langileria, baizik eta inperialismoa versus abertzaletasuna.
1955etik 1957ra arte, EAJren Eusko Gaztedi eta Ekin (Txillardegi, Benito del Valle, Julen Madariaga…) batuta egon ziren, Gipuzkoan behintzat. Orduan, frankismoan gertatu zen Fronte Abertzale hura, ezkertiar eta eskuindar abertzaleen arteko batasun hura zergatik ezin zen aurrerantzean ere gertatu, denak abertzale izanez gero?, zergatik ez Telesforo Monzonek zioen bezala, “abertzale guztiak anai”?
Franco hil zen, baina hausturarik ez zen gertatu. Felipe Gonzalezek gidatutako PSOEk –Willy Brandt-en babes ekonomiko-ideologiko giltzarriarekin– onartu zuen Francok izendatutako erregea, errepublika gerra-galtzailea lurperaturik; Santiago Carrillo ere monarkia defendatzera igaro zen, hauteskundeetan parte-hartzen uztearen truke, eta delako trantsizioaren emaitza ederretako batzuk izan ziren frankistentzako amnistia eta TOP delakoa Auzitegi Nazionala bilakatzea, eta bi hitzetan, hein handi batean egitura politiko-judizial-erlijioso-kulturalen kontinuismoa eta PP eta PSOEren arteko alternantzia boterean, eta periferietako nazionalismoentzat autonomi estatutuak, autodeterminazio eskubiderik gabe eta gaztelania-espainola hizkuntza derrigorrezko bakar ezarririk, eta galego, katalan eta euskaldunentzako asimilazio bidea aske.
Une erabakigarri hartan, Txillardegi ESBren fundazioan egon zen, eta fronte abertzalearen alde beti: ezker joerako eta eskuin joerako abertzaleak batzearen alde. 1981ean, porrot egindako estatu-kolpearen ondotik, iruditu zitzaion Herri Batasuna zela Euskal Herria Espainiaren inperialismotik askatzeko indar abertzale bakarra, EAJk amore eman zuelako eta demokrata espainol autonomista bilakatu zelako. Pertzepzio hori areagotu zitzaion Ajuariaeneako Mahaia sortzean 1988an.
Demokrazia espainola gurean finkatzeko giltzarri izan den EAJ-PS(O)Eren arteko itun horren erabakien eta ondorioen aurka idatzi dituen artikulu guztiekin liburu mardul bat osa liteke, artikulu labur-bizi-txinpartatsuez horniturik. Laburrago bat, baina ez oso laburra, ezker abertzalean, espainieraren aldeko lerraduren eta ezkerkerien aurka idatzitakoekin ere, zeren esan dezagun ezker abertzalearen %50arekin ados zegoen, baina beste %50arekin ez.
Bakearen alde ez duela nahikoa egin leporatzen zaio. Inperialismoa borrokatu gabe onartzen duen bakearen alde ez, ez du egin. Orain Ukrainak, kasu, burujabetasunari barik bakeari emango balio lehentasuna, AEB eta Europarekiko konpromiso ekonomiko-militarrak eten eta Errusiarekin akordioa bilatuko luke: ez al du Ukrainak lotura kultural eta politiko gehiago Errusiarekin AEB eta Mendebaldeko Europarekin baino?, autodeterminazio eskubiderik gabe, Nafarroarik gabe, euskara espainieraren mende dela, bakea?
2000. urtean, Ghandiren ildoko desobedientzia zibila aldarrikatu zuen, gero Aralar alderdira egin zuen, berriki Patxi Zabaletak oroitarazi digun bezala. Politika eginez lortu nahi zuen autodeterminazio eskubidea eta independentzia, eta euskal herritarron arteko kohesio soziala euskararen bidez. Ildo horretatik, etorkinentzat giza eskubide guztiak defendatzen zituen; ez zen arrazista, bera ere etorkinen semea zen hein batean; birraitona Francisco Alvarez González bigarren karlistada baino lehen heldu zen Tolosara, eta aitona Federico Alvarez Gonzalez urte pare bat besterik ez zuela, baina etorkinak hautu bat egin behar zuela zioen: edo Euskal Herrian integratu, gainerako hiritarren eskubide berberekin edota atzerritar gelditu, espainol edo frantses, atzerritarrei herrialde demokratikoetan aitortzen zaizkien eskubideez horniturik.
Txillardegiren obra politiko-intelektuala haren merezimenduak aztertzeko bilduko omen diren politikarien oso gainetik dago, eta baldin eta euskal estatu euskaldunaren bidean bageunde, Donostiako udal liburutegiak haren izena emango luke, eta bera jaio zen inguruko plazan, estatua eder eta moderno bat izango genuke, gaurko eta biharko euskaldun guztion oroigarri!
Idazki honek Txillardegiren arima kritikoa aipatzen du behin eta berriro, esparru zehatz batean lerrokatzea nola kostatzen zitzaion. Horrek egiten du handi Txillardegi, beti bere ikuspuntua defenditu izana, inoren dogmetan jauzi barik.
“Txillardegi zergatik da liskar-iturri?”
Zuk zerorrek dakizu, Pako, zeure galdera erretorikoaren erantzuna: ETA-ren sortzaileetako bat eta Ezker Abertzalearen erreferente nagusi bat izan zelako.
Eta prezio berean, erantzun bereko beste galdera erretoriko bat:
“Zergatik dago tematua Ezker Abertzalea Txillardegiri gorazarre instituzionala aitortzearekin?”
Bada ETA-ren sortzaileetako bat eta Ezker Abertzalearen erreferente nagusi bat izan zelako.
Hemen gutxienekoa da Euskara batuaren aldeko Txillardegiren ekarpena: ez EAJ-rentzat eta ez Ezker Abertzalearentzat. Eztabaidagaia beste koordenatu batzuetan dago.
Beste era batera esplikatuko dizut hobeki uler nazazun: Jose Luis Álvarez Enparantza baino, Juan María Álvarez Enparantza izan balitz euskara baturaren bultzatzaile nagusi bat, Ezker Abertzaleak hartuko lituzke hainbeste lan bere aitortza instituzionalaren alde? Bada ez. Eta zuk zerorrek ere ez zenuke zure denbora galduko haren gorazarrerako testuak idazten.
Garai bateko bizkaitarrek oihu egiten ohi zuten: “Aupa Athletic!”, eta gero ahopeka: “Y tú ya me entiendes….”. Orain, berriz, haren batean: “Gora Txillardegi..! Y tú ya me entiendes”.
Zuk diozun baino dezente gehiago izan zen Txillardegi, eta artikulu hau irakurri duten askotxok ere hala pentsatu dutelakoan nago.
Egia da, Pako. Pertsonaia poliedrikoa eta plegu askokoa izan zen Txillardegi. Eta bere bizitzako azken urteetan bakearen aldeko langilea ere bai, bere erara, baina ez zuk kontatzen diguzun modu desegituratuan. Jakin zuen beste askok baino lehenago ETA-ren borroka armatuari muzin egiten, eta hori beldurrik gabe publikoki adierazten. Ezker Abertzaleak Txillardegiren alderdi hori bere egin eta gehiago nabarmenduko balu, seguruenik errazago bereganatuko luke harenganako atxikimendua. Ezker Abertzaleko zenbaitzuk, ordea, eroso egon ez, nonbait, Txillardegi horrekin.
Bide batez, marka da marka Txillardegi eta Ukraniako egungo kontuak paragrafo beretsuan uztartzea. Maisu zara, gero, gustuko opilari su ematen!
Ez dut ikusten ezker abertzalea Txillardegiren aldeko ekinean tematuta.
Ezker abertzalearen inguruko zenbait euskaltzale, bai. Kitto.
Ezker abertzalean ere, euskaltzaleak gutxiengoa dira. Txillardegi biziko balitz, epelak esango zizkien bertako hainbat buru eta eta ordezkariri.
EAJ eta Zupiriarena besterik da. Sektarismoan eta mendeku gosean maila gorenera heldu dira. Koldo Mitxelena jainkotu dute (merezita), hark bai, armak hartu zituen arren. Euskal Herriaren defentsan hartu zituen armak Mitxelenak, Txillardegik Euskal Herriaren defentsan ETA sortu zuen bezala, sekula inor hil edo hiltzeko agindu ez bazuen ere.
EAJrena, Zupiriarena, benetan negargarria eta behe mailakoa da.
Gora Txillardegi eta gora Mitxelena.
Utikan hirugarren mailako politikari menpeko salduak.
Michelenak borroka armatua praktikatu zuen Espainako II Errepublkaren alde. Eta gero Falangearen babesarekin Salamancako univertsitatean sartu zuten. UPVen ere ibili zen wisky basokada batzuk hartzen zituen bitartean Euskal Filologiaren ikasketak amildegira eramateko lanean.
Nik uste dut ohore bat dela eta horrela hartu behar dugula Michelena moduko bat jainkotu dutenek Txillardegiri egiten dioten mesprezua. Ez zaitez haserretu, Pako. Ikusi besterik ez daukazu Donostiak nori eskaini dizkion kale izenak: Prim, esklabista eta genozida bati, Espainiako ereginei…
Hobe Txillardegi hiltzaile houngandik urruti. Estatu espainiarrari mesede egin diotenendako dira kale izenak. Egin zerrendatxo bat….baina ez dira lotsatuko.
Iruzkingile fina, Ramón.
Hirea baino hobea, HH.
Gure artean badaude HH moduko “eskisito” batzuk inolako argumentu seriorik eman gabe Euskal Herriaren aurkako etengabeko gerra kulturalean dabiltzanak. Abertzaleei aholkuak ematen espezializatu dira. Beti lelo bera errepikatzen dute: izan zaitezte españolistagoak eta maitatuko zaituztet. Eta bere iruzkinetik ondorioztatu behar dugu Txillardegiren aldeko ekimen hori aurkeztu ere ez luketela egin behar.
Zer egin behar izan zuen Txillardegik holako jendearen oniritzia jasotzeko? Espainia defendatu armekin edo armarik gabe. Txillardegiren pekatua,ordea Espainiaren kontra egitea izan zen. HH modukuek konplejorik gabe txalotzen dituzte La Pasionaria, Prieto, Prim,…Hainbeste maite duten Estatuaren alde egin zutelako, baita euskaldunak akabatu ere. Horiengandik lezio moralik ez onartu euskaraz idazten badute ere.
“Gure artean badaude HH moduko “eskisito” batzuk inolako argumentu seriorik eman gabe…”
Hireak bai argumentu eskisitoak, Ramón:
“Michelenak borroka armatua praktikatu zuen Espainako II Errepublkaren alde.”
“Eta gero Falangearen babesarekin Salamancako univertsitatean sartu zuten.”
“UPVen ere ibili zen wisky basokada batzuk hartzen zituen bitartean Euskal Filologiaren ikasketak amildegira eramateko lanean.”
“Horiengandik lezio moralik ez onartu euskaraz idazten badute ere.”
Nik neronek Google erabiltzen diat espaineraz idatzitako nere iruzkinak “al vasco” itzultzeko. Ez haiz ohartu, Ramón?
Bueno, HH: argumentorik ez daukazu nik esandakoa gezurtatzeko. Ikasi zerbait.
“HH modukuek konplejorik gabe txalotzen dituzte La Pasionaria, Prieto, Prim,…Hainbeste maite duten Estatuaren alde egin zutelako, baita euskaldunak akabatu ere.”
“Argumentorik ez daukazu nik esandakoa gezurtatzeko. Ikasi zerbait.”
Prim eta Prieto irakurtzen jarraituko diat, orduan, ea aurgumentu berririk ikasten dudan zuekin, euskaldunokin, akabatzen laguntzeko. Gero Podemos-eko nere nagusiari pasatuko zizkioat nere iruzkinak oneritzia jasotzeko. Hori guztia engin ondoren, Google Translator-etik euskaratu eta erantzungo diat. Pazientzia piskat, Ramón.
HH, Txillardegik (eta beste zenbait legunek) sortutako ETA hura bera da erakunde bat, non geroxeago sartuko ziren Onaindia, Uriarte, Juaristi eta abar? Ez al zekiten zeinen terrorista izatekoa zen?
Mikel, geruza askoko pertsonaia izan zen Txillardegi, konplexua eta aberatsa, argiekin eta ilunekin. Nere ustean, bere ibilbidearen hiru alderdi hauen inguruan ardaztu beharko lukete/genuke/litzateke bere aitortza instituzionala, hiru elementu hauek hainbat sentsibilitate-joeraren zeharkako atxikimendua eta enpatia berengana bailitzakete:
i) ETA-ren sortzailea izan zen, bai, baina ETA hori eta gerokoa oso bestelakoak izan dira.
ii) Euskara batuaren bultzatzaile nagusi bat izan zen.
iii) Ezker Abertzaletik atera gabe, aintzindaria izan zen ETAren indarkeria publikoki salatzen eta hari muzin egiten.
Pakoren testua ez doa bide horretatik, bistan denez. Hiru elementu horiek nabarmenduz, eta beste alderdiekin aldez aurreko “sukalde lana” eta pedagogia apur bat eginda (Bildu eta EAJ horretan aritu dira Hezkuntza Lege berriaren inguruan, ezta?), agian batzuen kontrako jarrerak edo mesfindantzak alda litezke. Irudikapena dut, ordea, Ezker Abertzale instituzionalak bere figura instrumentalizatzeko tentazioa ere izan duela: eta horren aurrean, beste alderdi batzuek aitzakia ezin hobea aurkitu dute kontra egiteko.
Instrumentalizazio horren adibiderik eman zenezake, HH?
Nik ez baitut ikusi…
Aldiz, EAJren Txillardegirekiko herra ulergaitza eta lotsagarria da, areago, aintzat hartzen badugu EAJ-k Eusko Jaurlaritzarako eta beste erakunde batzuetarako izendatutako goi-karguen artean badirela Txillardegi baino “terrorista” askoz “biolentoagoak” izandakoak.
HHk aipatzen dituen hiru puntuetatik bi ez zituen onartuko Txillardegik.
EAJrekin oso kritiko eta Ezker Abertzalearekin kritiko izan zen bezala, ETArekin ere kritiko izan zen, baina etakide izanaz eta ezker abertzaleko kide izateaz inoiz ez zuen arnegatu.
“Euskal Herria helburu” liburuan, ETAren sorreraz mintzo, honela zioen:
“Besteak beste, eztabaida gogorrak egon ziren 1957-1958 urteetan borroka-moduari dagokionez. Ekin-eko sortzaileen arteko batzuk militante katoliko gogorrak izanik, oso-oso uzkur agertzen ziren bortxa politikoaren erabilpenaz (…)
Garbi geneukan denok sistemaren barrutik sistema zerbait alda daitekeena. Baina benetako aldaketak egiteko (aldaketa “iraultzaileak”), esango genuke ondoko urteetan) sistematik at jarri beharra zegoela uste genuen (gaur egun ere gauza bera pentsatzen dut, bidenabar esateko) Legetasunetik at jokatu behar zela, hitz batez.
Legetasunetik at jarrita, berriz, bi bide ikusten genituen: Ghandiren borroka bortxagabea, batetik; edo-ta, jakina, bortxazko borroka, bestetik. (195or.).
“Euskal Herria helburu” liburua 1994an argitaratu zen. Beraz, liburua idatzi edo azken orrazketa eman zion urtean behintzat, sistematik at jokatu beharra zegoela pentsatzen jarraitzen zuen, legetasunetik at. Ez zuen gehiago zehazten; besteak beste, ezin zuelako, terrorismoaren apologiagatik salatua ez izateko, eta liburua debekatua ez izateko.
1997-12-14an argitaratu zuen Egunkaria-n “Qui prodest” izenburuko artikulua. Urte hartan, 1997-03-11n, Donostiako Grosen, Martuteneko kartzelako psikologo eta ELA sindikatuko kidea zen F.J. Gomez Elosegi hil zuen ETAk; uztailaren 12an azaldu zen PPko kide Miguel Angel Blanco bi tiro zituela eta eskuak lotuta Lasarte inguruan, artean bizirik, biharamunean hil zen, eta abenduaren 11n, Jose Luis Caso PPko Errenteriako zinegotzia hil zuen ETAk Irungo Trantxe tabernan.
Bi zatitan banatua dago artikulua. Lehen zatian, euskal nazioaren askapen ikuspegitik datu pozgarriak zeudela zioen, bereziki ELA eta LAB sindikatuak elkartzea; ELAko Elorrietak “el estatuto ha muerto” adierazi izana, eta orduan, galdetzen zuen hilketa horiek nori egiten zioten mesede!
2002an Aralarrera igaro zen, uste izanik orduan Euskal Herriaren askapenerako hautu egokiena huraxe zela. 2007an, Kataluniako estatutuak zituen trabak ikusita, eta Aralar alderdiak ETAren aurkako manifestazio batean parte hartzeagatik eta hauteskundeetara Ezker Batuarekin aurkeztu izanagatik, dimisioa eman zuen, eta ezker abertzale ofizialera itzuli zen, eta haren baitan hil zen.
Txillardegi Espainiarekiko mendekotasuna onartzen duen eta demokrazia espainolari leialtasuna erakusten dion “bake politikoaren” apostolua izan zela esatea, berarekin leial ez jokatzea da. Hobe da bere obra hobeki ezagutzea eta bere izana ez faltsutzea.
“HHk aipatzen dituen hiru puntuetatik bi ez zituen onartuko Txillardegik”
Zuk gustuko ez izateak ez du esan nahi harek onartuko ez zituenik: “Qui prodest?” testu ezagun horretan bertan argi uzten du-eta bere posizioa. Gaur berriz irakurri dut, eta nabarmen-nabarmen ageri du.
Artikulua atera zuen ETA-k Caso zinegotziaren kontrako “hilketa deitoragarria” burutu eta hiru egunera (Txillardegik hiru egunETARA esango zukeen: ez zekien gaur egun dakigun beste). Bide batez, “Egunkaria”-n plazaratu zuen testua, ez “Egin”-en. Urte berean gertatu eta Pakok aipatutako beste atentatuak ditu hizpide eta gogoan, etsiturik:
“Hitz batez, militantzia abertzaleak ilusioz prestatutako lan gaitz osoa, bertan behera. Nork irabazi du? […] Nori gertatu zaio mesedegarri? Nori kaltegarri? Guri ala berei? […]. Nor dago pozik gaur? Gu abertzaleok, ala berak? Irakurleak erantzun beza.”
Etsita eta sinesgogor dago berak hain gertu izan duen ETA horren nora ezearen aurrean:
“Nola uler ote daitezke gertakari hauek? […] Gure arteko askok ez du aisa sinetsiko ekintza hau proposatu eta mamitu dutenen helburuak eta gureak, helburu berak direnik.”
Nahastuta eta ezin sinesturik dago. Hainbesteraino, ze holakoak ulertzeko burura dakiokeen zentzuzko arrazoi bakarra baita urte horretako atentauak gerra zikinaren emaitza direla, eta ETA-k infiltratuez josita egon behar duela! Ezin beste esplikaziorik aurkitu. Errukia ere senti dezake batek, bere larru-azalean jarrita:
“Norbaitek gure artean izkutuko esku beltza gogorazi izan du aldioro. Eta ez zaio kasorik egin. Baina galdera hori, edo susmoa, edo kezka, edo nahi duzuen hitza erabili, hazkor ari da zabaltzen gure artean. […] Kinka larri hauek jasan dituzten beste herrietan ere, gerra zikina (harmatua eta psikologikoa), infiltrazioa (pertsonena eta ideiena), eta mozorroketa sasi-radikala, sistematikoki erabiliak izan direla ikastean, hemen ere ausarki pentsatzeko beharra dugu. Erne, otoi!”
Pakok dio: “etakide izanaz eta ezker abertzaleko kide izateaz inoiz ez zuen arnegatu.”
Ez zuen zertan ernegatu noizbait etakide izanaz 1997ko ETA horrekin bere burua zeharo arroztuta sentitzeko.
Berriz diot: Txillardegi poliedrikoa eta bere gisakoa izan zen, garaian garaikoa, bere ibilbidea bezala. Ezin laburtu lau kontsignatara, ezta mitifikatu ere, zentzu batean edo bestean.
Bukatzeko, hona artikulu horren lehenbiziko parrafoa;
“Madrilen onespenarekin, eraiki den tramankulu autonomikoak helburu hau dauka: trauma mingarriegirik gabe, poliki-poliki, ikurriña balkoi ofizialetan eskegita, Hego Euskal Herria Espainian integratzea. PNVa, Madrilen beharrezko laguntzaile bihurtu da (erdaraz, el colaborador necesario). Madrilek berak egin ez dezakeena, jelkideek egiten diote.”
O tempora, o mores: ezta, Pako?
Ez dakizu HH, zein deserosoa den HH delako batekin iritzi-trukea izatea. Errezeloa ere badut zu nor izan zaitezkeenari buruz, baina igarkizunak ez ditut maite. Desegokia da HH jarri, eta gero Pako gora Pako behera aritzea.
Dakizun bezala, liburu bat idatzia dut Txillardegiren borroka politikoaz. Badakit nik egin nahi nuena baino kaxkarragoa dela. Baina hor dago.
Artikulu batetik ezin ondorio absoluturik atera; artikulu guztiak edo gehienak irakurtzea komeni, eta hortik eskema interpretatiboak egin eta bakoitzak bere ondorioak ateratzea.
Espero dut iritzi-truke hau Txillardegi ezagutuz joateko mesedegarri izatea, zalantzak ditudan arren.
Pako, ez dugu elkar ezagutzen eta ez dut asmo izkuturik zurekin: lasai horregatik.
Zeure liburua irakurri dut, baita Txillardegiren ibilbidea hurbil samarretik jarraitu ere, adinak, zuri bezala, horretarako aukera eman baitit. Zure liburua, ezin uka, osatua eta ondo dokumentatua da, baina, nire ustean, oinarrizko ajea du: aldez aurretik osatutako irudi bati hauspoa emateko tesi liburu bat da, ez lan akademiko eta objektibo-nahi bat.
Barkatu gordinki adieraztea, baina irudikapena dut egun errelato sinesgarri baina ez etxekalte bat eraiki nahian noraeze samarrean dabilen sentsibilitate zehatz baterako Txillardegi “gustagarri” bat marraztu nahi izan duzula oroz gain: abertzale heterodoxo “ma non troppo” bat, alegia. Eta aipatu dudan sentsibilitate hori Ezker Aberatzalearen sektore bat da: ez osoa! Aurreko iruzkinean erantzun duzun moduak inpresio hori berresten dit: nik agerian laga Txillardegik 1997ko ETAri muzin egin ziola, bere estrategia armatuari oker etsigarria iritzita, eta zu defentsiban jarri, halako jarrera bat gaitzezgarria balitz bezala garai haietan, ezin onartuzko zerbait, nonbait. Eta erabat bestera behar luke! Txillardegi 20 urte aurreratu baitzen Ezker Abertzalearen barruan egun argiz borroka armatuaren salaketa egiten. Hori balioetsi eta nabarmendu beharko litzateke, Txillardegi haundi egiten baitu. Zenbat denbora beharko dugu? Garaia oraindik ez dela heldua? Denok baitzarete/baitira/baikara “traidoreak” honez gero!
Helenio (Helenio Herrera, ezta?)
Lehenik eta behin, “ETA-ren sortzailea” esapidea ez da egokia, ETA asko izan delako, erakunde batzuk sigla horiek baliatu izan dituzte; Txillardegik (eta beste hainbat lagunek) erakunde bat sortu zuten, eta izen bat jarri, ez baitzuten sortu, esaterako, geroago Espainiako erregea hiltzeko saiakera egin zuen erakunde bera.
Bidenabar, ETA sortu zuten uneko PNV ere ez da gaur egungoa…
Eta esango nuke Txillardegik Euskal Herriarentzat egin eta eginarazi zuen lana, PNVk bere historia guztian egin izan duena baino gehiago den… botere ekonomikoa kenduta…
Zeren eta, zuk aipatu ildoak gutxi baitira; kopuruz, eta kalitatez. Kopuruari dagokionez, bi behintzat gehitu beharra dago: literaturaren eraldatzaile edo pionero izatea, eta soziolinguistika (glotopolitika) alorrean egindako ekarpenak, barne harturik egindako harremanak eta bultza lana. Kalitatea dela eta, zure hirugarren puntuak ez du meriturik erakusten. Nik ez diot kusten.
“Pakoren” testua zein bidetatik doan, eta ondoko hitzak, iritziak dituzu, baina ez Txillardegiren figura aintzatesteko argumentu sendoak.
Ez dut uste HH, nirea tesi liburua denik, baina errespetatzen dut zure iritzia, noski!, eta borroka politikora mugaturikoa da.
1997an, adore handia izan zuen publikoki salatzean borroka armatu hura kaltegarria zela euskal nazioa askatzeko. Gaztelaniari ematen zitzaion tokia salatzean agertu zuen bezala, eta berdin HBko mahai nazionaleko batzuek 1991eko abuztuko estatu kolpearen alde agertzean, aditzera eman zituen kritikak.
Artikuluan, Txillardegik soziolinguistikan izan zuen garrantzia ez nuen aipatu, eta beste gauza asko ere ez. Horrelako artikulu batean, gauza asko baztertu beharra dago nahitaez.
Txillardegik ez omen du aski meriturik egin Gipuzkoa edo Donostiako airortza instituzionala lortzeko HHren iritziz, ETAren jarduera kritikatu zuen baina hori nonbait ez da nahikoa. HHk oso ondo islatzen du Gipuzkoako españolisten jarrera. Instituzioetan nagusigoa daukate eta funtsean sektore horrekin elkarrizketa kulturala ez da posible. Txillardegi ez dute ikusi nahi ere.