Sindrome berri baten albiste

Uste dut munduan lehenengoa naizela Internet eta mugikorren garaiko sindrome berri horietako bat sentitzen. Lehengoan gertatu zitzaidan, Jon Arretxeren Hutsaren itzalak azken eleberria irakurtzen niharduenean.

bateriak

Lehendik ere gaitz garaikide horietako batzuk ezagunak zaizkit, Google efektua, esaterako: zertarako ibili memoria zamatzen baldin eta dena badago klik baten aukeran? Gauza beretsua gertatzen da zatiketa eta biderketekin ere: zertarako ibili buru-korapilo horiek egiten baldin eta kalkulagailua beti badago eskura? Edo telefono zenbakiak buruan gordetzen, agendak horrexetarako egonda?

Jakina, lurra goldatzeko erabiltzen ez den goldea uhertu egiten da eta nire burua ere halaxe ari da gero eta blandiblup tankera handiagoa hartzen.

Finean, aurrerapen teknologikoak atzerapen fisiologikoa ezartzen die nire gaitasunei, eta hori, adinak berez dakartzan kakazaharrez gain. Erran nahi baita, kontua ez dela soilik Googleren aitzakian gauza berriak ez txertatzea memorian, horri gehitu behar zaio lehen ganbaran gordeta zeuden hitzen bila joandakoan, ez direla espero dituzun lekuan egoten eta, hala, lagun baten izena, edo gauza batena, edo zernahirena, aurkitu ezinda ibiltzen zarela, Alzheimerrak harrapatu zaituelakoan.

Zorionez zeure adineko lagunekin zintzo xamar mintzatzea aski izaten da ikusteko degenerazio humano orokorra baizik ez dela, gainbehera biologiko bat baino ez, teknologiak areagotutakoa. Izan ere, Internet baino lehen, ahaztu egiten zena, betirako geratzen zen ahaztuta. Horregatik ezin zen ezer ahaztu. Orain ez, orain dena dago gordeta Googlen, Wikipedian eta enparauetan. Ezer ez da sekula desagertzen.

Dena dela, nire sindrome berri honek zerikusi handiagoa du telefono eramangarriarekin, nik kilkerra deitzen diodan tresna ezinbesteko horrekin.

Zuetako askok bezala, Nomofobia dut nik ere (No Móvil Fobia), kilkerra non dagoen ez jakiteak eragiten duen kezka eta izu hori . (Seguru asko, euskaraz Muezfobia beharko luke izan gaitz horrek: Mugikor ezaren fobia).

Badakit gazteagoek beste gaitz mordoa ere badutela, whatsapak eta enparauek izugarriak eragiten dituztela. Honez gero horiek guztiak ez ditut nik harrapatuko, ospa egindako gaztetasunaren urak errota zenbait ez baitu mugiaraziko jada.

Baina nik neure baitan aurkitu dudan gaitz edo, bederen, ezinegon baten berri eman nahi dizut, irakurle. Esan bezala, banenbilen Jon Arretxeren eleberriko orrialdeetan galduta, eta hara non aurkitu nuen ostera ere Toure afrikarra, Bilboko San Frantzisko auzoan bizi den ikerlari-aztia. Burkina Fassokoa, bera.

Kontua da atzera eta aurrera dabilela nobela guztian Toure. Beti dago kalean, edo auto batean sartuta, edo trenean edo halakoetan. Alaba datorkio Parisetik eta haren dei baten zain dago, desagertu egin baita bidean. Egia esanda, gauza askotarako erabiltzen du kilkerra Tourek, bai Iparraldera joandako bere neskalagunarekin mintzatzeko, lagunei mesedeak eskatzeko… Labur esateko, ezinbestekoa du kilkerra Tourek, biziko bada. Telefonorik gabe, galduta legokeela, alegia. Neu bezalaxe.

Baina beldur hori ez da berria, lehen ere esan dugu  Nomofobia ezaguna dela.

Nire sindromea sotilagoa da eta gaitzagoa, irakurle. Izango da segituan agortzen den  aspaldiko kilkerra erabiltzen dudalako edo nik ez dakit zergatik, angustiaturik irakurri nuen eleberria edozein unetan Toureren telefonoa bateriarik gabe geratuko zela pentsatuz. Orrialde bat pasatzen nuen bakoitzean, Arretxek bateria kargatzen jarriko zuela pentsatzen nuen, bestela ezin izango baitzuen Tourek bere alabaren zorigaitzik konpondu, eleberriaren hari okerrik zuzendu…

Eta hala, Arretxe idazlea bere pertsonaiaren telefono-bateria kargatzeaz ahazten zen bakoitzean, nire itotasuna gero eta zen handiagoa, gero eta sakonagoa, gero eta beltzagoa…

Ezin nuen itolarria jasan eta  lerroetan azkar egin nuen aurrera, Toureren telefonoarentzat entxufe egoki baten bila. Baina bai zera, han ez zen inon entxuferik agertu eta esan dezaket, Toureren ibilerek sortutako zirraraz gain, inork uste gabeko MacGuffin batek bultzatu ninduela lerroetan aurrera. Beste modu batean esanda, Bateria Hutsaren Sindromeak irentsi ninduen erabat.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)