Txepelaren arrakasta
Txepelaren arrakasta
— Joño Star, aspaldiko!
— Buck, benetan ere! Zer moduz?
— Erdipurdi, oraintxe nator Lanbiden izena ematetik. Zuenean, dena ondo?
— Kafetegi bat zabaltzekoa naiz Donostian, zatoz gurekin lanera…
— Benetan? Bai gustura joan ere.
— Kafe eskasa saltzea dugu asmoa, inoiz baino garestiago…
— ?!?! Ziurra duzue arrakasta, arraiopola!
.
Printzipioz, irakurle, ez du negozio ona ematen baina, ez pentsa, batzuei funtzionatu die, Perurenari Danacolek bezala.
Horixe da Starbucks etxeak egiten duena, munduan zehar barreiaturik dituen kasik 25.000 kafetegietan. Bost kontinenteetako 60 herrialde ingurutan, 40 milioi bezero ei dituzte astean, eta hauek dira kafea txepela eta garestia dela onartzen lehenak. Beraz, nola ulertu izaten duen arrakasta?
Amy Ferraris zinemagilea galdera erantzuten saiatu da “The Perfect Cappuccino” dokumentalarekin. Kafeari buruzkoa baino kontsumismoari eta estatubatuar izateari buruzkoa den lanean, bere burua kafezale amorratu legez aurkezten duen zinemagileak Starbuckseko kafeak ez duela deus balio aitortzen du, eta zalantza agertu, “estatubatuar kultura marken kultura bihurtu ez ote den”. Hau da, balio jakin batzuk, identifikazio eta pertsonalitate jakin bat bilatzen duela Starbucksera kafe eske doanak. Ez alferrik, kafetegi katearen sortzaileetako batek “dastatzearen plazera azken kontua da, kafeak duen onena berau hartzearen alde soziala da”, dio dokumentalean.
“Egiten ditugun erosketek asko esaten dute gutaz, kontsumismoak forma ematen dio gure bizimoduari”, uste du Bryant Simonek ere. Gizona historia irakaslea da Filadelfian, eta Starbucks fenomenoa aztertu du “Everything but the Coffee: Learning About America from Starbucks” saiakeran (Kafea ez den beste guztia, AEBetaz ikasten Starbucksi esker).
Irakaslearen aburuz, fenomenoa ulertzeko kontutan hartu behar omen da AEBetako auzoetan ez dela sekula kafetegirik izan jendea elkartu eta harremanak egiteko, eta horretarako liburutegi, parke eta beste erabiltzen zituztela. Eta hutsune hori betetzera zetorren, printzipioz, Starbucks; lortu ez duena, bakoitza bere ordenagailuarekin dagoela elkarrizketa gutxi sortzen baita.
.
Badira hiru Euskal Herrian
Euskal Herrira heltzeko 30 urte behar izan dituzte, baina urte pare batean ireki dituzte hiru. Iaz Bilbon, Loiuko aireportuan gero, eta azkena herenegun, Donostian, hiritarren gehiengoa ezertaz ohartuko ez zen arren. Baina jabetu direnen artean, aspaldi irrikaz zain izan eta pozez zoratzen ziren batzuk. Ez dago kafe gozo bat hartzeko beste tokirik Donostian?
Bat baino gehiago izango dira seguruenera, baina “arrakasta ez dago kafearen lurrunean, ukiezinak diren ikurretan baino. Starbucksen modernitatea saltzen dute, kosmopolitismoa eta… gehiegikeria“. Horrela diote, laburpen gisara, arestian aipatu ditugun ikerketek.
Jada ez dago New Yorkera bidaiatu edo ingelesez hitz egin beharrik munduko hiritar izateko. Kafe bat hartzearekin nahikoa, aizue, kafe bat!
Kaixo!
Neuk atzerrian asko erabiltzen dot Starbucks. Turista atzerritarrentzat oso ondo dator: oso abiarura onean duan doako wiffia da Starbucksen hoberena. Ez dau klaberik eskatuten (taberna batera sartu eta wiffi klabea eskatu bihar izatea oso desatsegina egiten zait neure, eta atzerrien bazauz eta hizkuntza ez bazu ondo kontrolatuten oraindik eta desatseginaua) , ez da erregistratu bihar inon, bizkor harrapatuten dau sarea, 2 ordu egon zaizteke berton kafe bategaz lanean edo interneten sartunde inork txarto begiratu barik…
Prezioak ere, atzerrian behintzat ez zaizkit hain garesti iruditen. Duela 2 urte, EEBBtan Macchiato (one Shut) bet hemengo kortaduaren antzekoa, 1.85 dolar eta Caffe Latte txikerrak (hemengo kafesnea edalontzien baino kafe kopuru gehio dakarrenak) 2,95 dolar. eta kalitatea…ezin da hemengo kafeagaz konparatu, baine atzerriko kafetxirriegaz konparatute onenetarikue da!
Adibidez, Pasiren aurkitu dezakezun kafe merkenetarikoa da eta Londresen kalitate hoberenetarikoa.
Neu hemen EHn, ez nintzateke Starbucks baten sartungo baine atzerrien bile ibiltzen naiz!
Milesker!