Trending Utopic
Trending Utopic –
Ez lekua, existitzen ez dena. Gizarte ideala irudikatzen duen irla faltsua. Eginezina den fantasia irudikaezina. Mundua izatea nahiko genukeen ikuspegi positibo irreala. Egungo munduaren alternatiba edo mundu paraleloa. Leku perfektua. Gozokien paradisua.
Momentuko poza, berehalako asebetetzea, bete ezinezko nahiak, bapateko norgehiagokak, mirarien itxarongelak… Momentuan momentukoa bizi eta datorrena datorrela kamaleoien antzean moldatzea. Behin eta berriz poza birdefinitzea. Hau ote da gaur egungo joera nagusia?
Susmoa daukat ez ote gaituzten hezi mundu utopiko batean, ez ote garen etorkizunean irla fantastiko batean bizitzeko prestatuak izan. Mina ekiditen dihardugu egunero, doluen izpi ñimiñoenak ere izkutatzen. Hare gehiago, inork gaizki gaudenik ez somatzeko bizitza irrealak argitaratzen ditugu maiz.
Aurreko batean, mezu negatiboak idazten zituelako jarraitzaileak galtzen ari zela txiokatu zuen #Enekopedia traolaren sortzailea den Aintzane Muguruzak, sare soziala agurtu eta alde egin zuen jarraian. “Onerako danak hor, txarrerako iñor” (ene amak esana), ez zaigu gustatzen mezu negatiboak irenstea.
Esate baterako, noiz izan zen norbaiti bere bizitzaz galdetzean, gaizki zegoela erantzun zizuten azken aldia? Ni ez naiz oroitzen, normalean “ondo”, “dena ondo”, “betikolez” ihardetsi izan didate eta dut. Kontrakoa esan izan dudanetan jasotako jarrerek ez ninduten askorik lagundu, gainera. Baina badaukat, ordea, praktikan jartzeko asmoa.
Zergatik ez mintzatu kezkatzen gaituen horretaz? Zergatik arazoetaz alde egin horrela desagertzen ez badira? Hainbat itaun idoro gabe…
Espero dudan bakarra, zera da, utopian bizitzeko joera hau gizaki alienatuz beteriko distopia bat ez bilakatzea, baina tira, mirarien itxarongelan aurkituko nauzue bitartean…