Txanponaren beste aldea ezagutu nuenekoa
Jose Mari Sagardui, ‘Gatza’. 1980an atxilotu, eta 2011n askatu zuten. 22 urterekin sartu, eta 53rekin irten. 31 urte preso. 14 kartzeletan ibilia, ihesaldi saiakera bat (Granadako espetxean), eta guztira 150 eguneko gose greba. Askorentzat Nelson Mandela euskaldunean bilakatu zen, eta baita euskal preso politikorik sonatuenetariko batean ere (inor gutxietsi gabe). Bere atxiloaldia baina beranduago jaio ginenok, sarritan irakurri izan dugu bere izena egunkarietan, aldizkarietan… maiz ikusi ditugu bere aldeko mobilizazioak. Guztiz ezaguna zen, baina aldi berean, ez genuen Jose Mari ezagutzen. Ez genekien zein ahots zuen, zer pentsatzen zuen, bere kasua nolakoa izan zen edota aurpegian denboraren zantzurik izango ote zuen. Euskal presoen eskubideen aldeko borrokan erreferente bilakatu genuen, baina garrantzitsuena bidean utzi genuen: kasua era pedagogiko batean azaltzea eta lau haizetara zabaltzea.
Jose Mari atxilotu zutenean, indarrean zegoen Lege Antiterrorista Konstituzioaren aurrekoa zela gogorarazi behar da (56/78 legea ez baitzuten 80ko abendura arte ordezkatu). Horrek zer esan nahi du? Inkomunikazio egoerako ohiko 72 orduei, Poliziak zazpi egun gehiago luzatzeko aukera zuela, ez zituela bere oinarrizko eskubideak entzun ere egiten deklarazio polizialean, eta poliziek abokatuaren presentziarik gabeko galdeketa egiteko eskubidea zutela. Hamar egun 1980ko polizia-etxe batean, inkomunikatuta. Pentsa. Euskal Herriaren urterik zailenetarikoetan: istiluak kalean, desagerketak, Gerra zikinaren lehen belaunaldia (Triple A eta Batallon Vasco-Español), ETAren urte gogorrenak… Gainera, senideek ere kasu batzuetan ez zekiten atxilotua non zegoen. Hau da, ez zekiten herriko polizia-etxean, Madrilen, ala Burgosen zegoen. Bai, Burgosen. Garai hartan, galdeketa zentro klandestino bat omen zegoen Burgosen, Madrilera bidean. Hau da, ez zuten Euskal Herrian edo Madrilen soilik deklaratzen, Burgos zen gune nagusietako bat.
Testuingurua zein zen jakinda, Jose Mari ezagutu eta berari buruzko dokumental bat egitea pentsatu genuen Maitane Serrano eta biok. Inkontzienteki erreferente bilakatu genuen irudi horren atzean zer zegoen jakin nahi genuen, gertutik ezagutu; begietara begiratu, alegia. Zalantzaz beterik eta kirioak dantzan nituela joan nintzen Zornotzako herrikora, Jose Marirekin bertan izango baikenuen lehen hartu-emana. Heroi hura aurrez aurre edukitzerakoan, ez nekien nola erreakzionatu behar nuen. Izugarrizko errespetua ematen du espetxe barruan kanpoan baino denbora gehiago eman duen pertsona batekin aurrez aurre egotea, benetan. 31 urte! esaten nion neure buruari Jose Marik hitz egiten zuen bakoitzean. Ez duzu azalpenik aurkitzen, baina une horietan garunak beste era batetara funtzionatzen du. Esaten duen guztia indar handiagoarekin sartzen zaizu belarritik, adierazten duen hitz bakoitzak pisu izugarria du. Nola hitz egiten duen, nola begiratzen zaituen, nola entzuten duen… Izugarria da. Azken finean, hasierako helburua betetzen ari nintzen ‘heroi’ hura alde batera utziz eta Jose Mari pertsonalki ezagutuz. La hostia izan zen. Ordubetean errepasoa egin genion hamalau kartzeletako Tour bereziari.
Aspaldian izan dudan bizipenik ederrenetarikoa izan zen. Pertsona berri bat ezagutu nuen, jaioberria ia. Noizbait aske izandakoa, baina askatasunean bizitzea zer zen jakitea falta zitzaiona. Espetxera sartu aurretik poliziarengandik ihesi ibili zen Jose Mari. Horregatik, pertsona batek mundu berri bat ezagutzen dueneko prozesuan parte hartu nuela esan dezaket. Ez zen inoren beldur, ez zuen jazarpenik. Baina bai 31 urteren ondoren ezagutu zuen munduarekiko zalantza ugari. Mundu teknologikoa, kapitalaren mundua. Ordenagailu bat zer den ez zekien, sakelakoa, euroak… prozesu horretan nire hondar alea jarri nuela pentsatu nahi dut. Mila esker Jose Mari.
’31 urte’ dokumentalaren trailerra