Zorionari buruz lau apunte

“Detrás del humo”, Mabela: http://www.arteyfotografia.com.ar/11250/fotos/238817/

Ke-saltzaile ugari mundu honetan (ni ere?)

Zoriona erraz eskuratzen dela esaten duenak badaki gezurretan ari dela. Ez dago gidatzen gaituen maparik, ezta zoriona bertan kokatzen duen punturik ere. Zoriona, beste hamaika gauza bezala, pertsonaren garunari atxekita dago. Beraz, munduari forma emateko ezaugarria da zoriona; asmatu dugun helburu nagusia, hain justu.

Atzeman bezain laister, ihes

Nik esango nuke zoriona une txikietan antzematen dela. Sentsazio iheskorra da, bat-batekoa, beraz. Adibidez, kotxe karneta ateratzean, edota, beste pertsona batekin lotura “puntu hori” sentitzean; hau da, kanpoko munduarekin oreka perfektuan sentitzen zaren unea. Pertzepzio kontua da zoriona, erabat lurtarra beraz.

Aringarriak

Arin larregi higitzen den mundu zoro honetan, xenda hartu baino lehen azenoria muturrean jartzen dugu. Absurdoa izan liteke baina inork ez zuen esan bizitzeari logika oso bat atxekitzen diogunik. Galerari garaipena esaten diogu askotan, zorionara garamatzan ibilerari zentzua eman nahian. Errealitatea gordinegia litzateke, bestela.

Itzal baten zai

Argipean bizi garen arren, itzal baten zai gara. Bera dugu hizpide, bera dugu itxaropen, bera dugu helburu. Noizbait zoriona atzemango dugula desiratzeak, bere argi eta ilunekin, bizirauteko kemena ematen digu. Eta jainko ateoan sinisten dugu helburu gisa. Bizitza tristeegia litzateke, bestela.

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.