“Txakurra” eta “Ni naiz txakurra deitu nizuna”

“Txakurra” eta “Ni naiz txakurra deitu nizuna” –

Felix Zubiak Bertsolari aldizkarian.


Doinua: Txirrita hil dala

Lesakan bada gizon handi bat,

Bertsotan aritzen dena,

Pandemiaren gorabeherekin

Txakurra deitu nauena.

Ederki dakit zer den okerra

Eta zer dugun zuzena,

Zer dela eta jarri didate

Modu hortako izena?

Hil zaizkigunak lau milioi pasa

Zenbatu dira munduan,

Euskal Herrian ia sei mila

Begiratu inguruan.

Gauza bat daukat oraindik ere

Ezin sartuta buruan,

Zer dela eta ukatzen duten

Izan ez balitz moduan?

Zazpiehun kasu baino gehiago

Neure begiz ikusiak,

Heriotzaren bidez lezio

asko gara ikasiak.

Batzuk saihestu nahi nituzke nik,

Aholkuz adieraziak.

Zer dela eta jasotzen ditut

Holako hitz itsusiak?

Zenbaitek, baina, gertatuari

Egiten diote uko,

Konspirazio baten azpian

Gaituztela zapalduko.

Ideia latz bat bururatzen zait

Horiek entzun orduko,

Bost mila aldiz ukatu arren

Ez dela desagertuko.

Ez dakit zeinek asmatutako

Gezur bat omen da dena,

Txertoak berriz erdi-pozoia

Guztia galtzen duena.

Dudarik bada, ospitalera

Etor dadila hurrena,

Ikusi nahi ez duen hura

Da itsurik handiena.

Negazionista batzuek ere

Pneumoniaren harira,

ospitalera iritsi dira

Eta nahiko tira-bira.

Hasieran harro xamarrak baina,

Egia hutsa hori da,

Arnasa falta zaien unean

Ederki umiltzen dira.

Makina saltsa izan ditugu

Covid-aren inguruan,

Hautatu dugun bizimoduak

Jarri gaitu apuruan.

Ekonomian, garraioetan

Eta zaintzeko moduan,

Zoritxarrean zertan pentsatu

Asko daukagu munduan.

Nabaria da gauza guztiak

Ez direla ondo egin,

Agintariek, kazetariek,

Eta medikuok berdin.

Gertatu dena onartuz eta

Errepikatu ez dadin,

Burua martxan ipini eta

errespetuan hitz egin (bis). 

Txakurra


Xabier Silveirak Bertsolari aldizkarian.

Kaixo Felix ni naiz lesakarra

txakurra deitu zizuna

modu polita ez zela aldez

aurretikan jakituna

baña lortu dut bai lortu ere

horrrekin bilatzen nuna

eztabaidari bide eginez

hona nere erantzuna.

Dena ez dela ongi egina

ez da hausnarketa txarra.

Kazetariek zabaldu duten

bertsio bat ta bakarra

zalantzan jarri ezina bera

ez al da bitxi xamarra

zertara dator ados ez dena

ixilarazi beharra?

Zuk telebistan, irratietan

eta egunkarietan

lau haizetara zabaldu duzu

beldurra modu denetan

sentiaraziz bizitza bera

beldurgarria benetan

eta iaz hil ziren adina

hil zen aurreko urtetan

Donostiako hospitaleko

ZIUek nolako sona

hartu duten zu zaren ezkero

bertan buru den gizona

bapatean uy, gogoratu dut

han larri gaixo dagona

eta zu niri bertsoak jartzen

ze gusto txarreko broma

‘Burua martxan ipini eta

errespetuan hitzegin’

erabat ados naukazu Felix

zuk botatako hitzekin.

Antolatu zen eztabaida bat

euskal zientzilariekin

zu gonbidatu ta azaldu ez

eta hori gu ezjakin.

Negazionista diozunean

argudiotan urria

gelditzen zara, nahiz ta iraina

ez den taktika berria

gaitza inorrek ez du ukatzen

baina bere jatorria

isolatu ez den birus bat da?

ze igerlek igerria?

PCR-a diagnosian

erabiltzeko hautua

nik bezain ongi dela dakizu

maltzurkeriz gauzatua

hola nahieran darabilzue

intzidentzi metatua

egoera bat marrazteraino

arras manipulatua

Gorritu gabe aipatze hutsa

asintomatikoena

lehen algara ta gero datoz

haserrea eta pena

mediku batek ez ote daki

ume batek dakiena

ez dela inoiz gaixoa izan

sintomarik ez duena

Txerto esaten diozun horrek

zer du? barruan zer dakar?

ez du sendatzen, ez du babesten

ta hainbat ondorio txar

sortzen ari da

nik ez dut sartu

baña hartu zure bizkar

-idatziz noski- ardura oro

ta txertatuko naiz bihar

Zuk badakizu farmakogintzak

gutxi daukala ‘santa’tik…

iaz espainian 600 miloi

medikuek hauengandik

jaso zituzten -publikoa da-

nik horrexegatik dakit

Euskal Herrira zenbat iritsi

ote dira hoietatik.

Nahiz ni ez naizen zientzilaria

bertsolariak bagara

entzuten ez den ahotsarentzat

bozgorailu eta aba.

Juanjo Martinez mediku eta

zirujau sonatua da

bion arteko eztabaidara

animatuko al zara?

Hitzak zer duen helburu, haren

baitan da edo ez irain

noski ni ez naiz nere burua

zuritzen hasiko orain.

Ulertzeko gai bazara xapo!

ta bertzela ere bikain

gaizki esanak barkatu eta

zure erantzunaren zain

P.D.

KOMUNIKABIDEETAN JANGOIKOA ZARA

NI BERRIZ LEPROSO BAT

ALDE HAUNDIA DA GURE ERRONKA

BERTSO ERRONKA’RE BADA

JEISTEKO PREST BAZAUDE

ZERUTIK PLAZARA

JOKATU GENEZAKE

EHUN BERTSOTARA

 

*Azaleko argazkia: IÑIGO URIZ / FOKU – BERRIA

Txakurra

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

23 pentsamendu ““Txakurra” eta “Ni naiz txakurra deitu nizuna””-ri buruz

  • Lesakako bezinoa 2021-08-14 11:29

    Aitortu beharra dago Silveira putoamoa dela daukan maila erakusten

  • Ni ez naiz negazionista, ez halakorik ere, baina Silveirak egi borobil borobilak esaten dituenik, ezin daiteke ukatu.

  • Lesakako bezinoa 2021-08-14 12:29

    Silveiraren gezurrak:
    – Birusa ez da isolatu
    – Txertoek ez dute babesten
    – Iaz hil ziren adina hil ziren aurreko urteetan (Espainiar estatuan, %17 gehiago 2019arekin alderatuta. INE)

    Silveiraren manipulazioak
    – Sintomarik ez duenari gaixo deitzen zaio
    – Txertoek ez dute sendatzen
    – Hainbat ondorio txar sortzen ditu

    Silveiraren irain eta mezpretxu miserableak:
    – Txakurra deitu eta irain ez dela esan, eztabaida sortzeko helburuz esana
    – Felixi ZIUko gaixoak ahaztea leporatu

    Esandakoa, putoamoa daukan maila erakusten.

  • Bertsolari bezala duen txispa alde batera utzirik, ez zait gustatu izan inoiz, baina aitortu beharra dut oraingoan onak egin dituela, oso ongi. Baina zoritxarrez, gexur (sic) pila bat. Lesakako bezinoak zerrendatu ditu eta ados nago.

  • Kausarik gabeko errebeldeak ez ditut gogoko

  • Xabier Silveira: Lesakako gure Miguel Bosé.

  • Osasun langilea 2021-08-14 16:52

    Felix bikain beti bezala.
    Kontuz Silveira gizatxarrarekin. Bortzirietan denek ezagutzen dute: gustuko ez dituenak dianan kokatzeko txibato trebea.

  • Bertsolari biak eta gainera euskaltzale, biak ditut maite.

    Pentsaerari buruz, ez naiz bertsio bakar dogmatikoaren zale, ez Gara txett.kontrako, baizik.ets SASI.TXERTOEN KONTRAKO,
    eta hauek ( orain UME ETA NERABEEI ere inoklatu gura dizkietenak) ez dirá benetako TXERTOAK, beraz EZ DUTE ezertatik babesten, eta SASIAK,, populazioan frogatu gabekoak dirá (experimentalak)

    Eta arriskutsuak (TERAPIKA GENIKOA, potentzialki transgenikoak).

    Eta PCRa ez du honetarako balio, datuen manipulaziorako ez bada (intzidentzia metatuak manipulatzeko) Jada gertatua hemengo eta Kataluinako huteskundeetan.

    Eta Covid.19 virus delakoa EZ DUTE ISOLATU, nahiz eta CDC estatubatuarrak baietz esan.

    Baina kontua hartu CDC izan dela BIRUS hau SORTU buena WUHANen, bertako laborategiko birologo saldu baten kolaborazioz.

    Birologo hori handik gutxira agertu zen Hilda (2019 hondarrean edo 20 hasieran

  • “Pentsaerari buruz, ez naiz bertsio bakar dogmatikoaren zale”

    Ni ere ez. Negok ni lurra ez dela ez laua ez esferikoa, kubikoa baizik. Erdibidean omen zegok koxka, aizak!

  • Amonamantangorri 2021-08-15 01:32

    Ea ulertu dudan. Silveirak lehenengo aurpegiratzen dio F. Zubiari: “ZIUko gaixoak hil hurren eta zu bertsoak idazten”. Beheraxeago, eskaintzen dio berarekin eztabaidara jaisteko “zerutik plazara”. Bai. Silveirarekin, medikuntzaz eztabaidatzera “jaisteko”.

    Hemen gelditzen zaigun duda bakarra da gizon hau sustantzia zenbait gehiegi hartuta bihurtu ote den hain ergela, ala betidanik izan ote den horrelakoa.

  • Silbeira hau ezker abertzaleko ahobero bat besterik ez da, tabernazuloan bai indarra pranko, a ostia limpia mundua antolatzen, baina maketo baten aurrean bigarren esaldirako espainolez makurtzen den ahoberoa. Ezer berririk ez. Tamalgarriena Zubia sendagilea lokaztira jaitsi izana. Baina dena dela herri honetan bertsolariek erakusten duten harropuzkeria izugarria da. Toki guztiak okupatzen dituzte. Hor daude Berrian hiruzpalau. Telebistan ere bai. Intelektualak jotzen dituzte euren buruak, denetaz hitz egiteko gai ikusten dira eta errematerako, bertsolari guztiak patroi berarekin moztuta daudela dirudi, denak korronte ideologiko berekoak dira. Aniztasun handirik ez dute euren artean. Nazka dexente ematen ari dira azkenaldian.

  • Antton Erkizia 2021-08-15 21:16

    Ai Garagarra, Ze aitzakia izan duzun zure pozoia ezker abertzaleren aurka botatzeko. Zu bai, zu, ahobero.

    Silveira (honela: Silveira, portugaldarra baita bere aita aita), Silveira ez da ezker abertzalekoa, ez du auto-disziplinarik inungo taldean militantea izateko. Izatekotan, anarko-nartzizista bat dela esango nuke nik.

    Zuk diozunez, hau pena, bertsolari gehienak ezker abertzale ingurukoak omen dira. Hala beharko, PNVkoak ezin izan bertsolari. PNVkoei (Lesakako PNVkoei bederen) ahanzten ari baizaio euskeraz hitzegitea ere. Nola ariko dira bertsotan…?

  • Antton Erkizia 2021-08-15 22:00

    …ahanzten ari baizaie euskaraz hitzegiten ere…
    Barkatuko didazute batzuk gehiegixko “orokortzeagatik”, denak zaku berean sartzeagatik. Buru eta bozeramaile batzutaz ari nintzen.

  • Tira, Antton, Silveira ezker abertzaleko militantea ez da izango baina orbitakoa bai eta orbitakoa baino zerbait gehiago ere bai.

    Ezker abertzaleko ate guztiak zabalik dituen anarko-nartzisista da. Adibide gorena Gara egunkaria duzu, bertako pulpitutik zaunkaka ibilia da denbora luzean, ezker-eskuin egurra banatzen. Eta ezker abertzale usaina duen toki gehiagotan ere ibilia da, txosnetan bertsotan eta beste.

    Ostatuko gudari tipikoa, harropuzkeriaz betea, nahiz eta sekula ez den inplikatu berak hainbeste defendatzen duen horretan -borroka armatua-.

    Benetan inplikatu direnek eta espetxea sufritu dutenek bestelako duintasuna eta umiltasuna erakusten dute.

  • Amonamantangorri 2021-08-16 15:04

    Baieetz… Silveira ezker abertzalekoa izan dela; are gehiago, ezker abertzalearen bertsolari kuttun eta ongi zaindua izan zen, Garan zutabe eta guzi (ejem, erdaraz).

    Nafarroako txapelduna zazpi aldiz, zeren bertsotan, bere onenean dagoelarik, hoberenetakoa da, Nafarroan bederen. Zerbait gertatu zen arte.

    “Zerbait” hori izan zen ezker abertzalearen ibilbide berria. Haren kontra Silveira gogor mintzatu izan da. Aitortu behar zaio gizonari, marjinalitatearen aldera nahita eta kontzienteki mugitzen dela, kosta ahala kosta, lagunak eta kontratazioak galduta ere. Iruditzen zait ez zaigula inoiz ibiliko kargutxo eske. Orain, gainera, pandemiaren inguruko konspirazio-teoria aldrebesen alde jarri zaigu. Igual, komeni zaio bere Whatsappeko taldeetan garbiketa egitea.

    Auskalo non bukatzen den Xabi eta hasten den Xabier Silveira bertsopunklari probokatzailea, ala akaso, ez ote duen bigarrenak lehena jan. Gertuko tratuan pertsona atsegin eta lasaia, zarata handia egonagatik apalki mintzatzen denetakoa. Xabiri, beharbada, komeni zaio Xabier Silveira pertsonaia garbitzea.

  • Antton Erkizia 2021-08-16 16:56

    Garagarra versus Amonamantangorri: Halako batean asmatuko al duzu bada zure diagnosian?. Bestei zehaztasuna eskatzen diozu baina eman…
    Ezker abertzalekoa da, edo izan zen, edo ez da izango baina bai orbitakoa, izango da, izan zen…eta (horregatik) zazpi alditan Naparroako txapeldun…zerbait gertatu zen arte…txapela galdu zuen bere jarrera politikoagatik…

    Honela, nola jakin zertan den Xabier edo non eta noiz eta zertan den Silveira?.
    Argi dagoena da zertan ari den Garagarra versus Aminamantagorri: kaka nahasten, barreneko pozoia oka eta hozka.

  • Antton Erkizia jauna, hemen “txakurra” iraintzeko nork erabiltzen duen badakigu, ez dago ezer gehiago nahastu beharrik, zu zabiltz nahasten. “Tabernazuloko ahoberoa” esatearekin konforme gelditzen bazara, horretan utziko dugu. Ez gara atzo jaiotakoak, badakigu nola den.

  • Antton Erkizia 2021-08-16 20:16

    Ene, Garagarra, ez zara bada ozpindu izanen?

    “Txakurra” deika ari denak berak har beza esandakoaren erantzukizuna. Nik ez dut bere aldeko aurpegirik ezarriko.

    Baina, “txakurra”ren aitzakian, nahas mahas, ezker abertzalea eta txosnak eta “Gara” eta bertsolaritza eta Naparroako txapelketa…dena kakaztu nahizik ari zeratenok (zu barne), orain ez etorri pertxenta zapuztuaren plantak eginez.
    Besteok ere ez baigara atzo jaiotakoak.

    (Gainera “Taberna zuloko ahoberoa” esaera ere beste norbaitek erabili du; horretan ere ez zabiltza batere fin).

  • Amonamantangorri 2021-08-17 00:48

    Gaizki adierazi naiz. Norbaitek ulertu badit Silveirak kontu politikoengatik irabazi eta galdu dituela txapelak, argi gera dadila ez nuela inola ere halako txorakeriarik esan nahi. Esaldiak ordenatzean egindako hutsa izan da.

    Antton: ni ez naiz Garagarra. Gainera, “versus” latinismoaren esanahia ez da zuk uste duzuna. Beharbada alias edo a.k.a. esan nahi zenuen.

    Versus (edo v.s.) zera esateko erabil daiteke: adibidez, “Xabier Silveira v.s. Felix Zubia”, bien arteko borroka edo kontrakotasuna adierazteko.

  • Gauza bat da bertsolaritzarako genioa (eta Silvereirak badu) eta oso bestelako jakinduria. Silveirak (nahita edo nahi gabe)zenbat gezur botatzen ditu (kupidagabe iraintzeaz gain). Txertoak ez du sendatzen baina bai babesten: horretarako dira. Gauza bata da kutsatua izatea eta bestea gaixo biurtzea. Asintomatikoak ez dira gaiso (ez dute gaitzaren sintomarik, beraz) baina gaitzarekin kutsatuta daude eta kutsatzaileak dira. Alegia ondokoak kutsatzen dituzte. Horregatik dira oso arriskutsuak) Beste gauna bat, eztabaida orri hauetan badaude beti aprobetxatuz Pisuerga Valladoletik igarotzen delaa Ezber Abertzalea zikintzeko. Silveirak diona eta EHBildu (non ezker abertzalea ere bitago) gauza bera esaten ari dira? Mesedez.

  • Arrazoia sinplea da: txertorik hartu ez eta kutsatzen diren pertsonak aldaera-fabrikak dira. Mutazio gehienek ez dute ugalketa-abantailarik ematen, eta birusaren ugalketa aktiboki kaltetzen dute. Baina, noizbehinka, abantaila bat ematen duen mutazio bat gertatzen da, birusaren beste leinu batzuk gainditzea eta, denborarekin, nagusi bezala ezartzea ahalbidetzen dion bat. Hauek dira kezkaren aldaerak. Eta zenbat eta pertsona gehiagok ez izan txertoa, orduan eta aukera handiagoa izango da txertoa hartzeko. Hori dela eta, zenbat eta pertsona gehiagok hartu txertoa – Bereziki orain argi dagoelako txerto gehienak koadro larriak prebenitzeko oso onak izateaz gain, kutsatze gehienak blokeatzen dituztela –, orduan eta kezka-aldaera gutxiago egongo dira. Zabaldu ezin den birus bat ezin da mutatu.

  • Aurreko iritzia txosten batetik atera dut eta itzultzaile neuronalarekin itzuli dut. Kontua edo arazoa ez da, txertoa bai ala ez. Hori uste dutenek guztiz erraturik daude. Txertoa mundu guztirako izan ala gutxi batzuretzak soilik eta horrekin negozioa izan. Txertoa esku pribatutik atera eta erakunde pubikoen esku jarri mundo oso txertatua iza ahal dadin. Horra hor gakoa.

  • Auzo lanean dirua bildu eta anti-txertoentzat hegazkina fretatzen ahal genuke Martinika eta Guadalupen gertatzen ari dena ikustera joan daitezen, egiazta dezaten nola han ezin duten birusa “isolatu”, ale guztiak trinko-trinko elkarri itsasia baitabiltza, trumilkan hospitalean, kalean eta baserrian, talibanak bezain harro.
    Ongi da begirada beste koninenteetara zabaltzea
    Baina beno, ez du balio kerosenoa erretzea eta CO2 egitea, are gutxiago alferrik bada, ikusi nahi ez duenak ez baitu ikusiko.
    Bitartean eta osasuntsu gaudeno, barre egin dezagun Kataluniako TV3ko Polonia-n egin zituzten txerto aipamenak, Miguelez, besteak beste