D+ EREDUA = Etxean + Hezkuntzan + Aisian

D+ EREDUA –

D eredua, Nafarroako ikastetxetan behintzat, bizikidetza faltsu eta tranpati baten izenean,  ereduak nahasten hasi direnetik (Eredu mistoen sustapena: 2019-2023ko Programa Akordioa, 3.1 apartatua, 32. puntua), eta ingelerari ordu gehiago eta lehenagotik (PAI) ematen diotenetik, “D-“ eredua bilakatzen ari da.

D+ EREDUA

“D-“ ereduarekin, hau da, murgiltzearen oztopatzearekin eta euskararen disoluzioarekin, D ereduarekin lortzen ziren helburuak ere ez lortzeko arriskua daukagu. Gogora dezagun, gaur-gaurkoz, gaztelera nagusi den herrietan behintzat, D ereduarekin, euskara ulertu eta erabiltzeko gaitasun orokorra lortzeko zailtasunak handiak direla. Eta gogora dezagun soziolinguistika datu orokorrak: Ezagutza gora doa nabarmen eta erabilpena mantendu edo beherako joeran dabil. Iruñerriko kasuan, erabilpenera salto egiteko zailtasunak nabarmenak dira, noiz eta geroz eta euskaldun gehiago gaudenean. Behar duguna, beraz, “D+” eredua da, galdera honetatik sortzen den eredua: Zure haurrak euskaraz egitea nahi duzu edo nahikoa duzu ulermen gaitasunarekin?

Komeni da aipatzea, eredu mistoen gainean kritiko agertzen naizenean, hainbat tokitan lortu den D ereduaren ezarpenaren ondorioz ezarriko den ereduen bizikidetzaz ez naizela ari (Allo, Castejon, Mendigorria berriki,…). Nafarroako erdiguneko betaurrekoetatik begiratuta, euskararik ez zegoen tokian, euskarazko adar baten lorpena, onartu eta txalotu beharreko aurrerapauso bat da. Euskaraz funtzionatzen zuen ikastetxe batek, eredu misto batera pasatzea, ordea, atzerapen bat da, are gehiago, euskara hutsez funtzionatzeko ikastetxeak edukitzeko biztanleria nahikoa duten udalerrietan, Iruñeko haur eskoletan bezala.

Zer da orduan “D+” eredua? Hezkuntzak eskaintzen duen D ereduari, guraso, langile eta eragile euskaltzaleon kontzientzia euskaldunari esker sortutako gehigarria, eredu estraofizial berri bat izateraino ailegatzen dena. D+ ereduak, gehiegi sakondu gabe esanda, euskararen transmisiorako, hezkuntza arautuko D eredua hobetu eta hezkuntzatik haratago dauden transmisio multzo batzuetan eragiten du: Etxeko giroa eta aisia.

Etxeko giroan eragiteko, eskolak, guraso elkarteek eta tokiko eragile euskaltzaleek haurrentzako materialak, jolasak, ipuinak, TB edo internet saioak,… proposatuko dituzte.

Hezkuntza arautuan, euskararen erabilpena helburu duen euskara plan bat du. Horretarako, hezkuntzako langileek, euskaraz eta euskaratik lan egiteaz gain, gurasoekin duten bileretan, gurasoekin batera, haurraren euskara plana egokitu egiten dute, eboluzioa aztertuz eta beharrezko baliabideak eskainiz. Euskara etxetik dakarten umeak indartuko ditu euskarari eutsi diezaioten. Eta etxean euskararik ez duten umeak lagunduko ditu.

Aisiak, berebiziko garrantzia hartuko du. Haurrentzako euskarazko eskaintza oparoa eta anitza izan behar da. Euskara eskolatik haratago identifikatzea izugarrizko garrantzia dauka. Euskara eskolaz kanpoko jardueretara, kultur agendara, opor garaietara, komertziora, kirolera,… ailegatzea.

Gogora dezagun, Kike Amonarrizek bere liburuan erakutsi digun “bidegurutzean” gaudela. Eta gure gaurko kudeatzaileek, harrigarria bada ere, “euskaltzale” batzuen laguntzaz, Irlandako gaelikoaren bidea erakusten digutela: Ezagupenez zabalduz doana baina normalizaziorik lortzen ez duena; Folklorean geldituko dena; Itzaliz doana arnasik gabe geratu arte. Guk, Iruñerrian, badugu gure bidegurutze propioa ere, erabilpenera salto egitearena edo euskara erabiltzeko oinarri minimoak ere ez lortzearena. Begiak irekiz gero, badira baikor egoteko arrazoiak. Geroz eta gehiago gara, euskara etxean duten geroz eta ume gehiago daude, badira kultur, merkataritza, aisialdi eta lagun-arteko zirkuituak,…

Arazoaz jabetu, ahaldundu, kontzientzia euskalduna bereganatu eta ekintzarako beharrezko indarra lortzea da gakoa. “D-“ edo “D+”, nik nahiago positibo.

D+ EREDUA D+ EREDUA

Aita eta euskaltzalea.

2 pentsamendu “D+ EREDUA = Etxean + Hezkuntzan + Aisian”-ri buruz

  • Zer esan Iñigok dioenaz? Ezagutzen ez baitut, hezhuntza lanetatik kanpo ibili bainaiz, isildu egin behar nuke. Hala ere, Iñigo badira zure idatzi horretan on baino kalte gehiago egin dezaketenak: “Begiak irekiz geroz, badira baikor izareko….” esaldi guzia.
    Nik egunero egunero, bazter txoko, ostatu, batzarre, plazetako haur, guraso euskaldun… ikusten, belarria jartzen, irakurtzen dituzten liburu, egunjari… kontsmitzen duten zine eta telebista… EZKOR izateko ziorik esterik ez dut ikusten

  • Eta autokonplazenzia eta baikortasun ustel eta gezurti horrek honeraino eraman gaitu
    Ezerezera