Transcreativako Sormen Poloak hasi dira

  • 18 eta 30 urte arteko 41 gazte ari dira formazio programan parte hartzen
  • Dantzaz Konpainia eta EIKEN Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak proposatutako erronkak gauzatu beharko dituzte

Sormen Poloak martxan dira. Zuatzuko PIA egoitzak hartuko ditu gaur Transcreativa egitasmoak antolatu duen formazio programako 18 eta 30 urte arteko 41 gazteak. Bi talde izango dira: goizekoa, 23 lagunekoa, eta arratsaldekoa, 18 lagunekoa.

Gaurtik hasi eta datorren azaroaren 20ra arte, parte-hartzaileek Dantzaz Konpainiak eta EIKEN Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak proposatutako erronkak gauzatu beharko dituzte. Goizeko taldeak, Dantzaz Konpainiak aurkeztutako erronkari aurre egin beharko dio. Kasu honetan, Dantzaz Konpainiaren komunitatea sortzea –ikusleak, bazkideak, enbaxadoreak, eta abar– eta eurekin harremana sustatzea konpainia babesteko eta konpainiaren biziraupena bermatzeko.

Arratsaldekoek, berriz, EIKENen erronka izango dute aztergai. Euren erronka hauxe da: Ikus-entzunezkoen alorrean, profesionalak eta profesionalak ez direnen arteko lan-metodologia garatzea ikus-entzunezkoen merkatuak ezartzen dituen beharrei erantzunez.

Horretarako, parte-hartzaileak lauzpabost laguneko taldetxotan banatuko dira. Talde txiki horiek diziplina anitzeko gazteekin osatuko dira, perfil ezberdineko gazteak elkartzea irtenbide egokiena lortzeko formularik eraginkorrena baita. Taldeek tutore baten laguntza jasoko dute; bere zeregina izango da erronka gauzatzeko lan metodologia azaltzea, talde dinamikak antolatzea, eta nola ez, laguntza eskaintzea eta talde-lana gidatzea.

Sormen Poloetan izena eman duten gazteen soslaia honakoa da: 18 eta 30 urte artekoak; langabetuak, baina goi mailako ikasketekin (Zuzenbidea, Administrazioa eta Enpresa Zuzendaritza, Ikus-entzunezko komunikazioa, Ingeniaritza, Enpresaritza, Arkitektura, Arte Ederrak, eta abar). Taldeak osatzerako garaian, soslaiak kontuan hartu dira ezagutza ezberdinak proiektuaren mesedetan jartzeko, eta bakoitzak egitasmoa bere ikuspegitik aztertzeko.

Sormen Poloen ezaugarri nagusiak bi dira: batetik, konpetentziatan oinarritutako formazio saioak direla; eta bestetik, lan metodologia: “learning by doing” y “solving problems”, hots, egiten ikasi. Beste ezaugarrietako bat, hau ere berritzailea, enpresak eta gazteak harremantzearena da, kolektibo honen enplegagarritasuna sustatuz. Azpimarratzekoa da, era berean, Sormen Poloetan bi enpresek aurkeztutako erronkak errealak direla, hots, benetako egoerak irudikatzen dituztela. Hortaz, teoriaz haratago, gazteek kasu praktikoekin trebatzeko aukera izango dute.

Sormen Poloen bigarren edizioa azaroaren 20an amaituko da. Egun horretan lantalde guztiek garatu dituzten proiektuak aurkeztuko dizkiete Dantzaz Konpainiari eta EIKEN Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrari. Parte-hartzaile bakoitzak diploma bana jasoko du, sesioetan parte hartu duela ziurtatuz.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA