Tutore justizieroa

Tutore justizieroa –

Patxo Telleriak Bizkaiko Hitzan.

Parkeko banku batean ikusi dut. Laurogeitako agurea. Ondoan zaindari hegoamerikarra. Ezagutzen dut, baina ez dakit nondik. Senak pertsonaia on bat dela esaten dit.

Tutore justizieroaHurbildu, eta “barkatu, zertaz ezagutzen zaitut?”, galdetu diot. Agureak, bustitako begiekin begiratu, eta barkatzeko, ez dakiela. Lanbideaz galdetu diot. Kimikaria dela ikasbidez, jubilatu arte irakasle aritua. Kolpe batez etorri zait akordura. Fisika-Kimikako irakaslea izan nuen 13 urte nituela. Eta tutorea. Agureak “oso ondo” esan du irribarretsu, eta zaindariak besotik tiratu dio etxerantz. “Ikaskide bat ia akabatu zenuen egun batean”, bota diot tupustean. Gelditu, eta bankuan eseri gara biok, zertaz ari naizen galdetu didala. Kontatu egin diot.

Kurtsoaren erdian, Ingeleseko irakaslea gaixo jarri, eta ordezko bat ekarri zuten. Emakume bat. Gaztea. Fraideen ikastetxe hartako hormak zeharkatzen zituen lehenengo emakumea. Klasean 50 ikasle gizonezko eta nerabe. Imajina daiteke emakume horrek ikasgelan sartzean sumatuko zuen izerdi garratzaren usaina, adrenalina gaizki bideratuarena, heziketa frankista degeneratuarena…

Eskolan, hitzik eta kontsignaren beharrik gabe ikasi genuen makilari obeditu behar geniola, eta makila gu baino zaharrago, handiago eta boteretsuago batek eraman ohi zuela. Gizonezkoa, jakina. Ordezko hura txikia, gaztea eta ahula zen. Hori gutxi balitz, irribarretsu eta abegikorra. Eta emakumea. Lehenengo aldiz gure bizitzan irakaslea baino boteretsuago sentitu ginen, eta ez genuen aukera galdu. Iseka egin genion, barre eta oihu, gupida eta atsedenik gabe, nekatu arte.

Eguerdian meza genuen. Mezaren ostean etxera joaten ginen bazkaltzera. Baina egun hartan tutoreak berriro ikasgelara joateko agindu zigun. Sartu ginen artalde osoa, otzan. Tutoreak, eskumuturretik erlojua kentzen zuen bitartean, irakasle berriarekin izandako portaera leporatu zigun. Lotsagarriak zirela barreak, oihuak eta gustu txarreko txantxak, baina barkaezina gutako norbaitek egin zuena. Erlojua mahai gainean utzi, eta “gona nork altxatu dio?”, galdetu zigun. Ez zegoela txantxetarako, eta erruduna agertu ezean jipoia denok jasoko genuela. Ez dut gogoratzen egileak bere erruduntasuna aitortu ala besteok salatu genuen, gure larrua salbatzeagatik. Mutila beregana ekarri, eta “hau da emakume bat horrela tratatzen duenak merezi duen erantzuna” esanda, kolpeka hasi zitzaion. Jipoi fisikoak eguneroko ogia ziren gurean, baina egun hartan mutil horrek jaso zuen ostia andana ez dut ahaztuko. Ate ondoko bazterrean zegoen zumitzezko paperontzi handian bukatu zuen, ahotik eta sudurretik odola zeriola, begietatik negarra, erraietatik amorrua eta lotsa.

Sentimendu kontrajarriak nozitu nituen egun hartan. Izu larria eta beldur sakona. Ikaskidearekiko errukia. Baita miresmena ere. Western bateko eszena batean bezala sentitu nintzen. Tutorea John Wayne zen. Geroagoko eszena imajinatu nuen, ikusiko ez genuena. Tutoreak, Ingeleseko irakaslearengana hurbildu, eta “egina dago, ez zaituzte gehiago molestatuko” esanda musu emango zion, planoa pixkanaka ixten zelarik, pantailan The End agertu arte. Eta handitan neu ere bera bezalako justiziero bat izango nintzela amestu nuen, gaizkileak ostiaka hartuz, damaren musuak irabazteko.

Agurea eta zaindaria joaten ikusi ditut, astiro-astiro. Eta pentsatu dut harrigarria dela nire bizitzan jarrera sexisten kontra jasotako lehenengo ikasgaia hura izatea. Pentsalari sakona banintz, zuku asko aterako nioke gertaera kontraesaneko hari. Zenbat zuen feminismo gaizki edo ondo ulertutik, zenbat matxismo hutsetik. Baina ehiztari bat besterik ez naiz. Zer nahi duzue? Jaso nuen heziketa harekin, nahiko ondo atera naiz.

Tutore justizieroa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, geure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude