Txapalangarra, Lodosako ekintzaile sutsua
Txapalangarra, Lodosako ekintzaile sutsua –
Egia aitortu behar badut, pertsonaia hau guztiz ezezaguna nuen, duela hamar bat urte, Erriberan urtero oporraldia pasatzen zuen Jexuxmari Mendizabal Bizargorri lankide eta idazle ormaiztegiarrak horren berri eman zidan arte. Berak ez zekien zehazki nor izan zen, baina kontatu zidanez Zentroniko San Joanetan haren oroimenezko panpina bat erretzen omen zuten urtero. Euskal fonetikako izena iruditu zitzaion baina gehiago ezin zidan zehaztu. Urteak iragan dira, jadanik erretiroan sartuta nago, eta duela gutxi, txiripa batez, Txapalangarraren oihartzuna berriz belarrietara etorri zait, oraingoan Lodosan den estatua baten bitartez. Hori dela eta, bilatu eta sakondu egin dut pertsonaia honen inguruko historiaz. Horratx:
Zentroniko San Joanetako Txapalangarra
Jai hauek zahar-zaharrak dira Zentronikon eta urteetan zehar, gauza guztiekin gertatzen den bezala, aldatu eta eraldatu dira. XIX. mendearen bukaeran, San Joan egunaren bezperan, eguerdi aldean, Zentronikoko ezkilak kanta-kantari hasten ziren eta denbora berean etxeetako balkoietatik Txapalangarra izeneko lastozko panpinak zintzilikatzen zituzten. Horrek erran nahi omen zuen indar gaiztoak herrira iritsiak zirela. Arratsean, herriko mutilek panpinak balkoietatik jaitsi eta karriketan barna eramaten zituzten, txilipurdika eta hebaintzen zituztelarik. Herritik kanpo aldera iristean, han zain egoten ziren Zentronikoko alarguntsak beltzez jantzirik eta jorrailez eta labainez armaturik. Panpinak bertara iristean, alarguntsak oihuka hasten ziren eta jorrailez eta labainez Txapalangarra haiek arras txikitzen zituzten. Gero lurrean sakabanaturik ziren puska guztiak jaso eta su-meta batean erretzen zituzten. Horrekin adierazi nahi zuten indar ezkorrak herritik ezabatuak zirela.
Ekintza sinboliko hori burutu ondoren, alarguntsek hasiera ematen zioten gaueko dantzaldiari Sanjuanera izeneko jota kantatuz eta dantzatuz herritar guztiekin batera. Ondoren afari herrikoia izaten zen zentronikoar guztientzat, haragia erretzen zuten, eta patata eta baratxurirekin atontzen, edateko Erriberako ardoa barra-barra izaten zen. Zentronikoarrek gaueko ordu ttikiak koadriletan pasatzen zituzten, janez, edanez, kantatuz eta dantzatuz. Horrela goizaldia argitzen elkarrekin eta giro onean ikusten zuten. Ekitaldi honi Santa Katalinaren gurpila deitzen zioten. Gero, inguruko lur eremuetara abiatzen ziren erromeria egitera, ibai aldera bereziki, eta bertan gosaltzeko txokolatada herrikoiak egiten zituzten. Herrira itzultzean, gerezi-lorez beteriko adaxkak eta albahaka-liliak jasotzen zituzten geroago San Joanen ohoretan herriko elizan egingo zuten mezan santuari eskaintzeko asmoz.
Tradizio eder hau, gerra eta ezbeharren artean, emeki-emeki ahultzen joan zen, baina azken hamarkadetan zentronikoarrek berpiztu eta indartu egin dute, eta gaur, San Joanetan Txapalangarra izeneko panpinak karriketan barna ibiltzen dituzte, jipoitzen eta egurtzen, eta azkenean plazan erretzen dituzte. Ez dago erran beharrik, Sanjuanera jota dela jai hauetako abestirik garrantzitsuena.
Baina nor izan zen historian egiazko Txapalangarra? Zergatik dizkiote Zentronikon horrelako herra eta ezinikusia? Herritarren oroitzapenetan, erdi galdurik iritsi zaizkien ahozko kontakizunetan, Txapalangarra Logroño aldean, gerrate karlisten garaian, bizi izan zen jenerala izan zen, eta Zentronikora iristen zen aldiro, uztarik onenak ebasten zituen bere soldaduei emateko, eta herriko mutilak, haien borondatearena urka, gerrara, soldadu gisa, eramaten zituen. Hori jakinik, ongixko ulertzen dugu alarguntsa beltzek panpinekin egiten dutena, eta herritarrek karrikaz karrika eramatean aipatu militarrarren izeneko panpinei ematen dieten jipoia. Txapalangarra zentronikoarrentzat deabruaren pertsonifikazioa dela erran daiteke, gaitz eta txarkeria guztien ikurra.
Txapalangarra, pertsonaia historikoa
Historiak baina, bestelako zehazkizunak ematen dizkigu. Ikus ditzagun. Joakin de Pablo Anton Lodosan, Lizarrako merindadean, jaio zen 1784ko uztailaren 26an, Errioxatik etorritako familia laborari batean. Napoleonen inbasioaren garaian, Xabier Mina Larrearen gerrillan parte hartu zuen eta Faltzesen izan zen borrokaldi batean bere ausardiagatik nabarmendu zen. Frantsesek Xabier Mina preso hartu zutenean, haren osaba zen Frantzisko Espoz Minaren gerrillara pasatu zen, eta 1811n kapitain izendatu zuten.
1812an Nafarroako dibisioaren seigarren batailoiko buru ezarri zuten, eta hainbat borrokaldi izan zituen, Leiren, Oskan, Zaragozan… Urte bereko uztailaren 20an, frantses tropa bat suntsitu zuen Zaragoza aldean, Nocitotik gertu, baina Rugier jeneralaren erasoei ezin eutsiz, erretiradan gibelatu zen. Garaiko kroniketan kontatzen dutenez, Joakin de Pablo harroa, ausarta eta odol berokoa zen, arriskurik ikusten ez zuena, eta azkeneraino borrokatzen zekiena. 1812ko abuztuaren 9an, Rougier jeneralaren aurka borrokatzen ari zela, Rasaleko guduxkan, munizioak amaitu zitzaizkiolarik, harriak jaurtitzen jarraitu omen zuen.
Gerra bukatu zenean, Madrileko gobernuak Nafarroako seigarren dibisioa desagerrarazi zuen, baina bertako borrokalari askok, ados ez zeudenez gero, desertatu zuten. Horietako bat izan zen Joakin de Pablo, Frantzisko Espoz Mina berari aurre egin ziona. Horregatik atxilotu zuten. Jakako gaztelura preso zeramatela, lodosarrak zaldi bat lapurtu eta lauhazkan ihes egin zuen Iruñea aldera. Nafarroako hiriburuan, Espozen etsai amorratua zen Ezpeletako kondearen etxean babestu zen. Iruñetik Lizarrara abiatu zen eta errejimendu bat antolatu ondoren, Espozen aurka aritu izan zen hainbat gatazkatan.
Geroago, liberal sutsua bilakatu zen. Garai hartan liberalek burua txapel gorri batez apaintzen zuten eta horregatik txapelgorri deitzen zieten. Arabako hegoaldean eta Nafarroako Erriberan txapelengorri edo txapalangarra deitzen zieten mespretxuz. Hortik etorri zitzaion Joakin de Pablori hil arte eraman zuen izengoitia, Txapalangarra, hain zuzen. Bitxia bada ere, beranduago, karlistadetan, txapelgorri ezizenaz deitu zitzaien soldadu karlistei, buruan eramaten zuten txapel gorriagatik. Historiaren bide bihurriak.
Txapalangarra gorrotatua izan zen Erribera osoan, herrietan sartzen zenean, uztarik onenak lapurtzen dituelako bere soldaduak elikatzeko, herrietako mutilak bahitzen zituen bere errejimenduan borroka zitezen, zuhaitzak mozten zituen egurra baliatzeko eta era guztietako lapurreriak eta basakeriak egiten omen zituen. Hortik etorri zitzaion, zalantzarik gabe, zentronikoarrek zioten gorrotoa.
1820an, Bilbon bizi zela, bertako agintariak konstituzio liberala zin egitera behartu zituen. 1820tik 1823ra arte, erregearen soldaduen aurka aritu zen. 1823ko urtarrilaren 20an sekulako egurra eman zion Zangozan Santos Ladronen agindupeko tropa erregezaleari. Urte bereko martxoaren 16an, gobernuak bidalitako zalditeria suntsitu zuen Elo herrian.
Liberalen gobernuarekin, Alicanteko gobernadore ezarri zuten, eta, kontatzen denez, bere soldaduak elikatzeko katedraleko ezkilak saldu omen zituen. Alicanten bertan borrokatu zen Frantziatik, absolutismoa Madrilen berrezartzeko, etorritako San Luisen Ehun Mila Semeak izeneko armadaren aurka. Amore eman behar izan zuen, eta 1823ko azaroaren 13an, Gibraltarrera erbesteratu zen. Hainbat urteren buruan, Londresen zegoela, parte hartu zuen 1830ean, liberalismoa berriz agintera eramateko, antolatu zuten taldean. Hori dela eta, Lapurdira etorri, Kanbon soldadu talde bat antolatu, eta Luzaidetik Nafarroan sartzen saiatu zen. Pio Barojak “Los caudillos de 1830” (1830eko buruzagiak) izeneko liburuan ederki kontatu zuen 1830eko urriaren 20an, Luzaiden gertatu zena, ehun bat soldaduz osatutako Txapalangarraren tropak mila bat gizonez osatua zen Benito Eraso erregezalearen agindupeko armadarekin topo egin zuenean. Aipatu beharra dago, Benito Eraso gerora jeneral karlista ospetsua izan zela.
Txapalangarrak, bere soldaduak atzean utzirik, zaldiz hurbildu zen Benito Erasoren lehen soldaduengana eta hizketan hasi zitzaien. Pentsatzen ote zuen hitz ederrez gizon haiek bere aldera eramanen zituela? Gauza da, Txapalangarraren erokeriaz asperturik, Pedro Roca tenienteak su egiteko agindua eman zuela eta lodosarra balaz josirik hil zela. Horrela hil zen, liberalentzat heroi eta Erriberako herritarrentzat lapur eta tirano izan zen Txapalangarra ekintzailea. Gaur Lodosan badira plaza bat eta estatua bat bere izena oroitarazten digutenak.
Txapalangarrak bizitza osoa eman zuen borrokan, alde batean edo bestean. Liberal bilakatu zenez geroztik eta hil arte bandera eta aldarri horiek defendatuz ibili zen hor-hemenka. Heroia? tiranoa? lapurra? odolzalea? Hori bakoitzak aztertu eta erabaki beharko du. Zentronikon, berriz, oso garbi daukate urtero, San Joanetan Txapalangarra izeneko lastozko panpina egurtzen, txikitzen eta erretzen dutenean.
Gure ama Lodosakoa da eta txikitatik ezagutu izan dut “Txapalan” ezizena familia bategatik. “Txapalangarra” ere ezaguna nuen (izena gehiago, izana baino) baina ahantzixea ere banuen.
Mila esker idazlan honegatik.
Oso interesgarria. Milesker!