Marine Le Pen ulertzeko giltzak

Marine Le Pen ulertzeko giltzak

Aurki izango dira hauteskunde presidentzialak Frantzian eta paper handia jokatuko du bertan Marine Le Pen-ek, Fronte National alderdi ultraeskuindarreko lehendakariak. Bada esaten duenik berak irabaziko dituela hauteskunde horiek eta, hala balitz, krisi larri batean sartuko dela Europar Batasuna. Nik hainbeste ez dakit, baina kezkatzekoa, behintzat, badirudi.

Marine Le Pen ulertzeko giltzak
cc-by: Blandine Le Cain

Urruntasunetik baina beti adi begiratu izan  diet nik Le Pendarrei, bai alabari eta baita aitari ere, FNren sortzaile den Jean Marieri, alegia. Arrazoi asko dira horretarako, tartean, esaterako, aita-alaben arteko borroka eta katramila familiar eta politikoak. Baina, amets egin ez badut,  anekdota bat ere badago Le Pen zaharra euskaldunokin lotzen duena: Le Pen eta Jon Mirande estimatua, Haur besoetakoaren egilea, lagunak izan ziren. Elkar ezagutzen zuten bederen, agian biak ala biak faxista galantak zirelako eta topo egiten zutelako euren arteko bileretan.

Oso oker ez banaiz, Eduardo Gil Berak itzuli eta Pamielak 1991. urtean argitaratutako La Ahijada liburuko argazki batean ikusi nituen biak ala biak, ihaute-jai baterako mozorroturik. Harrez gero ez diot begirik kendu izan Le Pen zaharrari eta, bide batez, haren alabari. Eta, nolabait, Miranderen ondoan ibili izanak, hurbilagoak egin izan ditu enetzat. Nire gaiztakerian, iritsi izan naiz pentsatzera, Marine haur zela, Miranderen izterretan egon zitekeela eserita elkarrekin abesten C’est la mère Michel qui ha perdu son chat…

Kontua da oso zaila egiten zaidala faxista hauen pentsaeraren nondik norakoak ulertzea. Niretzat,  Espainian ezagututako katolikotasunetik urruti, oso zaila da halako gauza bat konprenitzea. Horregatik egin zait hain baliagarri Les inrocks aldizkariak Michel Eltchaninof filosofoari egin dion elkarrizketa, Dans la tête de Marine Le Pen liburua argitaratu duen aitzakian.

Marine Le Pen ulertzeko giltzakEne irudikotz, Hegoaldeko ikuspegitik, oso zaila zaigu Frantziako laizitateak halako munstro-pentsaera sor dezakeenik pentsatzea. Eltchaninofi irakurritakoaren arabera, ordea, Marine Le Pen feminista  ageri da askotan, bere aitaren eta beste garai bateko alderdikideen falokraziatik urrundurik. Emakume moderno bistaratzen zaigu, birritan dibortziatua, abortuaren eta homosexualen arteko ezkontzaren kontrakorik gabea.  Einstein, Camus, Cocteau, Marc Bloch,  Hannah Arendt edota Claude Lévi-Strauss antropologoa aitatzen ditu sarritan… Ez zaio batere gustatzen ultraeskuineko alderdi batekoa dela entzutea, azken finean, totalitarismo liberala borrokatzen baitu berak, eta erabat errepublikarra nahi du izan. Bere alderdia ez du ez eskuinean ez ezkerrean ikusten. Eta hori guztia gutxi bailitzan, langilea eta nekazaria dira bere bozarekin FN sostengatzen dutenak…

Apirileko hauteskundeetan Valls, Fillon, Mèlenchon, Le Pen eta beste batzuek lehiatuko dira Frantziako Presidente izateko. Nire lagunek diotenez, Fillon liberalak ditu aukera handienak. Nik arrastorik ere ez daukat, baina emakume honek egiten badu aurrera, Trump eta Putin dantzalagun dituela gainera, Jainkoek gorde gaitzatela aterpean apur batean.

Marine Le Pen ulertzeko giltzak
Frantzia, Fronte National, Marine Le Pen
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Marine Le Pen ulertzeko giltzak”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2017-01-18 21:58

    “Jon Mirande eta Le Pen” googlatu eta, honatx zer argazki azaldu zaidan: http://blogak.eus/denetik/argazki-bat Bi fatxoak mozorroturik agertzen direnekorik ez dut aurkitu oraindik…

    Faxismoa eta katolikotasunari buruz: faxismoa, funtsean, laikoa da; Espainian ezarri zena ez omen zen egiazko faxismoa izan, baizik eta “apaizen eta militarren diktadura bat”, Manuel Azañak -uste dut- noizbait esan moduan. Faxismoa eta ultraeskuina ez bide dira zehazki gauza bera.

    Diotenez, Front de Gauchen eta Front Nationalen programak alderatuz gero, haien arteko diferentziak ez dira hain handiak. Inmigrazioaren auzian omen dago bien arteko alde nabarmenena, baina programa ekonomikoa ia-ia berdina omen dute, sektore estrategikoen nazionalizazioa eta estatuaren papera berreskuratzeaz denaz bezanbatean. Baina, antza, zortzi deitura jatorrak dituzten langile frantsesek gehiago sinesten dituzte FNren promesak FGrenak baino. Edo beharbada, FN garbi eta lotsarik gabeago mintzatzen da ezker frantsesa baino bere promesen gainean…

  • Hasier Etxeberria

    Amonamantangorri, baliteke irudiari dagokionean, nik aipatutakoa Lourdes Otaegiren liburutik eta ez Gil Berarenetik oroitzea. Honez gero dena nahasten zait erremediorik gabe errota zahar honetan. Eskertzen da, beraz, zure ekarria. Alabaina nik adierazi nahi nuen bakarra horixe zen, Le Pen zaharra eta Mirande lagun izandakoak zirela edo, behinpe, asmo politikoak partekatzen zituztela. Ez naiz ni faxisten ondoan egon zale, baina kasu honetan gustura egongo nintzen bien artean kizkurtuta esateko zituztenak entzuten. Bai horixe.

  • Hasier Etxeberria

    Baten batek Europaren (ultra)eskuineratzearen gaian sakondu nahi balu, agian eskertuko du Josep Ramonedak Público egunkarian argitaratu berri duena: http://www.espacio-publico.com/el-ascenso-de-la-extrema-derecha-en-europa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude