Liburuak

Liburuak –

Gaur ez nekien zertaz hitz egin. Ohiko gaiez asper-asper eginda nago, nahiz garrantzizkoak izan, eta agian zuek ere. Umore ilunez jartzen naute azken aldian berriek. Egun triste samarrak igarotzen ari naiz akaso, beharbada noizean behin izaten ditugun bolada horietako bat izango da.

Liburuak

Hamaika gauza egin daitezke ondo sentitzeko. Areago, ezer ere ez duzu zertan egin behar. Ez da nahitaezkoa ondo sentitu beharra (edo ondo sentitzen zarela erakutsi behar finjitu hori).

Musika, zinea, kirola, lagunekin egotea… Ez dago aukeratu beharrik.

Liburuak dira bizitza osoan zehar ondo sentiarazi didaten munduetarik batzuk. Errealitatetik ihes egiteko, errealitatea hobeto ulertzeko, errealitatea hobeto azaltzeko erabili izan ditudanak.

Liburutegien eta liburudenden zalea naiz, mota guztietakoak ditut gogoko. Beti egon naiteke gustuko zerbaiti begira. Besterik ez bada, erakargarri zaizkidan liburu ezezagunei, irakurri eta gustuko izan ditudan liburuei; oroitzapen konkretuak ekartzen didaten liburuei… Oraindik gogoan dut lehenengo irakurri nuen liburu “handiaren” usaina (gure aita maiteak oparitu zidana).

  1. H. White idazleak “Camelot” bere liburuan Merlinen ahotan jarritako aholkua jarraitu nahi izan dut beti, ni Arturo ez izanagatik, eta beti balio izan dit: zure bizitzako une zailetan, ikasi zerbait; mundua zure inguruan zatika erortzen bada, maite dituzunak galtzen badituzu, ikasi zerbait eta horrek lagunduko dizu.

Egile txikienarengandik eta txarrenarengandik ere ikasi egiten dela esaten zuen Umberto Eco-k bere “Nola egin tesi bat” liburuan, gauzak zelan ez egin besterik ez bada…

Ba, nik, liburu eder bat irakurri dut asteburu honetan, ezagutzen ez nuen Mary Eleanor Wilkins Freemanen ipuin fantastiko batzuen bilduma, “La Biblioteca de Carfax” argitaletxeak argitaratu duena gaztelaniaz. Eta hara non, liburua bukatu eta orri zuri bat pasata, Edith Nesbitek “The Wonderful Garden” liburuan idatzitako hitz batzuk zekartzan: Ez dago loturarik, liburu berdinak irakurri eta gozatu dituzten bi pertsonena bezalakorik.

Eta zuk, entzule, zelan ikasten eta gozatzen duzu? Ahaztu nire esate eskas hau eta ekin aurrera zure bidetik!

Liburuak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude