Bizikidetza Nafarroan: konfiantza kontua

Bizikidetza Nafarroan –

Pasa den ekainaren 16an, Nafarroako hiriburuko Civican gunean, nire ustez gure erkidegoarentzat esanahi soziokultural eta politiko berezia duen jardunaldi bat egin zen.

Bizikidetza Nafarroan

Eusko Ikaskuntzak, bere sorrerako misioarekiko leial jokatuz, eta aldaketa-garai bateko edo, agian, gaur egungo zenbait pentsalariren iritziz, garai-aldaketa bateko erronka berrien aurrean, hausnarketa-lan baten ondorioak partekatu nahi izan ditu adituekin eta herritarrekin; izan ere, duela urte-pare bat, Nafarroako aniztasunaren kudeaketa demokratikoaren inguruan hausnartzeari ekin genion. Azken helburua gure bizikidetza hobetzea da, eta, ahalegin horretan, Foru Gobernuaren laguntza dugu, eta eskertu egiten dugu.

Ez dut aurkeztutako proiektuaren txostenaren xehetasunetan sakonduko orain, ez eta jardunaldian bertan esandako guztian ere, baina azaldutako ideia batzuk hartuko ditut, giltzarri iruditzen zaizkidanak, Eusko Ikaskuntzaren arduradun gisa lehen iritzi pertsonal bat publikoki adierazteko. Gure errealitate sozialaz zerbait dakien edonor ohartu daiteke Nafarroako aniztasuna kudeatzea korapilatsua eta zaila dela, bereziki azken hamarkadetan eta demokrazia formal baten erregimenean. Badirudi bi gai gatazkatsu nabarmentzen direla txosten horretan: euskararen kudeaketa eta nortasun nazional(ar)en polarizazioa. Begien bistako loturak eta elkarreraginak daude bien artean, baina, haien azpitik, funtsezko balio bat dago jokoan: desberdinen arteko elkarrekiko konfiantzan oinarritutako bizikidetza.

Jakin badakigu giza harremanak gatazkatsuak direla maiz, eta hori ez da kontu arrazional edo politiko batera soilik mugatzen; izan ere, izugarrizko eragina du alderdi emozionalean. Eta emozioez aritzeko, «heziketa sentimentala» behar da, familiak eta eskolak eman behar dutena, eta heldutasun pertsonal eta kolektibo handiagoa ahalbidetuko duena. Horrelaxe enpatiza daiteke, eta beste aldearen sufrimendua balioetsi, errealitatea den bezala onartuz, desira subjektibotik harago, eta ustezko bidegabekeria objektiboek –edo ez hain objektiboek– eragindako erresumin inkontziente oro –edo ez hain inkontziente– gaindituz. Askotan, kulturalki paraleloak diren munduetan bizi gara, elkarrengana benetan hurbildu edo elkarrekin benetan komunikatu gabe, gure deliberazio-esparrua gure munduetara edo antzekoak direnetara soilik mugatuta. Eta, gero eta gehiago, hori bideratzen dute teknologia digital polarizatzaileek, norberaren apriorismoak berrelikatzea errazten baitute. Horren ondorioz sortzen da mesfidantza, beste aldeari buruzko ezjakintasunaren ondorioz, hain zuzen; eta mesfidantzak beldurra sorrarazten du, eta beldurrak, bere aldetik, gorrotoa. Konfiantzak, berriz, komunikazioan eta inklusioan oinarrituta denok lotzen gaituena bilatuz, ulermena, aintzatespena eta balioespena dakartza berekin.

Hortaz, tolerantzia ez da nahikoa, beste alde batera begira egotea eta besteei bizitzen uztea ez da nahikoa; elkarrekiko errespetua behar da, eta desberdinaren balioa balioetsi, haren eskubideak norberarenak balira bezala defendatzeko, eta horrek, era berean, betebeharrak dakartza eragindako alderdi guztientzat. Arrazoi duzula uste baduzu beti, nagusitasun arrazionala eta morala duzula, gutxi hitz egin eta partekatu ahal izango duzu. Lehenik eta behin, benetako arazo bat dagoela azpimarratu nahi izan da proiektuan, adibidez, euskararen kudeaketaren inguruan. Identitate-aniztasun handia –nafar identitatea, nahiz eta inork ez lukeen haren jabe bakar sentitu behar– dagoela, batzuetan polarizatua, adierazten du horrek, eta kudeaketa demokratiko hura eskatzen du. Hala ere, zerbait argi dugu Eusko Ikaskuntzan: ez dugu zehaztuko gobernuen politika edo beste subjektu sozial eta politiko batzuena. Hori bai, ez dugu izan behar korapilatsua denari buruz eztabaidatzeko beldurrik, gure erosotasun-eremutik ateratzen gaituelako. Beraz, garrantzitsua izango da parte-hartze horizontalerako eta topaketa eraginkorrerako bideak jartzea, herritarrek eztabaidatzeko eta erabakitzeko bideak jartzea, egitura instituzionaletatik harago, eta egun dauden eskaerak haietan integratzea.

Amaitzeko, ohar bat –ez azkena izateagatik garrantzi txikiagokoa–, gaur egun hain beharrezkoak diren konfiantzazko espazioen sortzaile gisa emakumeek historikoki izan duten zereginari buruzko jardunaldian azpimarratutakoaren gainean. Bereziki, espazio horiek sortzeko modu desberdinaren gainean; izan ere, emakumeek ez bezala, irabazleak eta galtzaileak bereizten dituen modu hegemoniko eta dikotomikora jotzen du patriarkatuak. Feminismo gehiago eta hobea behar dela esan nahi du horrek, emakumeek presentzia eta agerikotasun handiagoa behar dutela, baina, hori ez ezik, aurrerapauso bat eman behar dugula beste harreman batzuk bizitzen eta eraikitzen, gure gatazkak kudeatzeko.

Azkenik, proiektuak aurrera jarraitzen du. Epe luzerako prozesuak dira, konfiantza oso hauskorra eta zaurgarria baita, eta gorabeherak izaten baititu. Aldaketak ez dira legeetan soilik egiten; jarreretan ere egin behar dira. Eta jendea arrazionalki konbentzitu beharrean, emozionalki erakarri behar ditugu, betiere pasioaren eta arrazoiaren arteko oreka alde batera utzi gabe. Orain, gazteengana hurbiltzea dugu helburu, orainetik etorkizunari beti begiratzen dion itxaropen batez.

Gazteak, beren esperientziengatik, elkartzeko, hitz egiteko eta partekatzeko irekiagoak izaten dira, eta, agian, gaiago izango dira beren buruari esateko zerk sortzen dizkien deserosotasuna eta mesfidantza beste aldearen identitatearekiko, eta, horri esker, gauza bera pentsatzen eta sentitzen ez duenarekin bide berriak egiten saiatzeko.

Bizikidetza Nafarroan Bizikidetza Nafarroan Bizikidetza Nafarroan

Eusko Ikaskuntzaren Nafarroako lehendakariordea

30 pentsamendu “Bizikidetza Nafarroan: konfiantza kontua”-ri buruz

  • “euskararen kudeaketa eta nortasun nazional(ar)en polarizazioa. Begien bistako loturak eta elkarreraginak daude bien artean, baina, haien azpitik, funtsezko balio bat dago jokoan: desberdinen arteko elkarrekiko konfiantzan oinarritutako bizikidetza”.

    Baina nola eraikitzen da konfiantza eta bizikidetza zure hizkuntza ikasi nahi ez duen eta hura etengabe atakatzen duen batekin? Ezin da. Are gehiago, bizikidetza tranpa hilgarria da gutxiengo minorizatuarentzat.

    “garrantzitsua izango da parte-hartze horizontalerako eta topaketa eraginkorrerako bideak jartzea, herritarrek eztabaidatzeko eta erabakitzeko bideak jartzea, egitura instituzionaletatik harago, eta egun dauden eskaerak haietan integratzea”.

    Berriro ere, zein hizkuntzatan eztabaidatu behar dugu gurea ukatzen dutenekin?

    “jendea arrazionalki konbentzitu beharrean, emozionalki erakarri behar ditugu, betiere pasioaren eta arrazoiaren arteko oreka alde batera utzi gabe”.

    Kulturen arteko talkak ez dira erakarpenez ebazten, hegemoniaren inposizioaren eta defentsaren bidez baizik. Hori oso argi daukate Nafarroako antieuskaldunek. Zuek ez?

  • Eusko Ikaskuntzak zenbat diru poltsikoratu du honengatik?

  • Semenogorri 2021-08-14 15:37

    Gaur bizikidetza, aniztasuna eta integrazioa aldarrikatzen dutenak oso ondo daude integratuta Espainian bere legeekin eta arauekin.
    Nik gauza bera nahi dut gure Nafar Estatuarentzat eta euskararentzat, baina, aldarrikatzen duzun bizidetzak euskara hutsaren hurrengo uzten du espainiar onkeria itsasoan, gauza bat gehiago balitz bezala. Beharbada, kasurik onenean kanpoko eta hemengo folklorea erabiltzen utziko zenukete zerutiar aniztasun horren izenean!
    Baina, horrek ez du gure herria aitortzen.
    Zergatik ez diozu zure nazionalitateari uko egiten aniztasunaren izenean? Senegalera joan eta eskatu hangoa. Gero, kontatu hango aniztasunaren eskubide eta betebeharrak! Hizkuntza, kultura eta abar.

  • Gilen:

    “Bizikidetza tranpa hilgarria da gutxiengo minorizatuarentzat.”

    Kamikaze suiziden arazoa da, beren buruaz bertze egin aitzin, deus gutxi doakiela ondoan diren oharkabekoak aitzinetik eramanik ere.

    “Kulturen arteko talkak ez dira erakarpenez ebazten, hegemoniaren inposizioaren eta defentsaren bidez baizik. Hori oso argi daukate Nafarroako antieuskaldunek.”

    Nafarroako antieuskaldunek ez ezik, Nafarroatik kanpoko euskaldun batzuek ere bai, antza. Zuk, adibidez.

  • “Nafarroatik kanpoko euskaldunik” ez dago. Historiaz gutxi dakizula ematen du…
    Nafarroan genozidioa egin zutenekin elkarlanean aritzea kolaborazionismoa da. Asimilazioaren bitartez Nafarroa Españan eroso egotea omen da helburua, ez zanpaketarekin amaitzea

  • Semenogorri 2021-08-14 17:36

    Nafarroaz kanpoko euskaldunak, ene, hori sinestekoa, gero!
    Beraz, 1200, 1512. eta 1620. urteko datak zer dira zuretzat, Kabe?
    1167. urtean Antso Jakitunak euskarari nafarron hizkuntza deitu zion.
    Gaur konkista eta kolonizazioa gertatu ostean, asimilazio garaian gaude. Batzuek euskaldunon arteko Estatu kolonizatzailearen autonomia erkidegoak baino ez dute ikusten euren hapyflowerkeriaren munduan.
    Euskara galbidera kolonizatzaileek eta zu bezalako kolaborazionistek eraman dute. Hemen ez dago berdinen arteko harremanik, zapaltzaileen betebehar eta legeak baino.

  • Solastu mihipekorik gabe: zergatik ibili itzulinguruka semantika lardasten? Erran argi eta garbi gipuzkoarrok eta bizkaitarrok (ordena honetan, ahal delarik) Euskal Herriaren muina osatzen duzuela: beraz, Nafarroa izanen da zuek nahi duzuena. Ados ez dagoena, “kolaboratzaile”. Nor da hemen “asimilazionista”?

  • Semantika lardasten? Bai, jakina, nondik begiratzen zaion behar da ikusi.
    Baina semantika lardastea bai dela aniztasuna, konfiantza, bizikidetza… ozen baino ozenago aldarrikatzea, Kabe.
    Francon denboran orain baino askoz hobeki ikusiak ginen Diputazioan. Baita orduko gidari politiko eta autoritateen aldetik ere. Oroimenean ditut Gobernadore zibila, militar buruak, Diputazioko Zubiaur, Huarte, Marco eta Urmeneta. Ariora diru-laguntza gehiago hartzen zuen euskalgintzat orain baino. Eta ikustatea, ongi nahia eta horrelako, mila aldiz gehiago

  • Orain berean ikusten eta nozitzen dugun errespetu falta eta mesprezu , ez dut inoiz sumatu. Areago UPNn, PSOEn, UGT eta CCOO sindikatuetako haibat eta hainbat gidarien artean agertzen den gorrotoa sinestezina da. Inoiz ikusu gabekoa.

  • Bai, honek baluke aterabiderik, baina zuen goxoki, lausengu eta tonterekin ez. Lehein gauzak behar ditugu argi eta zuen kontu horiek egoera estali eta ilundu besterk ez dute egiten.
    Eta esan dut esperantza izateko motibo bakarra zera da: jende arrunta ez da gidari horiek etakusten duten burugabe eta gorroto zalea. Beharbada, jende xehearekin lan eginez… gu horretan ari gara

  • “Baina semantika lardastea bai dela aniztasuna, konfiantza, bizikidetza… ozen baino ozenago aldarrikatzea”

    A, zintzoki sinesten dut balio horietan (gehiagotan ere bai, jakina). Nafarroako euskararen egoera, gizarte pertzepzioa eta egorkizuna auzi hagitz korapilatsua da, Nafarroa korapilatsua den bezala. Horrek konponbide erraza duela dioenak demagogia egiten du, edo gibel-asmo gaiztoak ditu.

  • Kabe zer uste duzu Arabako euskararen egoera ez zela korapilatsua eta zaila. Edo Bizkaiakoa. Zernuste zenuten karrantzan eta ia-ia aAraba osoan egoera erosoa zela? Ni naparra naiz eta inoiz ez dut sentitu beste euskaldunak kanpokoak izango liratekeela… Zertara dator orain horrekin irtetzea? Nafarroan Transitzioaaren abiapuntua erabat oker izan zen… Eta orain erdiko konponketak nafar guztien aurka dira… Zergatik ez dugu hartzen eredutzat Valentzian, Katalunian, Galizian edo Baskongadetan egin dutena? Herritarrak ezbdituzte bereiztu Nafarroan bezala… Dena den Kabe uste dut desbideratu duzula mezuaten ardatza… Niretzat ardatza da bizikidetza ezinbesekoa dela, baina Eusko Ikaskuntzaren aditu hauek ez dituzte kontuan hartu euskara napar guztien eskubidea dela… Eta arazoetan ez sartzeko kontentatu nahi dutela euskara gheto moduan uztea nahi duten taldea… Areago talde horrek zer egiten du euskara erabil daitezen? Areago eztabaidetan ez dira sartzen beharrezkoa ikusten ez dutelako… Badakitelako egoera horretan, hots jarraitzen badite ezer egin gabe euskara nafarroan soilik eskualde jakin batean iraungo duela eta denok dakigu gerp eta estuago eta baztertuago…

  • Nafarroako errepide bazterretan fusilatutakoek burua altxatuko balute…

  • “Ni naparra naiz eta inoiz ez dut sentitu beste euskaldunak kanpokoak izango liratekeela… Zertara dator orain horrekin irtetzea? ”

    Berrotza, edo ulermen arazoak dituzu edo fede txarrez ari zara. Nafarroatik kanpoko euskaldunak hizpidera ekartzeagatik, zergatik uste duzu ez ditudala herrikidetzat hartzen? Zuk “Bizkaiatik kanpoko euskaldunak” espresioa ibiltzen duzularik, bizkaitarrak “kanpotartzat” edo “atzerritartzat” ari zara hartzen? Mesedez, faborez eta otoitz: ez nazazu tontotzat har.

  • Kabe: inork ez du esaten konponbidea eta aterabidea erraza denik, gorrotoa hedatzen, gauzak nahasten, jendea pozointzen ari diren horiekin eta gutxiago. Baina, benetan, ene ustez ezinezkoa da arazoa konpontzea egoera estaliz. Erreslitatea den bezalakoa da eta PSNk eta UPNk euskaldunok lurpean sartu nahi gaituzte eta euskara hil. Hori dute planifikatu. Hori da egoera.
    Orain, hori bai, nahi duzun diplomazia erabili, nahi duzun itzulinguru, hizketaldi, irriparra eta launsengu, baina gure artean engainurik ez, errealitatea errealitatea da.
    Errealitatea kontutan izanik, agian,,,

  • Semenogorri 2021-08-14 20:52

    Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Bureba, Iparralde guztia eta gaurko Errioxa nafar lurraldeak dira.
    Etsaiak konkistengatik eta gaztelar “anaitasun” izeneko erakundetik sortutako lur eremuak.
    Irlandarrek Churcillekin hitz egiten hasi zirenean 1000 urteko historia ipini zuten mahai gainean. Ingelesek besteko denbora tarte ia berdina. Gure nafarroa luze-zabal honetan bestekoa.
    Etsaiak eragindako banaketa garai ezberdinetan onartzea larria da. Etoitza, azken batean. Euskararen banaketa konkistak eragin du.
    Nafarrok ez gara ez espainiarrak ez eta frantziarrak ere. Etienne Polverelen 9. tesia.

  • Testu aldrebes hau irakurriaz begibistan dago azeria oilategi barruan darabilkigula. CANeko euskaldunek bizi duten apartheid linguistikoa zuritu eta sendotzeko lan bikaina ari zarete betetzen Mikel.

  • Bi bider irakurri dut testua goitikbehera baina ez naiz ondorio garbirik ateratzeko gauza izan.
    Edonola ere, horra proposamen bat.
    Konfiantza eskuratzeko bidean, oso komenigarria litzateke zapaltzen gaituzten horiek, zapaltzeari uztea, ezta?

  • “Konfiantza eskuratzeko bidean, oso komenigarria litzateke zapaltzen gaituzten horiek, zapaltzeari uztea, ezta?”

    Ez. Edozein adiskidetze/bizikidetza/normalkuntza proiektutan bezala (deitu nahi duzun moduan) hori prozesuaren helburua duzu, ez abiapuntua. Bertzela aldarrikatzea pragmatismo eza edo demagogia da.

  • Semenogorri 2021-08-15 23:31

    Askoz gauza bakunago batera ekarriz, hau da pertsonaren arteko bizikidetzarik ez dago, euretako batek bere agintea eta indarkeria erabiltzen dituenean. Bizi diren lekuan bizi direla, kaltetuak hanka egin behar du bere bizia, ohorea eta izaera arriskuan ikusten baditu. Bestela, erabat bertan behera norbanako moduan edo are okerragoa dena erailda. Genero indarkeriaz, jakina.
    Gure eremuko gizartean, mundu guztia, antza, jatorra eta ona da, euskaldunon hizkuntz eskubideak, giza eskubideak, bide batez, agerian ipintzen ez baditugu. Edo zer garen aipatzen ez den bitartean. Eta ez erabaki behar denaz diot, bolo-bolo dabilen erabaki eskubideaz, izan ere, etsaiari ez daukazu zertan galdetu zu berez izateko ea eskubiderik duzun! Bazara, eta kitto! Bestea itxurakeria da, gure herria desagerrarazi nahi duen estatu menperatzailearekin ituntzea. Espainiak ez du ezer negoziatu, galdu duen arte! Ez Portugalen, ez Flandrian, ez Amerikako kolonietan , “más se perdió en Cuba” esaldiak euren subkontzientean oraindino dirauenak dena dio eta, jakina, Filipinak ( Felipe II.aren omenez ipinitako izena).

  • Bizikidetzak, bi aldeen esfortzua eskatzen du, ez soilik batena. Nafarroan bizikidetza soilik posible izango da nafar guztiek euskara ikasten dutenean. Bai Nafarroan, bai Euskal Herri osoan. Beste guztia, diskurtso politikoki zuzenak, agintea dutenak kontent izateko besterik ez dira.

  • “Nafarroan bizikidetza soilik posible izango da nafar guztiek euskara ikasten dutenean. Bai Nafarroan, bai Euskal Herri osoan.”

    Pol Pot dixit.

  • Kabe, erantzun didazuna erantzuteko, zintzotasunez eta sakonean, ondorio horretara nola iritsi zaren aztertzea eskatuko nizuke. Izan ere, nire ustez behintzat, ondorio horretara iristeko aurrez gauza asko barneratuta, asimilatuta eta normaltzat hartuta izan behar dira. Lasai, ez zara bakarra. Psikologiak zelako lanak egiten dituen ikustea harrigarria da!

  • Diozun hori ez da gertatuko, gustatu edo ez. Epe arrunt luzean, behinik behin. Eta bitartean, zer? Hori gabe ezinenezkotzat jotzen baduzu bizikidetza, aukera gutxi gelditzen zaizkizu: malenkonian ito? Erdaldunak eskubide zibilez gabetu, arestian kobazulo honetan bertan iuminatu ale batzuek proposatu zuten bezala? Bertzela ere, gizarte elebidun (hirueledun, laueledun..) kohesionatu baten aukera ukatzeak soziolinguistikaz deus gutxi jakitea (edo jakin nahi ez izatea) adierazten du.

  • Kabe, haserre antzean somatzen zaitut eta ez dakit zergatik. Baina lasai, ez zara bakarra. Mekanismo psikologikoak horrelakoak dira. Ez zara bakarra, baina oldartze hori beste herrialdetan ere gertatu da. Begiratu sioux-ak. Euren artean haserretzen ziren lurralde guztiak kentzen zizkien bitartean. Azterketa sakon bat egitea proposatu dizut, besterik ez. Eta erantzunean, zure barneko mamuak eta fobiak bistaratu dituzu: kobazuloa… Nafarra zarela dirudi. Zein eremutakoa zara? Alegia, vascofonoa, mixtoa ala ez vascofonokoa?

  • Bai, Garagarra, hau friki, transfobo, xenofobo eta konspiranoikoen kobazulo ilun bat da. Euskal “forocoches” hiperhormonatu bat, alegia. Ez da, zorionez, gure gizartearen isla. Nik kukuak egiten ditut noizbehinka masokista bainaiz. Hori erranik, Pol Pot-en nere aipua seguruenik desegokia izan da.

  • Bai, Kabe, eta noizik behin espainol faxista euskaradunek ere sartu-atera bat egiten duzue zuen supremazismoa kritikatzen duen orori intolerante etiketa jartzera. Horrelakoak zarete inperialistak.

  • Kabe, zer mamuak darabilzkizu barnean. Orain transfobia aldera jo duzu. Ohikoa izaten da hori ere, gustukoa ez duzuna, matxakatu nahi izatea unean uneko etiketa guztiak esleituz gustuko ez dituzun guzti horiei. Berdin dio gaiarekin erlaziorik baduen. Iraindu, diskriminatu eta zapaldu nahi duzun hori guztia zaku berean sartu eta kito. Horretara ere ohituak gaude. Ez zara bakarra. Beste kultura eta herrialdetan ere gauza bera gertatzen da. Mekanismo psikologikoak beldurgarriak izan daitezke. Baina ez didazu erantzun zein eremutakoa zaren.

  • Gune honi forocoches ukitua ematen diona hi haiz, Cabe.

  • Mikel Haranburu 2021-08-26 11:07

    Konfidantza; inork uste badu Nafarroako espainiarrek konfiantza falta dutenik, oker da. Nafarroako espainiarrek ez digute ez beldurrik eta ez gorrotorik: beren misioa Nafarroa espainiar probintzia bilaka araztea da, eta horretan ari dira, emoziorik ere gabe. Francoren helburua berentzat hartuta. Helburu politikoa.
    Guk bide seinaleak zirriborratzen genituen, Euskaraz EZ zeudelako; oraindik ere (Iruñerriko hainbat herritakoak), espainiarrek zirriborratzen dituzte noizean behin, Euskaraz ERE daudelako. Horra bizikidetzaren handia!