Txikia izatea gauza handia da
Txikia izatea gauza handia da. Nori ez zaio irripar bat ateratzen ume garaiko oroitzapenen bat gogora etortzean? Jende gehienari momentuko arazoak ahazten laguntzen diote, une batez bada ere .
Izan ere, txikitan dena da posible. Edonorekin hitz egiten dugu. Edozer iruditzen zaigu dibertigarri. Sekretuak kontatzen dira. Eta, oztopoak gorde. Infinituaz hitz egiten da, umeentzat ez dagoelako mugarik.
Urteak aurrera egin ahala, ordea, lotsak sokasaltoan hasten dira eta arazoak agintzen. Egunerokoak mozkortu egiten gaitu, garbigailua bezala bueltaka hasten gara eta arropak bezain lehor bukatu. Ez gara pentsatzen duguna esatera beti ausartzen, eta sinisten duguna ez dugu muturreraino defendatzen. Txikitako gaztelua basamortu bilakatzen da. Oilategia, isiltasun.
Atzo, twitterreko euskal txiolarien artean #umetakoberbak izan ziren hizpide. Barre galantak bota genituen haurtzaroa gogoratzen.Baina txikiak izaten jarrai dezakegula ahaztu zaigu. Arrunt izanda berezi sentitzen. Eta horrek pena ematen dit. Haurtzaroa atzean utzi arren, jendea aldamenekoa bustitzera ez ausartzeak. Hanka sartzeaz ohartzean barreka ordez negarrez hasteak. Jauzteko beldurra hazteak.
Umeak gauza txikiek handitu egiten dituzte. Nagusiak, aldiz, txikitu. Horregatik, une batez, kezka batek harrapatu nau: zein zoriontsuak garen ohartzeko zergatik begiratzen dugu atzera albora edo aurrera beharrean? Norberak bere buruari galdetu eta erantzun diezaiola.
Zelako errezoia daukazu baña..neupe antzeko hausnarketia ein neban atzo horregaz traolagaz txikitxako azañak oroitzen nebillela…Hori bai zana hori bixija eratia! Da on, erloijuen agindupian, mugarik eztaon lekuan mugak eta oztopuak ikusten, prixakin, lotsiagaz…bixi gara…Gauza handijak ixan leikezenak txiki ikusten, eztou baloraten umetan baloraten gendun mallan…
Oso ona sarreria Izar!
Jode, Iraitz, ez dizut ezer ulertu zure idazkia bi edo hiru aldiz irakurri arte. Hurrengoan euskaldun guztientzat idatzi, mesedez, denak ez baikara zure amama edo zure neba. Eskerrik asko.