Txapel politiko zuzenak, artifizialak eta tipografikoak

Txapel politiko zuzenak, artifizialak eta tipografikoak – 

Sustatu teknologia albistaritik.


Aberri Egunean adimen artifizialeko tresna batekin zerbait egiten ausartu ginen Sustatun (ereserki absurdo bat, Suno erabilita). Baina ez ginen bakarrak izan, EAEko PPk edo beren hautagaiak (Javier de Andres aurkezten da lehendakarigai apirilaren 21ean izango diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara), bideogile baten irudiak adimen artifizialeko sorkuntza batzuekin nahastu zituen bideo batean. Batzuen iritziz, geurea barkatua legoke, erabilpen ludiko eta ez profesionala baita (eta dibulgatiboa, Suno nola dabilen erakutsi nahi izan dugu, inongo musikariren lana ordezkatu gabe) baina kontestu profesional batean (horixe delakoan hauteskunde-mezuak zabaltzea) okerra litzateke hori. Balorazio horiez aparte, azter dezagun bideoa.

txapela aa 1

Hona Javier de Andresek igandean zabaldutako bideoa, besteak beste EITBk berehala erreproduzitu zuena bere teleberrietan.

Bideografo profesional batek eginak diruditen eszena batzuez gain (De Andres bera eta beste pertsona batzuk txapelak jantzi eta luzitzen), adimen artifizialez sortutako pasarte labur batzuk tartekatzen dira. Prompt edo hitzezko aginduz sortuta dirudite irudiek, eta Beñat Erezuma adituaren iritziz RunwayML tresnarekin eginak dirudite.

Mezu inplizitua ez da guztiz argia, baina badirudi PPko jendeak txapela naturalki jantzi dezakeela, eta beste irudi artifizialek txapel-estetika identitario oker bat islatu nahi luketela. Txapel artifizialen lehen agerpena, hau:

Txapelak from outer space... auskalo.

Txapel politiko zuzenak, artifizialak eta tipografikoak

Gogoangarria: txapel erraldoi batek alpeetako gizon pseudo-euskaldun mordoa babesten ditu, denok txapel beraren azpian. Txapel bat, guztiak gobernatzeko!

Homoerotismora hurbiltzen, txapel faliko batekin?

Txapel politiko zuzenak, artifizialak eta tipografikoak

Hau jada Jean-Paul Gaultierren Le Basque kolonia saltzeko izango da, uste dugu.

Eta horra, De Andresen mezu nagusia, txapela naturalki jantzi behar dela, ez diezagutela biribilkatuta ezar buruan. Halako zerbait, Tornasol zuriurdin bat batetik, eta txapela sufritzen Chalamet moduko bat edo…

Txapelaren azken agerpena ez da ez bideoz ez adimen artifizialez sortua. De Andres izenean A hizkia euskal tipografia tipikoaren aldaera batekin sortua da, zubi hautsia letra erdian, eta A gaineko txapel tipikoa:

Hain zuzen ere, EH Bilduren aurtengo kanpainan ere agertzen A tipografikoki euskaldunaren beste aldaera bat.

Ez zaigu iruditu EAJ, PSE-EE, Podemos, Vox edo Sumar alderdien propagandetan A txapeldunik dagoenik oraingoz, baina izatez kanpaina datorren ostiralean abiatzen da ofizialki eta ikusiko dugu orduan.

Txapel politiko zuzenak, artifizialak eta tipografikoak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude